EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Diario Vasco

2004-02-01 Libreta horia | Aritz Gorrotxategi

Apika, Concceta Probanzak izango zuen errua. Padroni maitasuna, eta Aristiri libreta oparitu ziolako. Edo libretak saltzen dituen dendariak. Edo libretak egiten dituen langileak. Zalantzarik gabe, perbertsioak gustuko ditugu gurean. Errudunak bilatzea bezalako perbertsio txikiak. Ezintasunak exortzizatuko baditugu, ezinbestekoa da ariketa hau. Mina gainetik usatzeko.

Eta badirudi, Aristik idatzitako “Libreta horiko” poemek min ematen dutela. Batzuei, behintzat. Diagnostikoak egitetik bizi diren belaun-sendatzaileek ez omen dute atsegin diagnostikoen subjektu bihurtzea. Medikutik gaixorako pausoa mikatza da. Darabilzun sendagarri bera pairatzea, alegia.

Batagatik edo besteagatik, hautsa harrotu du Aristiren liburuak. Eta hori, poesia liburua dela kontua hartuta, bada zerbait. Izan ere, poesiaren muina, zerbait izatekotan, ariman zauriak eragitea da. Barruko arantzak erauztea. Gogoeta sustatzea.

Jakina, horrek min eman dezake. Eta min ematen du, antza. Biluztu egiten zaigu Aristi poema-bilduma honetan. Gorputza hitz bihurtu, egi pusketak xehatzeraino.

Nik gozatu dut “Libreta horiko” poemekin. Lurrean erroturiko mistika sozial zorrotz horrekin. Beharbada, “Libreta horiko poemak” ez da euskaraz idatzi den poema libururik borobilena. Baina badu indarra, erraz iristen da irakurlearengana eta ondo idatzia dago. Zuzen eta alferrikako apaingarririk gabe. Su hartzen dute poemek esku artean. Metro karratutik haratago esploratzera gonbidatzen gaituzte.

Institutu garaiko “poema bat=buruketa bat” sindromepean daudenek estimatuko dute liburua. Genero honekiko duten nozio okerra zuzentzen lagunduko baitie Arestiren liburuak. Barka, subkontzienteak akats txiki hau eginarazi badit.

Irakurzaletasuna sustatzeko ardura hain hedatua dagoen honetan, estimatzen da horrelako liburu bat.

Atzo bertan, kaletik nindoala, 16 urteko neskatila bat ikusi nuen eserleku batean “Libreta horiko poemak” irakurtzen. Ez da hain albiste txarra.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta