EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Koldo Zubeldia Mendizabal > Hemeroteca

Hitza

2009-05-12 "Poesia jendea emozionatzeko arma moduan erabiltzen dut" | Arkaitz Apalategi

Azken urteak emankorrak izan dira Koldo Zubeldia (Zaldibia, 1956) poetarentzat. Alamartxo ahantzia poesia liburuarekin hasi zuen ibilbidea, eta dagoeneko laugarren liburua argitaratu du, Antologia poetikoa 1984-2009.

Orain arteko lanen bilduma egin duzu antologia honetan. Nola egin duzu bilketa lana?
Antologia honetan azken 24 urteetan idatzitako poemak bildu ditut. Hor daude idazten hasi nitzenetik argitaratu nahi izan ditudan poemak eta orain arteko hiru liburuetan jasotako batzuk. Gida moduan, gustuko ditudan gaiak aukeratu ditut, nire iturri eta inspirazio diren gaiak.

Zein dira gai horiek?
Maiteminduta nago Zaldibiako basoaz, Zaldibiako landareez, loreez eta emakumeez. Horiek ematen didate bizitasun bat. Hori da nire ibilbidearen giltzarria azken urteetan.

Poema berriak ere sartu dituzu?
Lehengo poemekin batera hamar berri ere sartu ditut. Hitzaurreak dioen moduan hamar poema berriz idatziak, bihurrikera bereziaz eta doinu bereziaz, inoren laguntzarik gabe, naturak ematen dion indarrez eta ahots propioz.

Zer lortu nahi duzu zure poesiarekin?
Nik honela definitzen dut poesia; niretzako poesia emozionatzea da. Sentimendu batzuetan erro bat dago, eta horren atzean drama. Sufrimendu horretatik, denok sufritzen dugunetik ikasi egin daiteke. Jarrera ezkorra edo deseraikitzailea izan beharrean, horiek denak ehuntzen jakin eta orduan sentitzen zara idazle duina eta jatorra, poeta on bat.

Noiz emango duzu argitara?
Liburua pare bat astean aterako da. Aurkezpena, berriz, ekainaren 20an egingo dugu Senpereko Larralde baserrian. Hatsa elkarteak antolatzen du ekitaldia. Oso lotuta nago sentimentalki elkarte honekin, sekulako bizia ematen didalako. Hor gaude idazle sufritu batzuk, ezer gutxi kobratu eta dena geure artean ordaintzen dugunak.

Laugarren liburua duzu dagoeneko. Ibilbide bat egiten ari zara.
Liburu honetan idatzita utzi ditudanak eta jasota geldituta direnak daude. Esango nuke azkeneko zazpi urte hauetan oso langile nabilela. Baina oraindik ez da asko egin dudana. Bizirik jarraitzen badut urte batzuetan beste hainbeste eta gehiago ere egingo ditut. Baina gurea ez da asko eta gaizki egitea, gutxi eta ondo egitea baizik. Hori jakintsua izatea da.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta