EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Diario Vasco

2009-12-04 Begiaren poetika | Felipe Juaristi

Euskal literaturak, bestelako literaturek bezala, bere joan eta bere etorriak ditu, bere goraldiak eta bere beheraldiak. Halaxe da halaxe behar duelako izan, bizitzaren inperatibo kategorikoagatik. Bizitzera bultzatzen du; eta bizitzera jaurtia izan denak ezin du bizitza albo batera utzi, ezin da bera tokiren batean gelditu eta planto egin. Bizi dela adierazi behar du, eta horretarako bere lekukotza utzi, arrastoak sakabanatu eta barreiatu, hurrengo belaunaldikoek izan dezaten haren bizitzaren berri.

Literatura ere, neurri batez, gorputz bat da, gizon eta emakumeen gorputz askok osatua eta moldatua, bizia eta bizigarria. Beti ere berrituz doa, nola ibai bat, mendietatik behera jaisten diren urak edanez eta haien bidez gizenduz eta lodituz, finean azal araztuz, azpikoa arretuz. Gure literaturan azkenaldi honetan egin diren proposamenen artean interesgarrienetakoa poesia eta pentsamendua biak elkarrekin lotzen dituena da. Halako planteamendua, orokorki hartuta, ez da berria. Euskal poesiaren alorrean betidanik ibili da pentsamendua hitza harrapatu nahian (gogoratu besterik ez Miranderen poema batzuk). Era berean, hitza pentsamenduaren hondarra da, pentsatua izan den zerbait. Baina ez horregatik sortuko da pentsamendua, beste zerbait behar da: “Arrazoiaren bitartez sentimendua atxikitzea, eta aldi berean, sentimenduz arrazoia transmititzea”.

Juan Ramon Makusoren liburu honek poetika horretako muinetan aurkitzen du bere zerizana. Batetik arrazoia da, arrazoimen landuak eta lanbide arrazoizkoak, alegia filosofiak, sakondu dutena. Bestetik sentimenduaren adierazpena, sentimenduak zabaltzeko eta esateko nahia. Ez zaio uko egiten metaforaren erabilerari. Hitza badoa eta berarekin esanahi piloa, irudi mundu oso bat, eramanez. Begia da Makusoren poesia eraikitzen duena, errealitatearen ikuskera arrazoitua marrazten duena. Pentsamendua aise dabil lerro artean txangozale.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta