EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Nerea Arrien > Hemeroteca

Hitzen Uberan

2017-12-05 Intimitatea elipsi bat da | Uberan-eko erredakzioa

Hirutter (Erein) nobelako protagonista nagusiak hiru dira: Martin, Gari eta Ines. Batek bideo sexual bat partekatuko du sare sozialetan eta horrek bazter guztiak aztoratuko ditu. "Intimitate motak eta intimitate horiek ezkutatzeko moduak; hortxe dago nobelaren gaia", Lekeitioko idazleak adierazi digunez.

Nerea Arrien: "Intimitatea elipsi bat da"

Sexu irudiz osatutako bi bideo daude Hirutter nobelaren erdigunean. Eta bi bideo horien inguruko endredoan, hiru protagonista. Sarean kateaturik. Zentzu bikoitzean gainera: hirurek osatuko duten sarean, baina baita sare digitalean, ezta?

Bai, badago gainera osagai bat, galdetzen didazunaren sinbolo gisa uler daitekeena. Nobelaren trama piztuko duen emotikonoa: armiarma sare bat.

Amaraun horrek hiruki forma dauka. Eta hiruki horren erpinetan itxarongo du armiarmak, eulia jateko prest. Protagonistak dira bai armiarma eta bai euli. Bipolartasun horretan kateatuta daudelako.

Bestalde, sare digitalak hirukia karratu bihurtuko du, gero, pentagono eta azkenik, erpinak zenbatu ezin zaizkion poligono. Horrela hiruko pribatutasuna publiko bilakatuko da. Dagoeneko, ez daude hiru erpin zorrotz, milaka baizik. Ziztada, beraz, nahitaezkoa da.

Argazkiak, bideoak, mezu intimoak... Interneten beste dimentsio bat hartzen dute ustez pribatuak diren aferek. Dimentsio publikoa, kontrolaezina ere bihurtu daitekeena. Izaera pribatuko harremanek dimentsio publikoa hartu dute eta horrek intimitatearekin du zerikusia. Hori izango da nobela honen gako nagusia, ezta?

Bai, intimitatea da nobelaren muina. Espazio abstraktu hori. Beraz, abstraktuak diren gauza guztiak bezala, muga non dagoen jakitea zaila egiten zaigu. Sexua, adibidez, gure alderdi intimoenetakoa dela barneratuta daukagu. Beharbada, errepresioz betetako urteek lotsatzeko gauza dela konbentzitu gaituztelako edo, auskalo, biologia kontuak. Gauza da, badaudela bestelako intimitateak, mingarriak, sotilak…ñabardura haina. Protagonisten kasuan, adibidez, haurtzaro zailek utzitako arrastoak, desafekzio konplexuak edo egongela eta sukalde arteko pasillo hutsak. Horiek ezkutatzen saiatzen dira nobela osoan zehar. Sexuak baino pudore gehiago sortzen dien hori, eremu pribatuan gorde ezinik.

Ez da erraza eremu pribatuaren kudeaketa, norberak zehazki ez dakienean pribatua zer den. Norberak, bere barruan dituen hutsak publiko bilakatzeko zailtasunak dituenean. Sare sozialek gabezia eta ezintasun hauek, oraindik, ageriagoan jarri dituzte. Erakusleihoa handiagoa delako eta honek ahuldu egiten gaituelako. Baina pribatu eta publikotasunaren muga, kontu zaharra da. Orain, txutxu-mutxua erraldoiagoa da, aho-belarri tartea laburragoa eta mugikorreko botoia megafonoa. Nire ustez, norbere barruko mugak ezagutzen baditugu, anplifikazio efektuak indarra galtzen du. Boterea kentzen diegu sare sozialei edo behintzat, beraien alderdi negatiboei. Horregatik, protagonisten erronka beraien alderdi intimo horietaz jabetzea izan da.

Hiru dira Hirutter nobelako protagonista nagusiak: Martin, Gari eta Ines.Bakoitzak bere izaera propioa duen arren, ausardiatik beste koldarretik dute hirurek.

Intimitatea ezkutatzeko ahaleginetan, protagonistek oskol bat eraiki dute. Rol bat hartu edo estereotipo batekin identifikatu. Horren atzean ezkutatu dute beraien intimitatea. Eta azkenean, ezkutaleku barruan galdu egin dira. Ez dira gai izan beraien benetako izaera topatzeko.

Estereotipo horiek dira sare sozialen totemak; han denok garelako ausartenak, guapoenak eta politikoki zuzenenak.

Gaur egungo beste arazo bat  off line eta on line bizitza ez bereiztea da. Batean, kareta janzten dugu eta gero, ahaztu egiten zaigu, bestean, kentzea. Horixe bera gertatzen zaie nobelako pertsonaiei.

 

 

 

Esplizitua vs Elipsia

Kontatzen dena bezain garrantzitsua da kontatzen ez dena. Inesen amak, uste baino paper garrantzitsuagoa beteko du. Sarari buruzko datu gutxi batzuk baino ez ditugu jasoko. Irakurleak bere imaginazioarekin osatu behar du pertsonaiaren soslaia. Eta hor norberaren esperientziak sartzen dira jokoan, ezta?

Intimitatea elipsi bat da. Eta ezkutatu nahi denak ematen dio neurria elipsi horri. Beraz, elipsi labur, ertain eta luzeak posibleak dira. “Esaten ez denaren” presentzia handia dago nobelan. “Esaten ez denak”, agerikoak baino kuriositate gehiago sortzen duela uste dudalako. Honek kontraste handia sortzen du sare sozialekin. Azken hauek oso azalekoak eta agerikoak direlako. Hauetan erakutsi nahi dena jartzen delako. Dualitate zaratatsu eta isil bat dago nobelan: sare sozialak vs intimitatea, esplizitua vs elipsia.

Sara da Inesen alderdi intimoena. Horregatik osatzen du nobelaren isiltasun zabalena. Amaren istorioak partekatutako bideoek baino kuriositate gehiago sortuko duten susmoa daukat. Ea nire susmoak baieztatzen diren.

Komunikatzeko dira sare sozialak, baina Gari, Martin eta Inesen kasuan, alderantziz gertatuko da: euren arteko inkomunikazioa areagotzeko baliatuko dituzte. Etxekalte arituko dira, nolabait esatearren. Aukerak arrisku bihurtuz. Hiruko harreman toxiko horren lekuko izango da irakurlea. Bukaeran ordea, erredentzio moduko bat nagusitzen da. Inesek bere amarekin harremana berreskuratu eta bere haurtzaroko pasarte ilun hori argitzen hasten den garai beretsuan?

Bauman-ek, gizarte likidoaren filosofoak, sare sozialei buruz galdetzen ziotenean zera esaten zuen: “Etengabeko kontaktuan gauden bakarlariak gara”. Ni ados nago esaldi honekin, kontaktuak ez baitu komunikazioa bermatzen. Are gutxiago, kontaktu horretatik alderdi fisikoa eranzten dugunean. Berbaz egiten ez den komunikazio mota galtzen ari gara. Emotikonoz ordezkatu ditugu musuak, maitasuna…. Emozioak, alegia.

Bestalde, nobelak aforismo formatuan idatzitako mezu batzuk jasotzen ditu. Twitterren itxura hori eman nahian. Nobela bera, horrelako batekin hazten da:

Sare sozialak pertsonen kontrako minez jositako su-zelaiak dira

Horra hor paradoxa:

Pertsonen kontrakoak eta sozialak.

Esaldi honen bidez aurrez esandakoa azaldu nahi nuen. Eta bide batez, aforismo formatu hauek agertzen duten “ziurtasun” horiek azaleratu. Twitterrek, adibidez, ziurtasunaren erresuma dirudielako. Eta ziurtasunak elkarrizketa hiltzen du. Zertarako komunikatu dena badakigu? Formatuak berak badauka inkomunikaziorako joera perbertso bat.

Inkomunikazio honek zitaltzen du pertsonaien harremana eta komunikazio bideak aurkitu arte ez dute erredentziorik lortuko. Azken hau, batez ere, beraien barruan ematea izango da istorioaren xedea. Amarekin lortzen duen kontaktu fisikoak (azken kapituluko ukitu horrek), inkomunikazio digitaleko mugen gainditzea suposatzen du.

 

 

 

Kapitulu laburrez osatutako nobela

Frakzionatuta dago kontakizuna. Facebook, twitter edota whatsappen metrika eta estetika jarraitzen dute pasarte askok.

Bai.  Kapitulu motzak, aforismoak, emotikonoak, profilak… Nobelan ikusi ahal izango ditugun elementuak dira. Ez ditut hertsiki twitter formatuarekin paralelotasunak egin, kapitulu laburdun nobela bat delako baina egitura eraikitzeko prozesuan eredu gisa izan dut.

Bestalde, ama naiz eta “tarteak” nire denbora unitateak dira. Tarte horietan idazten dut eta egitura hau oso ondo egokitzen zait.

Sare sozialek markatzen duten erritmo bera dauka nobelak. Sare sozialek hainbesteko pisua duten errelato batean, nekez izan zezakeen erritmo geldo bat, ezta?

Erritmo bizia dauka nobelak. Inpultsuka idatzia dago, ia bihozkadaka. Sare sozialetan ibiltzen garen presaz. Honek idatzi dudana nahiko freskoa izatea ahalbidetu du, gehiegi pentsatu izanez gero, zuzenago, amableago eta zuhurragoa izango nintzatekeelako. Horrelakoak gara sare digitalean ere, askotan. Baina nobelak gordetzen duen dualitatea agerian jarri nahi izan dut erritmoan ere. Nobelak badauka hirukian bueltaka ibiltzearen ondorioak: errepikakortasuna, errutina, ur ustelaren beherazko ibilbidea. Psikologian ainguratutako berun bat, nolabait esateko. Berun horrek erritmoa hondoratu egiten du, sakontasuna ematen dio narrazioari. Erritmoa moteldu.

Pentsatzeko txokoa (Erein) kontakizunarekin, Lizardi Saria eskuratu zenuen duela bi urte. Aurten, Gabriel Aresti Lehiaketan akzesit bat jaso duzu… Zure ibilbide literarioan, sariek zer suposatu dute? Maizago idazteko gogoa piztu dute zugan?

Sariek ilusioaz gain, falta zaidan autoestimu puntua eman didate. Kaxoian daukazunari hautsa kendu eta norbaiti erakusteko lotsa hori, nolabait, kendu.

Idaztea berriz, behar bat da. Behar fisikoa, gainera. Mila karakteretako eguneroko homeopatia tantatxoa.

 

 

 

"Gai taburik ez luke egon behar"

Nostalgia txiki baten ikur gisa definitu zenuen Atrapa eguna (Erein, 2017), gazteentzako argitaratu berri duzun liburua. Zenbat du autobiografikotik?

Aitonak eta haren lagunek buzo urdina kendu barik eta txikitoa eskuan , “atrapa eguna” oihukatzen ziguten kai gaineko tabernatik. Guk esaldi horrek zer esan nahi zuen asmatu ezinik egiten genuen eskolako bidea. Batek erlojuak geldituz “atrapatzen zuen”, besteak, berriz, eguzkia salabardoarekin harrapatuz…. Berandu asmatu dugu “carpe diem” horren esanahia.

Neskatila hura neure seme-alabetan ikusten dut, orain. Tabletarekin biziak barra-barra harrapatzera ohitutako belaunaldia. Bideo- jokoetako denbora metatzaileak. Zer suposatzen du hauentzat denborak? Nola azaldu hauei bizitza bakarra dela? Edo maitasun birtuala partekatzen duten gurasoei?

Atrapa eguna istorio vintage bat da. Esaldi zahar bat, belaunaldi berri baten baitan.

Gazte literaturan eman zenituen lehen urratsak. Guk behintzat, hala izan genuen zure berri. Helduen literatura hasi berri zara. Hirutter idazteko orduan, estilistikoki alde handia sumatu al duzu?

Gazte literatura eta helduena klasifikatu egiten da. Hala ere, beti pentsatu dut literaturan, pelikuletan bezala egin beharko litzatekeela: bost urtetik aurrera edo hemezortzi urtetik aurrera. Noraino finkatu gabe. Askotan gertatu zait gaztetxoentzako den liburu bat, alabari baino gehiago, neuri gustatzea. Horregatik idazten dudana, edonork irakur dezakeela uste dut.

Hala ere, esateko modua eta esaten dena zaindu behar dela konsziente naiz. Batez ere, gazteentzako literaturan. Eta egia da, kontu handiagoarekin ibili naizela.

Hirutter-en tonua ez nuke erabiliko gaztetxo baten liburu baterako. Baina bai elipsia, erritmoa edo egitura, adibidez. Teknologia eta digitalizazioaren gaia Atrapa eguna eta Hirutter-en, bietan, barneratu ditut. Trataera moduak eta heldulekuak berdinak ez diren arren, gai taburik ez luke egon behar.

Aurrera begira, ze asmo dituzu? Helduen literaturan sakontzeko asmoa al duzu? Zer nolako proiektuak dituzu eskuartean?

Haur eta gazte literaturarako proiektu bat eta nobela grafiko bat dauzkat esku artean. Buruan, berriz, amatasunari buruzko nobela bat.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta