EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Diario Vasco

1999-03-06 Mundua adierazteko grina | Felipe Juaristi

Nobela, azken finean, mundua adierazteko grina letra bihurtua baita. Norberaren mundua: ikusi eta entzun, bizi eta amestu egiten dena; barruan edo kanpoan dagoena. Adieraz daitekeena, norberaren hitzez. Pako Aristi saiatu da behintzat bere mundua adierazten. Ez dut esan nahi aurreko nobeletan horrelakorik egin ez duenik, baina honakoan nabarmena da barruan daukana kanporatzeko ahalegin eta nahia. Horregatik da nobela hau desberdina. Orain artekoetan, Kcappo ospetsu hartatik hasita, kanpokoa zen gehienbat adierazi nahi zen mundua: idazlearengandik apartekoa, idazteko ekimenez idazleak beretzat hartzen zuena.

Asmoa ere anbiziosoagoa da oraingoan. Herri baten historia kontatu nahi da, hastapenetatik orain arte igarotako denboran gertatutakoa azaldu. Baina nola jakin zer gertatu den idatzi aurretiko garaietan? Mitoaren barrunbean aztamuka ibili eta aztarnak aurkitutakoan, haiek azpikoz gora jarritakoan. Mitoak bere lekua betetzen du nobela honetan, gehiegizkoa behar bada, baina badu logika pittin bat, lotura egiten baitu lehengo eta gaurko garaien artean.

Nobela ezohikoa da, hori ere esan beharra dugu. Zatika bezala idatzita dago (gaur egun ez baitago den-dena biribilduko duen begiradarik). Begirada asko dira, txikiak eta laburrak derrigor, baina denen artean errealitatearen ispiluarena egiten dute, errealitatea osatuz. Errealitatearena, zentzu orokorrean hartu behar den konzteptua da, pasarterik errealistenen artean bai baitira magikoak, poetikoak, diren beste batzuk.

Hizkuntza ere besteetan baino landuago, trinkoago, ageri da nobela honetan, Pako Aristik behar duena adierazteko hitz gehiago (orrialde gehiagoz gainera) beharko balitu bezala.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta