EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Egan

2004-03 Libreta horiko poemak | Pello Otxoteko

“Belaunaldi baten astintzailea”. honela definituko genuke Pako Aristi liburu hau irakurri ostean. Dudarik gabe, 2003. urteko liburu interesgarrienetako baten aurrean gaude. Zirrara sortzen digu lehenengo momentutik hasita; darabilen gaiak, esateko moduak, kontzientziak kitzikatzeko grinak, jarrerak aldatzeko ahaleginak,… hauek guztiak lirika eder honetan barneraturik topatuko ditugu. Dena dela, bereziki belaunaldi zehatz bati zuzenduriko testua delakoan nago, bere edukiak edonori baliagarri gerta baitakizkioke ere. Batzuei sorkuntza mota hau arbuiagarria eta interes gabekoa irudituko zaie, baina nire ustez ederra eta beharrezkoa da.

Duela urte batzuk, Giorgio Agamben-ek sorkuntzaren arazoari buruz zioen (greziarrek poiesis zioten hari buruz), poiesis-aren eta praxis-aren eztabaidan, bien arteko muga hori oso lausotua zegoela eta funtsean, gauza berbera zirela: “Gizakiak gure planetaren gainazalean baldintza edota izaera poetikoa dauka, hau da, izaera produktiboa. Beraz, gure garaian artearen etorkizunak duen arazorik nagusienak, artea den ekintza hau gizakiaren aktibitate produktiboarekiko askaezina kontsideratzera bultzatu gaitu. Modu honetan, gizakiak edozein ekintza burutu duenean bere osotasunean zerbait produzitu du. Ohiko iritziaren arabera, gizakiaren ekintza oro —bai artistarena edo artisauarena, bai langilearena edo politikoarena— praktikoa da, hau da: efektu konkretu baten borondate produzitzailearen adierazpena. Gizakiak planetan izaera produktiboa edukitzearen arrazoiak, munduan bizitzearen baldintzak izaera praktikoa duela adierazi nahiko luke”.

Honelaxe ikusten dut Pako Aristiren poesia gure literatur panorama orokorrean: sortze prozesu bat, produkzio bat da, baina era berean bere jarrera probokatzailea da, astintzailea, jarrera “enbotatuaren” salatzailea, estetika praktikoaren aitzindaria. gainera, berak honela aitortzen du: “…nik barruan astintzen duen zoriona maite dut, / ez kezkak baretzen dituena.”

Salaketa nagusi bat azaltzen da liburuaren barne-barnean: norberaren kontraesanen aurrean hartzen den jarrera, hots, esandakoaren eta egindakoaren artean kontsekuentea ez izana. hortxe kokatzen du bere drama, ba!ta belaunaldi oso baten drama ere. Berak gainditu duela dirudi, baina, zer gertatzen da besteen kasuan? Honen adibidea lerrook:

“Bohemioa eta burgesa
borrokan bizi dira nire baitan,
eta borroka horrek ni
aberastu egiten nau.”
Gainditzeko moduetako bat sorkuntza da. Aitzitik, errealitatearen aurrean ez du etsitzen eta asmo horretan egileak, batetik, bizitzaren esanahia azalduko zaio eta, bestetik, idazlearen patu petralarekin aurrez aurre tupust egingo du:

“Bizitza besterik ez ote den
susmoa hartua daukat:
hitzen esanahia ezagutzea,
sentimenduak bereiztea,
gure ekintzen ondorioak neurtzea,
eta hori guztia egiten ikasi dugunean
amaierara iritsi garela ikustea.”
“Eta gehiago:
amodioaz ari dela
antzeman gabe
amodioaz hitz egitea,
eta mezua zein den erakutsi gabe
bihotzaren hezurra jotzea.
Horra idazlearen lanik zailena:
jendeak behar duenari erantzutea.”

“Isiltasunak zoriontsuago egingo ez ote gaituen
ikararekin idazten dut.”

Eta salaketak egitea librea eta zilegia da, betiere besteen erabakiak baldintzatu gabe. Izan ere, ideia edo jarrera batzuekiko atxikipena azken muturrera eramanez gero gizakiaren alienaziora baitaramate, jarrera edo ideia hauek edozein direlarik. Gizaki orok askatasuna behar dugu, baita askatasun hori galtzeko erabakia libre hartzeko aukera ere.

Edonola izanik, jakinduriazko lurrinak xamurki gozatzen ditugu maitasuna, laguntasuna, bakardadea, beldurra eta holako gaiak jorratzen dituenean. Horietako batzuk era berean, profetikoak edota irakaspen modukoak dira. Guztien artean bi aipatzearren:

“Bizitzako lorpenik garrantzitsuena hori da:
zeure burua zeure aurrean interesgarri agertzea.
horrek bakarrik dakar
bakardadearekiko beldurraren amaiera.”
“Desagertzeak eskatzen duen indarra pilatu arte
munduan nago, eta gogo handirik gabe
betetzen ditut bizitzaren erritu guztiak.”

Poema askotan Aristik berariazko indarraz hasi egiten da, modu honetan berehala harrapatu eta lerroetan barneratzera bultzatzen zaituelarik:

“Bizitza gure ulermenari iheska dabil askotan.”
“Prest al gaude gure bizitzako egiak entzuteko?”

“Ezin dut eraman gizarte honek etengabe egiten duen
diruaren apologia ankerra,
denek akritikoki ontzat ematen dutena.”

“Gure gizarteak deseoak sortzeko lantegi erraldoia da.”

Poema ederrenetako batean, nire ustez liburuko ederrenetarikoa bai berau duen mezua eta bai bizitzan eduki beharreko jarreran bete-betean asmatzen duelako, orain arte aipaturiko jarrera estetikoaren paradigma dela uste dut. Horretaz aparte, erresistentzia mota baten aldarrikapena dago (kontrakoa iruditzen bazaigu ere), eta era berean astintzen zaitu. hortxe dago benetako gakoa eta meritua, izan ere, azken finean poesia horixe baita: erresistentziaren artea!

“Eta dena jakina zaigunean,
elkarrizketa guztiak
ezagunak zaizkigunean,
barre algara guztien makinaria
aztertua dugunean,
milaka aldiz entzundako
gaurko hitzen pisu astunak
mundua are gogaikarriagoa
bihurtzen duenean,
ez dago beste zereginik:
isilik egotea,
ardo on bat dastatzea
eta puruaren kea urrun jaurtitzea,
oroimenak hurbil dakizkizun
bere begiradaren aire urdinean.”
Horregatik oso beharrezkoak dira honelako ariketak, hausnartzeko eta geure buruen gaineko kokondoak mugitzeko, astinketa honekin kokoak buruaren gainera eror dakizkigun eta geure ideiak ebaluatzeko, eta garai bateko planteamenduen arabera zer ginen, zer garen eta zer izango garen alderatzeko. Hau dena ikusirik eta kontutan harturik, gehiengo baten masa kopuruari men egiten diogun ala ez jakingo genukeen. Horregatik, arestian nioen Pako Aristiren proposamenean estetika praktiko baten jarrera dagoela, gustatu ala ez gustatu onartu behar duguna, eta norberaren jarreren hausnarketan lagungarri izango zaigulako. Eta hausnarketa ostean poiesis eta produkzio berri bati aurre egiteko eta ekiteko prest azalduko gara, funtsean denok izaki sortzaileak baikara.

Hain zuzen ere, sortzearen ekintza horretan, produzitzearena alegia, gizakiak alderdi asko betetzen ditu (horietako bat poesia delarik). Eta Pako Aristiren poiesis aktibitateak estetika berezia dauka, hots, produzitze bat da baina lirismoz jantziriko jarrera baten aldarrikapena ere bada. Horregatik aipatu dut lehenago, bere poesia “estetika praktiko” baten barruan kontsideratzen dudala, hau da, ez du mezua fondoan eta forman soilik igortzen, eguneroko bizitzan mezu hori praktikara eramateko gonbidapen behartua plazaratzen digu.

“… ilargi betearen gorazarrean piztutako suaren aurrean
ni zoriontsu izango nintzateke,
hitzaren gure aurreko azti zaharrek
nirekin lortu zuten mirari zaila
lortuko bainuke belaunaldi berriengan.”
Azken honetan desira bat ere azaltzen du, esperantza positiboz beteta, etorkizun hobeago baten bila. Zalantzarik ez dago Pako Aristiren nahia eta gogoa erabat txalogarria eta laudagarria dela.

Denetatik aurkituko dugu poema liburu honetan. Harkaitz Canok liburuaren aurkezpenean zioen poema bakoitza pizti ttiki baten antzekoa zela, norberaren kontzientzian bazterrak nahasteko eta hautsak harrotzeko ahalmena eduki zezakeena. Beraz, piztitxoak poemak dira, eta poemak piztitxoak. hauetariko batzuk luzaroan oldoztetan aritzeko parada eskaintzen dute; polemikoak, kritikoak, hunkitu gabe uzten ez zaituzten horietakoak. Egia esateko, afalosteko edozein tertuliatan eztabaidagai bihur daitekeen proposamen osoak dira, lasai asko goizaldeko ordu ttikienetara eraman eta hizketaldi luzeetan iraun dezaketenak.

“Ai zer plazera
zer ordu den ez jakitea,
aukera on bat galtzea,
lan debalde egitea,
gizartearekin lotura txikienik ere ez edukitzea.
Ai zer plazera
kapitalismoari bere armekin
kontra egitea.”
“Erosteko gure ahalmenetik bizi den
lantoki erraldoia da gizartea,
eta publizitatea erabiltzen du erosten ez badugu
gu gaizki sentiarazteko, guk, liluraturik,
erosteko aukera amaigabeari
askatasuna deitzen diogun bitartean.”

“Hau da Euskal herria:
burges putaz beteta dagoen
munduko herririk iraultzaileena.”

Bukatze aldera, aitortu behar dut berak gomendatu ez bezala, aldiko poema bat baino gehiago irakurri dudala. Dagoeneko kezkaturik nabil Pako Aristiren maldizioak harrapatuko ote nauen ala ez pentsatzen, eta liburuak hatzak jango dizkidanaren beldurrez hementxe amaitzen dut nire txanda.

Irakurle, ez zaitez Pako Aristiren liburua irakurri gabe geratu; baina poema bat baino ez aldiko, ez gehiago!

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta