EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Koldo Ameztoi > Hemeroteca

Argia

1992-09-06 «Kontatzeko modu berriak lantzen saiatzen gara» | Joxi Goikoetxea

Irailaren 18tik 26ra bitarte izango den Hitza Pitz jaialdiko zuzendaria
Koldo Ameztoi: «Kontatzeko modu berriak lantzen saiatzen gara»
Hitza Pitz jalaldiaren laugarren edizioa, irailaren 18tik 26ra bitarte burutuko da Hazparne, Bardoze, Heleta eta Donamartiren. Bertan, mundu osoko kontalariak nahiz Pello Añorga, Koldo Ameztoi, Ernest Alkat eta Henriette Airek parte hartuko dute. Jaialdi honen zuzendaria den Koldo Ameztoik azalduko dizkigu aurten izango diren berrikuntzak.

Mundu osoko kontalariek parte hartuko dute aurtengo Hitza Pitz jaialdian.
Herri ezberdinetako ipuin eta kontalarien jaialdia da Hitza Pitz. Aurten, Frantzia, Suitza Zelanda Berria eta Euskal Herriko kontalariek parte hartuko dute. Gainera irailaren 24ean "Euskal hitzaren gaua" egingo da. Euskal Herriko lehengo eta gaurko ahozko literatura zertan den aipatzeko Heletan antolatu dugun emanaldia. Pello Añorga, Henriette Aire, Ernest Alkat bertsolaria eta laurok arituko gara gau horretan.
Saiatzen gara urtero herri ezberdinetako kontalariak gonbidatzen, eta badago beti aurreko urtean parte hartu duen norbait, aurreko jaialdiarekin lotura izateko.
Kontalariek gurekin lan egitea izan da gure helburua aurreko urteetan ere, eta jendearekin batera, haurrak eta helduak, familia bat izatea lortu. Aurten, Hazparnetik beste inguruko herrietara zabaldu da jaialdia. Bi asteburuetan burutuko da, eta familia hori osatuko dugula espero dugu.

Ba al dago gai nagusirik aurten?
Iaz gai nagusia zuhaitza genuen. Aurten ez dugu, baina ikastetxeetako haurrek indioen totem antzeko batzuk egingo dituzte, kaleak apaintzeko erabiliko diren eta hiru metro neurtuko duten 30 inguru.
Oso inportanteak dira guretzat azken bi urte hauetan egin ditugun ikastaroak. Kontalari berriak sortzeko eta kontatzen edo ikuskariko arlo teknikoa ikasteko: argiak... Lotura egin nahi dugu formakuntza, moldakuntza eta kreazioaren artean.

Jaialdian musikaren laguntzaz ere aritzen dira kontalariak.
Hasieran, betidanik izan den bezala, kontalaria bakarrik agertzen zen, baina berriak musikarien laguntzaz aritzen dira batzuetan. Bai perkursioa, flauta... Beraz, jaialdi honetan, gure xedea da kontalaria eta hitzaren bizia gaur nola doan erakustea. Datorren urterako horrelako bi ikuskari ditugu gogoan: eszenatoki gainean kontalaria eta bi edo hiru musikari. Hau da, zer itxura ematen diogun gaur egun ipuinari: hitza baina musika eta beharbada beste laguntza mota batekin. Iaz Pello Añorga, Jokin Mitxelena margolariarekin etorri zen, eta batek kontatzen zuen bitartean besteak marrazkiak egiten zituen. Saiatzen gara kontatzeko modu berriak lantzen eta bakoitzak ikertzen duen bidea erakusten, ipuinari gaurkotasuna emateko.
Askotan aipatzen dugu ipuina, baina gehienetan hitza da. Urte batzuetan etorri izan dira ipuinak kontatzen ez dituztenak eta berak idatzitakoak kontatzen dituztenak. Ipuinak esaten dut, baina ez dira tradiziozko ipuinak bezala egindako idazlanak. Jende aurrean hitz egitea, kontatzea eta jendearen baitan irudiak sortzea, hori da hitza, eta jaialdiaren indarra eta helburua. Hitzari ateak ireki eta aurrera!
Jende askok uste du ipuinak tximinia txokoan kontatzen ziren lehengo gauzak direla. Hori ere bada baina baita foko eta musika ere agertzen diren ikuskariak.

Jende askok pentsatzen du ipuinak haurrei bakarrik zuzenduta daudela.
Hazparnen jakin erazi nahi izan dugu posible dela ipuina haurrek nahiz helduek entzutea, eta ikuskaria izatea, edozein antzerki, filme edo kantaldi bezala. Alde horretatik, beharrezkoak dira horrelako jaialdiak.

Nola ikusten duzu gaur egun kontalarien mundua?
Euskal Herrian, Pello eta biok aritzen gara azken urte hauetan, baina bada mutil bat Bizkaiko ikastoletan hasi dena, Idiazabalgo neska bat ere umeei kontatzen hasi da... Bakoitzak egiten du bere bidea. Badaude ikastaroak, baina horietan ikasi eta bakoitzak egin behar du bere errepertorioa. Badira ezagunak ez baina martxan direnak, ipuinak ingurune txikietan kontatzen dituztenak. Euskal Herrian guzti hau aurrera doa poliki. Ipuinak ez du horrelako fama handirik, gauza intimoa da. Ez da ikuskari handia. Zirkulu txikietako gauza da.
Bestalde, ipuinak, herrikoiak edo berriak, batzuetan politak dira irakurtzeko baina ez kontatzeko. Beharbada, batzuek ipuinak ondoren kontatzeko idatziko dituztenak izango dira. Gu kontalari bezala indartzen bagara, gure lana zabaltzen badugu, izango dira idatziko dituzten beste batzuk. Agian, guk idatziko ditugu... Ipuinak batzuetan oso luzeak dira, eta ipuina ezagutzen ez duten tokietan idazlan laburrak kontatzen ditugu, jendearen entzumena lantzeko. Bide horretatik jo behar duzu jendea bereganatu nahi baduzu.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta