EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Martin Anso Blanco > Hemeroteca

Berria

2008-10-29 Euskal kondairen koba argitzen | Naiara Elola

Duela lau urte argitaratu zuen Martin Ansok (Donostia 1963) bere lehen liburua: Elezaharren bidetik. Orduko hariari jarraituz, bigarren kondaira liburua argitaratu du: Ele zahar ele berri (Alberdania). Euskal Herriko 38 kondaira bildu ditu. «Testu laburrak dira, inguru-mingururik gabe», esan du Ansok. Egileak adierazi duenez, istorioak bere erara idatzi ditu, gehienetan orain eta hemen finkatutako begirada batetik. «Elezaharretan, altxor bat dauka Euskal Herriak, altxor hori neurri batean, kobazulo baten ilunpean gordeta badago ere».

Egituraz, Ele zaharren bidetik liburuaren antzekoa da. Bigarren liburuak, ez du adinik, «bildu ditudan elezaharrak edonoren gustukoak izan daitezke», argitu du Ansok. Hala ere, istorio erakargarri asko inguru-mingururik gabe azaldu direla kontuan izanda, batez ere gazteei gustatuko zaielakoan dago egilea. Liburuan, politikoki behintzat umeentzat egokiak ez diren gaiak badirela onartu du Ansok: urkamenduak, bortxaketa saioak, saldukeria, lizunkeria... Horregatik, 15-16 urtetik gorakoentzat liburu egokia izan daiteke haren irudiko.

Elezaharrez gain, herri ipuinak, pasadizo historiko apokrifoak eta antzeko istorioak ere badira. Batzuetan, jatorrizko kondairak aitzakiatzat hartzen ditu gogoetatxoak egiteko. «Ez du esan nahi gogoetatxo horiek inuzente-inuzenteak direnik, baina beste munduko ezer ere ez dira».

Era askotariko protagonistak aurki daitezke Ansok bildutako 38 kondairetan: zakur errepublikanoa, euskal odoleko erregina guantxea, Donostiako herensugea, Altubeko lepazuria, Bilananeko Varona, Pirene, Santa Kruz apaiza, Libe eta baita Juan Mari Arzak sukaldari donostiar ezaguna ere.

Martin Ansok bibliografia erreferentzia ugari erabili ditu bere bigarren liburua egiteko orduan. Hala, horiek guztiak Altxorraren kobazuloa arakatzen kapituluan bildu ditu. Istorio bila, etnologo eta folklorista klasikoen liburuetara jo du, (Barandiaran, Azkue, Cerquand, Caro Baroja). Baina egungo hainbat idazleren lanak ere erabilgarri izan zaizkio Ansori (Koldo Ameztoi, Txillardegi, Gianni Ronari..). Hala ere, XIX. mendeko benetako kondairagileen liburuetara ere jo du (Campion, Trueba, Sabino Arana...). «Gizalegezko iruditu zait bibliografia erreferentziak aipatzea alde batetik, eta, bestetik, jatorrizko testuetara jo nahi duen balizko irakurleari bidea erraztu nahi izan diot», aitortu du Ansok.

Hala eta guztiz ere, atal hori irakurtzea ez dela beharrezkoa jakinarazi du egileak. Dena dela, jakin-mina duen irakurleak bitxikeria bat baino gehiago aurkituko duela ere argi utzi du idazle eta kazetari donostiarrak.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta