EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Diario Vasco

2006-08-04 Kanpoa eta barnea | Felipe Juaristi

Poeta moduan, gero eta helduagoa da Juan Ramon Makuso. Hala ageri da behinik behin, edo halako irudipena sorrarazten du irakurlearengan, haren poesiaren jarraitzaile garenongan. Beste kontua da heldutasuna zer den adieraztea. Saia nadin azaltzen. Norberaren begia besteengana zuzentzen denean hitz egin daiteke heldutasunaz. Begia eta begiarekin batera joan ohi diren sentipen, emozio eta sentsazioak barnetik kanpora joaten direnean, alegia kanpoan barreiatzen direnean, hantxe bertan geratzeko asmoz, eta kanpoan aurkitzen dutenean toki egokia, orduan hitz egin daiteke heldutasunaz. Beste moduz esanda ere, kanpoan egon ondoren barnera sartzen direnean, aberatsago eta, era berean, jakintsuago, orduan ere hitz egin daiteke heldutasunaz. Izan ere, barnetik kanpora eta kanpotik barnera doan bidea bera izan ohi da, batetik bestera, sekula gelditzeke, sekula huts egiteke, sekula etsitzeke doana; eta gu berarekin. Norberaren nia zentro izatetik erreferentzia izatera pasatzen denean, norberaren nia pausaleku bainoago pasaleku denean, hitz egin daiteke heldutasunaz. Kontzientzia da heldutasunaren neurgailu, kontzientzia eta gogoa, noski. Eta Makusoren gogoa ilustratua da, hiritarra da, galdetzailea da, ez baita geratzen azaleko adierazpenetan, ezta kea bezala ihes egiten duten erantzunetan ere. Sakonera joan nahian, biderik zailena egiten du, norberaren sosegu eta lasaitasuna utzirik kanpora bultzatzen duena, kanpoko gauzak eta fenomenoak ulertu nahian. Ez baitago barne bizitzarik kanpo bizitza ulertzen ez bada, edo, ulerturik ere, onartzen ez bada, barnekoa onartzen den bezala, ulertzen ez denean ere.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta