EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mikel Peruarena Ansa > Hemeroteca

Berria

2009-4-21 "Belarria zaharrengan jarriz gero, ohartzen zara hitzak badaudela" | Gorka Erostarbe

Nahi eta ezin baten istorioa, ahozkotasunetik asko duen hizkera literarioan emana. Bertsolari maingu bat, poeta erbesteratu bat eta estudiante bizargabe bat. Taberna zokoko solasaldiak. Desioak eta beldurrak. Bizi eta zehatz idatzi du. Eta zehatz bai, baina lasai hitz egiten du Mikel Peruarena (Ereñotzu, Hernani, 1978) idazle eta BERRIA egunkariko kazetariak.

Lehen nobela duzu eta denboran atzera egin duzu kontakizuna osatzeko. Zerk erakartzen zaitu duela ehun urte pasatxoko Donostialde hartatik?
Gauza askok erakartzen naute. Historiaren zalea naiz. Sarri irakurtzen ditut garai bateko testuak, idazle klasikoak, egunkari zaharrak... Hain ezagunak ez diren gauza batzuk, edo literaturan hain presente egon ez diren garai eta leku batzuk agertu nahi nituen. Garai hura interesgarria iruditzen zait, gerra karlistaren ondoren hasi zirelako sortzen gaur egun oraindik bizi ditugun zenbait gauza: Donostia turistiko hori dago, orduantxe hasi zena zabaltzen; gatazka sozialak; sozialismoa eta komunismoa, Donostian modu apalago batean akaso; abertzaletasuna modu antolatu batean...

Garaia bera interesgarria da, bai, baina zuk kontatu nahi zenuena kontatzeko testuinguru egokia ere bai, ezta?
Ez dakit oso ondo nola izan den prozesua, istorioarekin berarekin garaia ere interesatzen zitzaidan eta. Ez dakit oso ondo zer izan den zeren ondorio, edo zer etorri den zeren atzetik.

Gure literaturan Kubako gerrak ez du leku handirik izan. Istorio honetan, aldiz, oso presente dago.
Bai, eta horren inguruan badaukat teoria bat, nahiz eta ez dakidan zuzena ote den. Iruditzen zait lotsatuta gaudela gerra horretan egon izanaz. Gainera, galdu egin genuen. Akaso espainiarrentzat irabazi izan bagenu, gehiago azalduko zatekeen. Memoria historikoaren inguruan asko idazten ari da azkenaldian, 36ko gerrari buruz, batez ere, eta gerra karlistei buruz ere idatzi izan da. Baina tartean badaude kasik 60 urte, eta tarte horretan zerbait pasatuko zen ba!

Sotero Mujika bertsolaria edo bertso jartzailea da protagonista nagusia. Haren ahotan bakarrik ez, testuan, zure idazkeran, ahozkotasunak leku handia du. Garai haien testigantza modura ala ahozkotasunaren aldeko apustu modura?
Biak. Garai horretan eta leku horretan kokatua izanik, ezinbestean izan behar zuen horrela. Iruditzen zait dezente pobretu zaigula hizkuntza, eta ahozkoa batez ere... Nik amonari entzuten diot, hura kutsatu gabe dago, eta hark erabiltzen ditu forma batzuk ia galdu direnak. Gaur egun erabiltzen baditugu, geratzen dira halako hizkera jaso batenak balira bezala. Kuriosoa da. Normalean beste hizkeretan ahozkotasuna txertatzen denean, jerga moduan edo geratzen da, eta kasu honetan, alderantziz. Hizkeraren bizitasuna galtzen ari garenez, iruditzen zait forma arkaiko horiek erreskatatu beharko genituzkeela.

Erritmo jakin bat ematen dio horrek liburuari. Bizia.
Idazterakoan ez naiz kontziente izan, baina gerora konturatu naiz esaldi motzak daudela batez ere. Soteroren hitz egiteko modua da, azken finean.

Ginbaila, gerruntzea, toxa, iraztorra, aztal uhalak, astarkak, lebita... Lexikoari asko erreparatu diozu.
Bati eta besteari galdetuz jasotakoak dira, edo irakurritakoetatik jasotakoak. Hitz bakoitzak badu bere istoriotxoa, gainera. Esaterako, ginbaila txapela da, ez da beste ezer, baina Sotero eta estudiantea bereizteko erabili dut. Estudianteak ginbaila erabiltzen du eta Soterok txapela. Belarria zaharrengan jarriz gero, konturatzen zara hitzak egon badaudela.

Taberna zuloan elkartzen diren hiru pertsona aski ezberdin dira protagonistak. Hiru nortasun, baina helburu bat.
Helburu batek biltzen ditu, baina motor desberdinek. Badago lan bat pertsonaia bakoitza zergatik sartzen dudan istorioan, nahiz eta gero ez den oso agerian geratzen. Helburu bera izan arren, ez dute elkar ondo hartzen hura lortzeko, hain zuzen ere, motor desberdin horiengatik, bakoitzak bere interesak dituelako.

Irakurketa gaurkotu bat eginez, esan liteke nahiz eta helburu bera izan sarri zein zailtasun izaten diren elkar hartuta aurrera egiteko?
Bai, ezin baten kronika da azken batean, eta nire asmoa hori izan da, garai hartako pertsonaiak dira, baina asmoak, ametsak eta beldurrak berdinak izan daitezke, gauza asko ez dira asko aldatzen eta. Nire ahalegina izan da ez nobela historiko bat egitea, baizik eta garai hartako jendea nola bizi zitekeen, zer sentitzen zuten azaltzea. Eta orain dela bost urtekoak balira bezala tratatzen saiatu.

«Aurrera begiratuko zuen gerorako zerbait zuenak. Besteok atzera begiratu behar», dio protagonistak. Denbora narratiboan ere badago jolas bat, atzera eta aurrera...
Bai irudipena daukat atzera begiratzen dugula aurrera begiratu ezin dugunean. Pertsonaia iraganean ari da. Eszena bat hartu eta hura kontatzen da hasieran, eta zer gertatuko den badakigunez, horra nola iristen den kontatzea da erronka. Ea kapaz garen kontakizun interesgarri bat egiteko, jakinda zer gertatuko den. Ahozkotasunean ere gauzak horrela kontatzen dira sarri, zatika, eta denboran aurrera-atzera eginez.

Ahozkotasunaz gain, izan duzu beste erreferentzia literariorik?
Erreferentzia jakinik ez, baina bai antierreferentziak: gure apaizek idatzi zituzten euskaldun zintzoen kronika luze haiek. Kontatu digutena da gu euskaldun jator-zintzoak izan garela, eta kanpotik etorri direla eta dena izorratu digutela. Eta antierreferentzia horri buelta ematea zen asmoa, mito horri antimitoa sortzea-edo. Horregatik behar nuen halako pertsonaia zakar samar bat, inori zuzen obeditzen ez diona.

Eta zuk, idazterakoan, inori edo ezeri obeditzen al diozu?
Neure buruari. Oso idazkera inpultsiboa daukat, oso barrutik ateratzen zaidana. Ez daukat oso teorizatua zer esan nahi dudan.

Poesia zenuen argitaraturik orain artean. Genero aldaketak lanketa aldaketa eta kezka aldaketa ekarri al ditu berekin?
Bitartean ipuin batzuk idazten- eta aritu naiz, eta trantsizio moduko bat izan dela uste dut. Hor pixka bat soltatu nintzen, eta soltura hartu dudala uste dut. Eroso sentitu naiz arlo horretatik. Eta konturatu naiz gauza asko dagoela kontatzeko, eta uste dut kontatuko ditudala aurrerantzean ere.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta