EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Diario Vasco

1996-11-23 Bizitza eta poesia | Felipe Juaristi

Ez da aurreneko aldia Pako Aristik poemak kaleratzen dituela. Lehenagotik ere ezagutzen genion poemak idatzi eta ondoren argitaratzeko grina. Egia da aurreko hartan poemak eta ipuinak batera kaleratu zirela liburu bakarrean. Baina egia esan behar baldin bada, “Castletown”eko hauek asmoz eta helburuz arras ezberdinak ditugu hango haien aldean. Liburua irakurri ondoren zenbait gogoeta egiteko aukeran gaude. Hasteko, Pako Aristi ez da poeta lirikoa, barne mundu aberats joria, edo-eta kaxkar hitsa, kanporatu nahian dabilena. Ez dut esan nahi barne mundu aberatsik ez duenik, baina hori ez du agertuko poemetan behinik behin. Poeta narratzailea dela esatearekin ere ez dugu harrapatzen Pako Aristiren mundu osoa. Nahasketa baitago liburuan: kanpotik ikusitakoa adierazi nahi digu; eta horrekin batera edo horren ondoan badago pentsamenturako, hausnarketarako lekua ere.

Bi poema klase ikusi ditut nik: poema laburrak, batetik, haiku modukoak eskuarki, ideia edo intuizio baten gainean idatzitakoak: Oso polita da honako hauxe: “Atun lata batean ikusiagatik/ ezagutzen zuen itsasoa; orain, lehorreratzen denean,/ besterik ez du ezagutzen.”

Baina poemarik gehienetan Pako Aristik istorio bat kontatu nahi digu. Sustraia dute batzuek idazlearen beraren oroimeneneko (oroimineko esan nahi nuen) geografia eta denboran: haurtzaroan, hain zuzen. Horretaz, liburu osoko poemarik politena, nire iritzian noski: “Children Memory”. Ez da harritzekoa narratzaile peto batek horrelako poemak idaztea. Estatu Batuetan azken urteetan egiten ari den poesiak (Carverrenak, Bishopenak… esaterako), eguneroko kontuak dakarzta: istorio xumeak, ipuin moduan esateko zailak direnak. Ez darabil Pako Aristik liburu honetan tramankulu metaforiko handirik. Adierazten du adierazi behar duena, ahalik eta elementurik gutxienak hartuz horretarako. Bizia ematen die hitzei, danztan jarrriz segidan. Bada ordea irudi bat markaz kanpokoa: “Elurra da urtearen haurtzaroa”.

Gaiei dagokienez, nagusiak dira sozialak. Pertsonaiei dagokienez, pertsonaiak ageri baitira poemotan, Pako Aristiren mundu erreferentzialekoak dira gehienak: marinelak, amonak, umeak… marjinalak, neurri batean, bakardadera eta isiltasunera kondenatuak. Ahaztu baino lehen esan dezadan, portadako koadroa Concceta Probanzarena dela. Oso polita.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta