EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Berria

2005-03-15 Bizia hitz | Maider Ziaurriz

Gauza txiki eta benetakoei buruz aritzeko premia nabari zaio Pako Aristiri azken liburuetan, eta soiltasunik soilenetik idazten du, apaindura eta artifizio handirik gabe. Izenburuan bertan sumatzen da idazlearen hautua: ez du bilatzen irudi edo hitz joko arranditsurik, ez istorio handirik, gauza txikietan ere bai baita lilurarik, haien edertasunari erreparatzen jakinez gero.

Irakurlearengana errazago iristeko modua ere bada, neurri batean, gauza txikiez idaztea. Horretarako, komunikazioan traba egiten duten hitz eta apaingarri guztiak kentzen ditu Aristik, mezua argi eta garbi ematea baita helburua. Libreta horiko poemak liburuko ildoaren segida da, nolabait, Gauza txikien liburua; gaiak, idaztankera, tonua… antzekoak dira bietan, baina azken lan honetan poemak ez ezik ipuinak eta bestelako narrazio labur batzuk ere sartu ditu.

Egia da Aristiren poemak ez direla oso lirikoak eta oso landuak, baina badute zerbait; errazak dira irakurtzeko, eta aise jabetzen da bat mezuaz. Hori da, gainera, garrantzitsuena; hartara, mezua ulertzen denbora galdu beharrean, hor esaten duenari buruz hausnartzen emango dugu denbora hori, eta begiak irekiko zaizkigu agian, zein gizartetan bizi garen konturatuko gara akaso, eta, beharbada, une batez bada ere, horretaz pentsatuko dugu… Aristiren hitzetan ispilatua ikusiko dugu askotan geure burua, beharbada gauza txikiei buruz hitz egiten duelako, denok inoiz sentitu edo pentsatu ditugun gauza txiki horiek kontatzen dituelako. Azken batean, nahiz eta fikzioa ere badagoen, bere inguruaz eta bere buruaz hitz egiten du batez ere, eta, adibide ezin konkretuagoetatik abiatuz, sentimendu unibertsalak azaltzen ditu; izan ere, geure burua denik eta gauzarik indibidualena dela uste dugun arren, denik eta gauzarik unibertsalena ere bada; eta, nonbait, Aristik badaki inoren konplizitatea lortzeko idazleak inplikatu egin behar duela, eta barrena ireki. Bere helburua ez da testu ederrak sortzea, zerbait transmititzea baizik. Galizian jotzen ikasi zuen gaitari nola, negar eragin nahi die bere idatziei, eta haiekin irakurlearengana iritsi. Gabriel Aresti gogorarazi ziola idatzi zuen Jon Kortazarrek, Libreta horiko poema liburuaz ari zela. Poesia mailutzat jotzen zuen Arestik, eta, funtsean, literatura tresna bat da Pako Aristirentzat ere, jendearengan irria, negarra, gorrotoa, berdin dio zer, baina erreakzioren bat eragiteko lanabesa. Horregatik, ihes egiten du testu hutsaletatik eta ezer esaten ez duten kontakizun azalekoetatik, zenbaitetan polemika sortzaile, probokatzaile eta zirikatzaile izateraino.

Bizia hitz bihurtu nahi du, eta hitz biziak sortu. Benetan balio duenaren bila dabil, eta bizitzan oharkabean pasatzen zaizkigun gauza txikietan aurkitu uste du hori. Baina, ezinbestean, ingurukoekin alderatzen du bere burua, eta lagunak ikusten ditu, ezkonduta, guraso bihurtuta, dibortziatuta, aspaldiko ametsak ahaztuta. Berak, ordea, lehengoan jarraitzen du, urte batzuk gehiagorekin. Izan ere, azkar doa mundua. Horregatik, denborarik gabeko mundua bilatzen du: literatura, alegia; “literaturak denbora ezabatu egiten baitu, eta, mundua, edo idazleen baitan dauden mundutxoak, eskura jarri”. Hala ere, urteek ekarri diote gauza onik: idazle nortasuna aurkitu du, kontatzeko estilo bat, munduari erreparatzeko talaia bat; eta talaia horretatik, apaizek garai batean pulpitutik nola, errieta egiten die gizarteko erosokerietan goxo geratutakoei. Izan ere, kontsumis-moaren amua irentsita ikusten du artalde otzana, eta kritikatu egiten du bizimodu itsu hori, jende gehienaz bestera bizitzea hautatu duen ardi galduak bezala. Horregatik, beti izango du kritikatuko duenik, baina hori beti da oharkabean pasatzea baino hobea.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta