EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Argia

2006-07-09 Juan Ramon Makuso:«Hiritar bezala frakasatu dugu» | Mikel Asurmendi

Juan Ramon Makuso:«Hiritar bezala frakasatu dugu»

Mikel Asurmendi

Igor Estankona poeta eta kritikariak «mezulariaren eskua» ikusi du poeta honengan: «Makuso ez da odolusten, entzun dezagun nahi du». Guk poeta bidaide hartu eta hirian barrena abiatu gara. Hona poetari entzundakoak. Bizitzeak hil egiten duela abisatu zenigun lehen liburuan. Bizitzea abiatzea dela onetsi ondoren, hiltzea irabazi ote zenuen ulertu genizun...
Beharbada irabazi bat da hiltzearena. Gizakiak benetan ahaztu egiten du, egiten dugu, zerbait baldin bagara, heriotza garela. Heriotza ez da gugandik zerbait berezitua, gure eskuak beste aldea ere badu, badu ahurraren beste aldea, hau da, bere esku-azpia. Ezinezkoa litzateke eskua beste era batera ulertu. Bizitzarekin berdin gertatzen zaigu. Hasteak bere baitan heriotza ere badu.

Hiriaren barrena abiatu zara oraingoan. Zer moduz bigarren ibilaldi honetan?
Eroso esatea gehiegizkoa litzateke. Pozik bai. Idaztea, areago poesia egitea, ez da ariketa bat, barneko etorria da. Beharbada nire barneari irekitze bat gertatzen ari zaio, nik neuk ere ez dakidala norainoko irekitzea den... Nire larrutik labana bat sartzen ari da, meloi bat irekitzen dugun antzera.

Hona nire juzkua zure ibilbideaz: Bizitza ulertzeko filosofia ikasi eta erakutsi nahi zuen gizona poeta bilakatua da. Filosofoa poetagoa da.
Nire ibilbide filosofikoan Platonen irakurketak anitzak izan dira eta oraindik ere, oso gustukoa dut. Platonek idatzi poetiko ikaragarri bat utzi zigun: Haitzuloaren mitoa. Gizakiaren egoera oso ederki deskribatzen du bertan. Gure bizitza haitzuloan eramaten dugu, ustezko errealitate batean. Errealitate horretan murgiltzeko, poesiak indarra ematen dit, hitzaren indarra aurkitzen dut bertan. Nahiz eta oso garbi daukadan, askotan, hitzaren ezintasunarekin talka egiten dudala.

Filosofoa, poeta eta "animalia politikoa" ere bazara. Politika interesatzen zaizu, polisean gertatzen dena, alegia.
Aristotelesek aspaldi esan zigun, gizakia abere politikoa dela. Gizakia beste gizakiekin elkartu eta gizarte bat osatzen duela. Eta polisak, hiriak, ematen dio bere izaera gizakiari. Beste kontu bat da gaur egun politikaz esaten dena eta politikan dihardutenak. Hauek ez daude polisetan, ez daude agoran, plazan. Agoran baleude, elkar hitz egingo genuke, eta orduan, agian, eraikiko litzateke benetako elkarrizketa. Baina honek ba al du interesik? Eszeptizismo handiz begiratzen diot plazari.

Felipe Juaristiren hitzetan «hitzaren bila» abiatu zinen poeta zara. Oraingoan hitza, modu batez aurkitu eta agertu duzula ematen du.
Aurkitu ez dakit aurkitu dudan, alegia, oraindik ez dut aurrez aurre berarekin topo egin. Beharbada hitzaren lantegian murgilduta nabil, eta oraindik hitzaren ezintasun batean aurkitzen naiz, ibilbide poetikoa hori baita. Argi dago, Felipek hori esan zuenean hitzak neurtuta esan zituela, eta oso ongi irakurri eta barneratu zituela nire lehen poema liburuaren nondik norakoak.

Hiria "harrizko aorta" gisa irudikatu duzu. Teknopolisa, hitza, giltza... errimatu dituzu. Etikak kezkatzen zaitu, baita estetikak ere.
Etika eta estetika lotura handiz ulertzen ditut, bere zentzu hertsian. Etika zerbait bada, barnekoa da. Etika barnekoa bada, ni subjektu, muga bat naiz, ni eta munduaren artean. Arteak barneko mundu bat eraikitzen du, eta estetikaren eginkizuna hori azaltzea litzateke. Estetika eta etika gogoetak diren heinean interesatzen zaizkit.

"Egunero gabiltza joan-etorrikoan, ero-ero. Egunak du haria, baina ez dago jarraipenik hirian", diozu. Etsia ote poeta? Gizona edo emakumea etsita al daude polisean?
Gizakia eta bere gizatasuna daude etsita, eta noski ni horren barnean kokatzen naiz. Nire polisa, nire ideala, hor nonbait nituen. Eta orain lekukotasun hori ez dago nire baitan. Bazirudien zerbaiten eraikuntzan nenbilena, ustezko hiri bat. Agian ez nuen pentsatzen eraikuntza idealak ez daukatela lekurik inongo geografian, lurraldetasunak artifizioak direla. Duela egun batzuk geografia bat zeharkatu dut, Irungo nazioarteko zubi zaharra. Gertakari xumea baina oso handia niretzat. Ustezko bi estatuen eremuetatik ibili nintzen, eta errealitate bakar batek hunkitu ninduen: zeru-lurrak, horrek eman zidan nire gizatasunaren dimentsioa. Eta berretsi nuen nire poema baten bertso lerroa: zertarako eraiki aberriak?

"Herrigabeak daude, baina hiria, hiritartasuna, nik daukat". Nor zaren badakizu edo nahi duzu jakin, behintzat.
Aurrekoarekin lotuta, hori azaldu nahi izan dut liburuan zehar. Hiritartasuna, lekuak, toposak, espazioak ematen du. Erdi Aroan eskubide bat zegoen: quid est in territorio est de territorio, hau da, lurralde batean dagoena, lurralde horretakoa da. Eta gaur egun eskubide hori faltan sumatzen dut.

Hona zenbait lerro: "Eraikuntzak gizakiarentzat dira errakuntzak" (...) "Herriak ez du topos bat, gizakia da hiriaren oztopo" (...) "Eurohiria Midasen hatzaparretan ez ote". Hiriak min ematen dizu.
Mina eta oinazea. Ez dut ikusten gure artean sentimendu hau: hiritar bezala frakasatu dugula. Oraindik ere, gure hiria eraiki gabe daukagu. Baina ez hori bakarrik, ez dugu onartzen egin ditugun ahaleginak antzuak izan direla. Ez dugu asmatu eta hau ez da bestearen errua bakarrik. Bestea ni gabe ez da existitzen, eta hau barneratzen ez dugun bitartean jai daukagu. Eta honekin ez naiz ari planteatzen guk asmatuko dugula. Ez, asmatze horretan huts egin dugula baino ez. Eta hau onartu behar dugu. Gainontzekoan konplexuz betetako hiritarrak izango gara.

«Ezustekoan doazen poemak» jo dituzu hauek alabaina.
Hitzaren bilatze horretan, bertsoak edota poemak ura bezala doaz. Uraren mugimendua ezustekoa da. Urak beti korri eta ihesi egiten du esku artean. Hori gertatzen ari zait nire ibilbide poetikoarekin. Poesia eraikitzen dut, benetan sortze prozesu batean murgilduta nagoenean, barne-barnetik ateratzeko zerbait dudanean. Nire poesiak ez du kortxo-kentzekorik behar.

Biluztu egin zara, baina ez duzu zure burua ikusgarri agertu nahi.
Biluztea gure gizartean lotsarekin parekatzen da. Adan eta Evaren biluztasunak lotsa erakutsi digu. Edozeinek, berdin zait zein den bere jarduera, sortze bat egiten badu, larruazalaren azpiko aldea erakusten ari da, azaltzen ari da. Ez agian bere osotasunean, baina azaltzen ari da, nolabaiteko erakustaldia egiten du. Ez dut sinesten entzuten dudanean "nik niretzat idazten dut". Idatzi agian bai, baina argitaratu orduan zertarako. Elkarrizketa hau eskaintzen dut, eta nire burua erakusten ari naiz. Hori bai, honekin ez dut esan nahi exhibizionismoan erori behar dugunik. Artistez beterik daude kanposantuak.

Ez duzu hitzetan ezkutatu nahi.
Honekin ez gara ari gauza berriak asmatzen. Aspaldikoa da "hitza haragi bihurtu zen". Hitzak ezin du ezer ezkutatu. Isiltasuna, nahita eraikita, garrasia da. Hitzaren erreinuan murgiltzen da gizakia, hitza da gizakiaren erakusleihoa. Hitza gabe ez ginateke gizaki izango. Eta gaur egun hau da zientzian dagoen eztabaida mamitsuenetariko bat. Linguistak, filosofoak, fisikariak, biologoak, eztabaida sutsuan ari dira. Animalien artean, gizakiak du hitza.

"Edergailu eta metafora gutxirekin egindako poesia" jo dute zurea horregatik.
Itxuratik ez zaigu ezer heltzen. Itxuraz inguratuta nago, eta ez dut nahi, ahal dudan neurrian, ni ere itxurakeriatan erori. Gauzak ahal dudan argien ikusten saiatzen naiz, eta era berean nik eraikitzen dudanak horrelakoa izan behar duela exijitzen diot neure buruari. Artifizio eta simulazio gehiegi ikusten dut nonahi, eta nire buruari traizio egingo nioke nik gauza bera egingo banu.

Aurreko liburuaren ondoren, hitzen barrena bide egiten jarraitzeko gomendatu zizun zure irakurle batek.
Nire bizitzan gauza bat ikasi dut: bestea hor dagoela, eta ni ikasteko nagoela hemen. Hau horrela izanik, ibilbide poetikoan bederen, esan daiteke hitz horiei jarri niela arreta. Eta jakintsua jarraitzen dut izaten ikusten dudanean ez dakidala. Nire lagunek barre egiten didate entzuten didatenean Juan Ramón Jimenez, Lizardi eta hainbat poeta handi eta gero, nik poesia idazten jarraitzen dudala.

Amaitzeko, azken poeman "Kultura gure hirian iruzurra dela" diozu.
Ez naiz ezer berririk esaten ari, hau konstatazio bat da. Ez bakarrik iruzurra, gizakiaren aurkako joera da: saihesten ez baldin badugu gizakia aurrera eramango du. Gizakiaren berezitasun bat kultura egitearena da. Beraz kulturaren desagertzearekin zalantzan jartzen dut gizakiaren kokalekua, eta orain bai, jadanik ez litzateke egongo hiririk.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta