EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Karmele Jaio > Hemeroteca

Berria

2009-11-08 Errukia eta erospena | Beñat Sarasola

Elena etxean bakarrik bizi den alarguna da, eta azken aldian belauna gaiztotu zaionez, beren seme-alabek laguntzaile bat hartzea deliberatzen dute, ama zaindu eta etxeko lanak egin ditzan. Halaxe iristen da Beatriz izeneko gazte ekuadortarra Elenaren etxera. Nobelaren erdigunea Elenaren oroitzapen eta hausnarketek osatzen dute; bizitzaren amaierara iristen ari dela oharturik, iraganaren errepasoa egiten du, haurtzaro zorionekotik -eta idealizatutik- helduaro zorigaitzekora. Gaztetako lagun min Carmenekin haserretu eta harekin hitz egiten ez duela hogeita hamar urte pasa dira dagoeneko, eta adiskidetzeko garaia iritsi ez ote zaien zalantza egiten du. Hala, liburuan aurrera egin ahala, bien arteko haserrealdiaren xehetasunak eta ebazpena jakinez joango da irakurlea, beste zenbait bigarren mailako istorio ezagutzeaz batera -Beatrizen familia eta maite-kontuak-.

Kontaketa hiru narrazio formetan banatua dago. Alde batetik, Elenaren bakarrizketak daude -garrantzirik handiena hartzen duena-; bigarrenik, narratzaile heterodiegetikoak kontatzen dituenak liburuko hainbat pertsonaiaren inguruan; eta azkenik, elkarrizketa motz batzuk, horietako asko aitorlekuan gauzatutakoak. Hiru narrazio molde horien bidez joaten da bilbatzen, hortaz, istorioa, baina esan bezala, Elenaren bakarrizketak dira liburuaren habe nagusia. Haiei esker barneratuko gara protagonistaren gogoan eta ezagutuko dugu haren iragana nolakoa izan zen.

Metafora eta konparazio etengabez idazten du Karmele Jaiok, eta izatez, Musika airean izenburuak ere funtzio nahiko metaforikoa du -esamoldea liburuan lehen aldiz azaltzen denean alderaketa bat egiteko da-. Konparazio horiek, ordea, gehien-gehientsuenak, edo topifikatuegiak edo behartuegiak dira -«Arrain zopa egiteko ez dagoen modura, bizitzarako ere ez dago errezetarik»-, eta gutxitan dute irakurlea harritu eta liluratzeko gaitasuna. Horretaz gain, paragrafoak izen sintagma laburrez hasteko eta errepikapenak zein esaldi laburrak erabiltzeko joera du Jaiok -bidenabar, euskal literaturan arrakasta izan duen estiloa-, eta idazkera hau zenbaitentzat irakurterraza eta bizia bada ere, niri gogaikarria egiten zait, xalotasunean mozorroturiko sinplekeria.

Edukia eta forma zeinen loturik dauden ikusteko adibide ona da Musika airean, zeren bere idazmoldea ahala, istorioa bera ere topikoa eta aurreikusteko modua egin zait, oro har, eta pertsonaia gehienak estereotipatuak. Elenaren bakarrizketetako zati ugari sinesgaitzak eta gatzgabeak diren modu berean, istorioaren bilakabideak ere dezenteko egiantzekotasun falta duela iruditu zait behin baino gehiagotan; Carmenen alabaren aitatasunaren harira Elenak eta Kontxak -herriko ile-apaintzailea- izandako elkarrizketa kasu. Elenaren seme Sabinen eta haren emaztearen -Inma- artekoak ere artifizialegiak egin zaizkit, eta ematen den Ertzaintzaren irudia -Inma ertzaina da- guztiz arrakero eta merkea. Beste zenbait egiturazko ahulgune ere badira, esaterako, Juanjo supermerkatuko mutila, zeina istorioaren garapenerako oztopo bihurtzen denean bat-batean desagertu egiten baita.

Bestalde, testuinguru katoliko bat aurkezten digu nobelak, liburuko pertsonaia nagusiekin eta haien gazte garaiekin bat datorrena. Erruduntasuna eta damua liburua goitik behera zeharkatzen duten ideiak dira. Baina moral katoliko horrekiko distantziamendu edo zalantzan jartze handirik ez da sumatzen, eta areago, nobelaren happy-end moduko amaierak moral horretan sakontzen du, errukia eta erospena goratzen dituelarik.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta