EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Gara

2009-03-22 "Eskolak birrindu egiten du denok berez dakargun indar sortzailea" | Ane Arruti

gara

Idazle, kazetari, umorista, gaita-jotzaile, poeta eta orain, irakaslea ere bai. Pako Aristi urrestillarrak liburu bat kaleratu berri du: Elurte bateko ipuinak (Erein). Elkarlanean idatzitako liburua izan da, Donostiako Intxaurrondo ikastolako hamaika urteko 21 haurrekin batera idatzi baitu. Euskal Idazleen Elkartearen Idazleak ikastetxeetan programaren ondotik etorri da.

Pako Aristiri 21 ipuinez betetako gutun-azal bat iritsi zitzaion Urrestillara. Ikastetxe askotan esana zien haurrei, istorioak idatzi eta bidaliz gero, liburu batean bilduko zituela. Donostiako Intxaurrondo ikastolako ikasleek, esan eta egin, eta Pakok ere esana bete behar. Elurte bateko ipuinak da elkarlan horren emaitza.

«Buffff!» luze batekin hasten duzu liburua. Hain gogorra izan al da?

Adarra jotzeko egiten dut. Liburua umore puntu horrekin dago enfokatuta. Haurrei asko gustatzen zaie adarra jotzea. Ikastoletara joaten naizenean, Idazleak ikastetxeetan programaren baitan, haurrak «rallada bat izango da» pentsatuz etortzen dira, zerbait lehorra, serioa. Hasieratik adarra jotzen hasi, eta berehala identifikatzen dira eta ondo erantzuten dute.

Idazleak ikastetxeetan programa aipatu duzu.
Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duen programa bat da. Izena eman, eta elkarteak ikastoletara bidaltzen du bisitan joateko prest daudenen zerrenda. Gero, ikastolak aukeratzen du idazlea. Harremanetan jarri eta zita egiten duzu hara joan eta ikasleekin tertulia bat izateko. Ordurako zure liburuak irakurtzen dituzte, galderak prestatu, batzuetan marrazkiak, komentarioak, Internetetik zure biografia ateratzen dute...

30-40 haur; batzuk adi, beste batzuk ez...
Batzuk interesatuta egoten dira, besteak, ez hainbeste, eta beste batzuk, pozik, klaserik ez dutelako. Nobedade bat da, ordubete ezberdin bat. Nik ere galdera asko egiten dizkiet. Zer gustatzen zaien, ea pentsatu duten zer egin gero, irakurtzea gustatzen zaien ala ez, eskolara etortzea gustatzen zaien... Nik esaten diet niri eskola ez zitzaidala batere gustatzen txikitan, eta orduan hasten dira, «guri ere ez!». Dialogo interesgarri bat sortzen da, eta asko ikasten duzu. Batez ere, bederatzi, hamar, hamaika urte dituzten gaztetxo horiengandik.

Eta hortik irten da Elurte bateko ipuinak.
Galdetu zidaten, «aizu, Pako, egingo al zenuke liburu bat guri buruz?». Ezagutu gabe ezin nuela idatzi erantzun nien, baina tratu bat proposatu nien: «Zuek idatzi istorio bat, pasa zaizuena edo asmatutakoa, eta sartu guztiak gutun-azal batean. Jarri hor `Pako Aristi, Urrestilla' eta jasotzen ditudanean, orduan egingo dut liburua zuei buruz». Urte askotan errepikatu dut hori bera hainbat ikastolatan, eta inoiz ez didate ezer bidali. Hauena izan da lehenengoa. Neurri handi batean, irakasleak bultzatu zituelako izan zen, gainean egon zelako. Azpimarratzekoa da Axun Usarralde irakaslearen lana.

Mozkorrek eta haurrek ez omen dute gezurrik esaten.
Oso egiazaleak dira, oso nobleak, freskoak... Zure irakurleak ere badira, eta haiek esandakoak gero zure testuetan erabil ditzakezu. Adi egon behar duzu zer gustatzen zaien, zer ez... Orain dela gutxi deskubritu dut, esaterako, bukaera txarrak gustatzen zaizkiela gehienei. Hegazkin bat baldin badago, itsasora erortzea eta marrazoak denak jatea dibertigarria iruditzen zaie. Nik eta idazle gehienak bukaera onak ematen ditugu normalean. Arazo asko pasa ondoren -eskema tradizionala-, ondo bukatzen da. Badirudi, ordea, umeentzako liburuak gaizki bukatzea ez dela heziketaren onerako, ez dela eredugarria, baina kuriosoa da. Askotan umeak teorien beste muturrean daude. Uste dut, ez diegula behar adina entzuten.

Gustatu ez zaizun zerbait entzuterik tokatu al zaizu?
Egia esan, ez dut sustorik izan. Hala ere, gauza batek harritzen nau: galdetzen diedanean zer izan nahi duten handitan, idazle ez du inork izan nahi. Albaitari izan nahi dute, ile-apaintzaile, modelo, futbolari, pilotari, irakasle, abenturazale... baina «idazle izan nahi dut» ez du inork esaten.
Iaz hogei ikastola pasa nituen eta, gutxi gorabehera, 800 haurrei egin diet galdera bera. Bada, inork ez du esan idazle izan nahi duela. Eta horrek bai moskeatzen nauela. Zer iritzi duten idazleez, idazlearen figura nolakoa den haien buruan... Iruditzen zaie tipo serioa, bakartia, ez dute inongo identifikaziorik. Ez da diru asko irabazten duen inor, ez da goapoa, ez da ospetsua, tarteka norbait azaltzen da telebistan, baina beti ulertezinak diren azalpenak ematen, aspertu aurpegiarekin ikusten dituzte, bizarra gaizki moztuta, gizenduta eta, batez ere, gizonezko bezala ikusten dute idazlea.

Honelako programekin jarraitzea beharrezkoa ikusten al duzu ikuspuntu hori aldatzeko?
Irakurketa bultzatzea eta liburuekin harreman samurragoa edukitzea da helburua. Eskolak behartu egiten zaitu irakurtzera, eta ikasketak utzitakoan irakurtzea ere utzi egiten dute gazte gehienek. Programa honek liburua maitasun gehiagorekin hartzera bultza dezake, gero idazlea etorriko den ilusioarekin. Bestalde, ni saiatzen naiz bizitzari buruzko ikuspuntu ezberdin bat gaineratzen. Nire istorioak kontatzen dizkiet, haurra nintzenekoak, nola bizitzen nituen gauzak... Nire ikuspuntua guztiz anarkista da: eskola faxista da, gurasoak erabat autoritarioak... Ikuspuntu ezberdinak dituzte horrela, eurek aukera dezatela gero.

Eskola faxista.
Hala da. Haur hauek daukaten freskura sortzaile hori eskolan birrindu egiten da. Nire liburuan 21 haurrek parte hartu dute. Haur hauek, hamaika urterekin, badakite ipuin bat idazten. Denek idatzi dute eta nahiko ongi gainera. Hogei urterekin, ordea, ia inork ez du jakingo. Eskolak birrindu egiten du denok berez dakargun indar sortzaile hori, maila guztietan: idazten, margotzen, musika mailan... Gizarte honetan dirua irabazteko eraginkorrak diren baloreak ematen ditu eta «eskulan» izateko prestatzen zaitu.

Zer pasako da orain Urrestillara ipuinez betetako gutun-azalak iritsi eta iritsi hasten badira?
Agian hasiko dira heldu eta heldu, eta helbidez aldatu beharko dut, «Pako Aristi, Somorrostro» edo horrelakoren bat. Baina ez dut uste. Haurrak momentua bizi du eta pasa denean pasa da. Haurraren psikologiak horrela funtzionatzen du. Oraindik falta zaizkit, ordea, ikastola batzuk!

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta