EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mari Luz Esteban > Hemeroteca

Hitzen Uberan

2017-03-10 Lisipe bildumako bigarrena, Mari Luz Estebanen eskutik | Uberan

Lisipe bildumako bigarren zenbakia aurkeztu zuten astelehenean: Feminismoa eta politikaren eraldaketak, Mari Luz Estebanena. Gizarte antropologoa da Esteban, pentsalari eta aktibista feminista ezaguna. Bi saiakera-liburu idatzi ditu, hurrenez hurren, maitasun erromantikoari eta gorputzaren antropologiari buruz. Euskaraz badu poema-liburu bat: Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013); hemen irakur dezakezue horren harira egin genion elkarrizketa. Ezagunak dira, era berean, Estebanek tartean behin Berria egunkarian idazten dituen artikuluak. Halakoei eta hainbat herritan emandako hitzaldiei tiraka idatzi du saiakera hau, eta bere artikuluetan bezala, galdera asko plazaratu ditu lan honetan ere. Estebanen esanetan, “asmoa izan da feministentzako liburu bat egitea, eta esango nuke publiko nagusia hori dela, baina orokorrean Euskal Herriko ezkerreko politikan interesatuta daudenentzat ere izan daiteke egokia”. Bestalde, azpimarratu du gaur egun jada mugimendu feministan martxan dagoen gogoeta baten elementu bat baizik ez dela liburu hau: “hemen planteatzen diren gaiak ez dira nireak bakarrik; euskal feminista guztiok gaude jabetuta aldaketa batzuk gertatu direla eta egokitu behar garela, eta horretan ari gara”. Hiru zatitan dago antolatua liburua. Lehenengo atalean, feministak politika berrasmatzen ari ote diren galdetu du Estebanek, eta Euskal Herriko mugimendu feministaren historian gertatu diren aldaketei erreparatu die: “aldaketa horietako batzuk ona dira, beste batzuk ez hainbeste, eta batez ere kezkak sortzen dituzte, eta uste dut horien inguruan eztabaidatu behar dugula”. Bigarren atalean, berriz, argiak eta ilunak jorratu ditu autoreak, hiru gairen bueltan: boterea eta lidergoa, indarkeria matxista eta zaintza. Azken atala epilogoa da, bestelako estilo batean idatzia, eta gorputz kolektibo gisa irudikatu du mugimendu feminista. Estebanen arabera garrantzitsua da ideia hori azpimarratzea, nahiz eta zenbait unetan pertsona edo talde jakin batzuk nabarmendu. C51nGZYWYAAVmds Lisipe, pentsamendu feministaren agerkaria Pasa den urrian aurkeztu zuten Lisipe bilduma. Susa argitaletxekoa da bilduma hori eta Jule Goikoetxea du zuzendari. Helburua: gorpuztutako historia, ohiturak eta pentsamendu markoak zalantzan jartzea, eta, aldi berean, patriarkalak ez diren tresna analitikoak sortzea. Esan bezala, bildumaren bigarren zenbakia dugu Estebanena. Aurreko liburua, Zuriñe Rodriguezek eta Oihana Etxebarrietak idatzi zuten: Borroka armatua eta kartzelak.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta