EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mariasun Landa Etxebeste > Hemeroteca

Hitzen Uberan

2016-05-20 Azken balada (Erein) liburuaren ingurukoak azaldu dizkigu | Uberan

Cristina Enea pareko zaintzaile zaharrak oreinaren balada kantatuko dio Maitaneri. Baina Maitane ez da asko aklaratuko. Gu ere ez. Beste baladek ez dakit, baina oreina eta neska gaztearen inguruko balada honek premiazkoa zuen zuk egin duzunaren moduko ahalegina, ezta?

Hizkuntza aldetik, akaso beste garai batekoan jasoa izan zelako. Eta bestetik, istorioa bera ez delako samurra ulertzen. Kontuan hartu behar da ahozko literaturako edozein “perla” errekarri bat dela, itzuli asko eman duela gugana heldu baino lehen. Hori antzeman daiteke, hain zuzen, baladen kasuetan. Poema narratiboak dira, hau da narrazioa eta elkarrizketa tartekatzen dira eta elipsiek ere garrantzi handia dute… Beraz, hasiera batean, bai, ez dira samurrak ulertzen. Baina arreta pixka bat jarri ezkero, bai. Sekuentzia narratiboak argitu eta gero, prosaz idazteko errazagoak dira. Kasu honetan, esate baterako, hauxe izan zen nire lehen lana.

Sekuentzi horiek zehaztea:

- Neska batek, sorgin-erritu baten bidez, orein bihurtzeko ahalmena lortzen du.

- Neskak amari sekretua aitortzen dio eta jakinarazten dio arriskuan dagoela nebaren txakurrak bere atzetik doazelako.

- Amak semeari txakurrak biltzeko erregutzen dio, euren ehizakia arreba baino ez delako.

- Ehiztariak ez dio amari sinesten eta txakurrak xaxatzen ditu. Orein-neskaren gainean jauzi egin eta haginkadez hiltzen dute. Ehiztariak berak zatitzen du afarirako, eta arreba etor dadila eskatzen du.

- Bere haragia lapikoan egosten ari dela, orein-neskak hitz egiten du. -

Amak, hura entzutean, bere buruaz beste egiten du. Nire iritziz, baladaren gai nagusiena itxuraldaketa da. Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra (Susa, 2006) liburuaren hitzaurrean dator ondoko azalpena: “Musikak poemaren beste alderdi bat erakusten duen bezala, irakurketak kantuaren dimentsio berri bat erakusten digu musika erantzitakoan. Har dezagun balada bat, irakur dezagun astiro: narrazio luzearen mailakatze bera dauka, nobela luze bat da, elipsian emana”.

Oreina bilakatu neska izeneko baladari (Ura ixuririk bezala ere ezaguna) ezinhobeto egokitzen zaio azalpen hau, ezta?

Elipsiek zaildu egiten dutelako balada beraren ulermena. Zaildu bai, baina, era berean, trinkotasuna eta erritmo bizia ematen dizkiote narrazioari. Baladak ahoz hedatu eta iraunarazi dira. Transmisio bilakaera horretan, baladak aldatu eta eboluzionatu egin dira. Beraz, balada poema irekia da, aldagaietan bizi den eredu birtual bat, balada-errezitatzaileak edo kantariak bere urrats propioa uzten baitu bertan. Horrelako kasuan, elipsiarena ebitaezina da. Nire ustez, baladen adierazgarritasuna, primitibismo kutsua eta molde arinak oso interesgarriak dira edozein idazlerentzat. Zer ezkutatzen duten hori ahoz aho ibili delako da, berriro errekarriaren irudia datorkit burura. Balada, kantuen letragintza bezala, genero literario berezia dela esan daiteke. Bere legeak ditu.

Ez da erraza istorio oso bat letra batean laburbiltzea. Zure lana akaso alderantzizkoa izan da. Prosaren bitartez, baladari soineko narratibo bat egin nahi izan al diozu?

Bai, erabat asmatu duzu. Batetik, Oreina bilakatu neska baladari “soineko narratibo hutsa” jantzi eta bestetik, beste bertsio berri bat gehitu, gaur egungo gazte literaturako ezaugarri batzuk erabiliz: pertsonaia berria sartu, narratzaile ikuspuntua aldatu, bukaera ez hain tragikoa asmatu… Soineko narratibora itzuliz. Orein-neskaren tradiziozko gaiak, baladaren bidez zein hortik sortutako ipuin batetik, eragina izan zuen XVIII. eta XIX. mendeetako literatura kultuan ere. Gutxienez bi aipamen datozkit burura: Aulnoy kondesa famatuaren amandre ipuin batekoa, “La biche au bois”; eta, noski, Gustavo Adolfo Becquerren “La corza blanca” ezaguna.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta