EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

El País

2008-047-14 "Liburu are garratzagoa egingo nuke orain" | Juan A. Hernandez

Barne-atsekabe bati erantzun nahian idatzi zuen Oraina galdua (Erein) Juan Ramón Makusok (Errenteria, 1961). Denboraren kontzeptua ikuspegi gizatiar batetik aztertu du, garraztasuna (giza errealitatearen ezinbesteko osagaia bere ustetan) darion testu batean. Sentimendu eta sentsazioak adierazteko lengoaia poetikoa erabili du aurretik Hiri gorazarre poesia-liburu argitara eman zuen egileak, saiakera filosofikoari estilistikoa ere gehituz, egungo euskal literaturan aurrekari askorik ez duen ahalegin batean.

Etengabe etorkizunaz ari aro honetan, zergatik hartu duzu oraina aztergaitzat?
Urteak joan diren heinean, gogoeta baten emaitza izan da erabaki hori. Agian ikusten dudalako nire inguruan guztia etorkizunera begira egiten dugula; eta etorkizun hori ez dago nire esku. Parmenides filosofoak egiaren benetako bidea izatea dela dio. Maila horretan, denborarekin uztartuz, berak esaten zuen iragana izana dela, beraz ez da; eta etorkizuna izango dela, beraz ez da. Ildo horri jarraituz hasi nintzen ikusten etengabe nire bizitzan guztiz lotua nengoela biharrari.

Eta zein da joera horren ondorioa?
Horrek askotan ekartzen du ziurtzat jotzen dugula ez den zerbait. Heriotzarekin zer esanik ez, uko egiten baitiogu nolabait. Horrek jainkotiar ikuspuntua erakusten du nolabait.

Eta zergatik egiten dugu hori?
Beharbada beldurra diogulako zer garen onartzeari, hilkorrak hain zuzen. Horri agian uko egitearren etengabe ari gara luzatzen esku artean ez daukaguna. Esku artean ez daukagunez, ustezko etorkizun horretan egiten dugu ia-ia oraina. Azken finean, agian denborarekin lortu duguna izan da idealizazio bat sortzea; eta nire ustez, errealitatetik kanpo. Niretzat denbora ez da existitzen zentzu honetan, parametro gizatiar batean. Hau da, nik bakarrik ziurta dezaket momentu honetan une eternal hau, zurekin hizketan ari naizena.

Eta pentsamendu horrek ez dakar ondorio gisa oraina besterik bizi nahi ez izatea, urrunago begiratu gabe?
Edo alderantziz: harantzago joaten naiz ze esku artean daukadana hain iragankorra da, non agian luzatzen baitugun ezezko horren baitan. Nire ustez, ikuspuntu gizatiar batetik, koherenteagoa da benetan erantzutea esku artean daukadan horri. Niri askotan galdetzen didate carpe diem delako hori defenditzen ote dudan, momentua gozatu alegia. Ez da momentua gozatzea, zeren momentua oinazea bada ere. Eskua ezin da existitu esku gaina eta esku azpia gabe. Gure buruari ez diogu galdetzen "eta ni orain zer?". Eta galdezen badiogu, agian erantzuna hain hutsala geratzen da non horrek ikaragarrizko izua sortzen digun. Eta izu horrek eramaten gaitu beste aldera begiratzera, gerora alegia.

Liburuko pasarte batzuk aztoragarriak edo ezkorrak dira. Hori izan da zure asmoa?
Ezkorra maila batean bai. Aldamenetara begiratzen dut eta, egia esateko, ez dut motibo gehiegirik ikusten gure eraikuntzan baikor izateko. Ez dut ikusten aurrerakuntzarik, teknologikoa izan ezik. Ni pozik egon naiz testua idatzi dudan bitartean; pozik nire atsekabe bati erantzuna eman diodalako. Agian atsekabe horrek oinazeak, minak, aztoramenduak sortutako gogoetak dira, baina gizakia nire ustez hori da. Eta agian oinaze horren baitan ulertu dugu gure egunerokoan porrota dagoela, adibidez. Maila horretan ezkorra izan daiteke planteamendua, baina errealista ere bai.

Errealitate hori aldatzeko edo ulertzeko egin duzu saio hau?
Marx ez dugu gainditu. Berak planteatzen zigun errealitatea eraldatu egin behar dela. Baina, nire ustez, zerbait iraultzeko suntsitu beharra dago. Egin ahal dudana interpretatzea da; ulertu nire bizitzaren eta barne-sentimenduen inguruan esaten didatena. Maila honetan baliteke ariketa sokratikoa egotea: ulertu eta ezagutu nire burua. Niri jada lotsa ematen dit lezioak emateak. Noraino hel naitekeen ez badakit, nola esango diot beste bati noraino iritsi behar duen?

Liburu bera idatziko zenuke orain?
Oraindik garraztasun handiagoarekin. Hor esaten ditudanak egunero berresten dituzte ikusten ditudan gauzek. Adibidez, ze gaizki erabiltzen dugun etika gure eguneroko bizitzan ze mota iruzurra egiten dugun.

Pentsamenduaren poesia euskal literatura indarra hartzen ari dela esango zenuke?
Euskal literaturan ez nuke esango. Gazteen artean Jon Gerediaga dugu. Hala ere, ez dut euskal letretan gogoetarako joera gehiegirik ikusten.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta