EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxerra Garzia Garmendia > Hemeroteca

Euskaldunon egunkaria

1998-12-05 Sustraiak eta adarrak | Jose Jabier Fernandez

Orain dela urte batzuk, Elkar eta Erein argitaletxeek —eta estatu mailan Alianza bezalako etxeek— hasiera eman zioten merkataritza kanpaina berri bati. Helburua liburuen mundu honetan formatu berri bat jorratzea zen. Horretarako, orduko garai hartan aukeratutakoa formatu txikia izan zen, bai orrialdeen aldetik (ehun baino gehiago ez), bai tamaina aldetik (10 x 15 zentimetroko liburuxkak), bai salmenta neurriaren ikuspuntutik ere (euskal literaturaren merkatuan 300 pezeta inguru).

Saioak ez zuen bide luzerik izan. Elkarrek Enbido txikira saila sortu zuen, eta Ereinek Milabidai atala. Lan interesgarriak argitaratu ziren, bai gure idazleek egindakoak, baita itzulpenak ere, baina badirudi arrakasta komertzial handirik ez zuela izan. Nahia, gogoak eta porrotaren arrazoiak ziur bat baino gehiago izan zirela.

Nagusia, edota zabalduena, hainbestetan erabiltzen den aitzakia da —hainbestetan, non, nire iritziz, topikoen zentzua eta guzti hartu baitu— eta, topiko guztiak bezala, zati bat egian oinarritzen bada ere, beste zati handi batek aurreiritzi eta erosotasunean ditu sustraiak ezarriak: euskal literaturaren merkatua murritza da, irakurle gutxi ditu eta produktu berriak kaleratzeko aukera gutxi daude.

Hain izaera eta kutsu endogamikoa duen gure euskal literaturan, nik ez dut soilik kritika sakonago baten falta sumatzen, baizik, batez ere, sektore eta talde guztietatik autokritika gehiago eta handiagoaren falta. Bestearen etxean bakoitzak berean dituen akatsak edota gabeziak aurkitzea beti errazegia iruditu zait, errazegia eta gainera balio gabekoa, azken finean gure helburua euskal literatura aurrera ateratzea bada.

Oraingoan, Alberdania argitaletxea izan da produktu berri bat aurkezten saiatu dena. Zerberri izena du sail berriak, eta, aurreko saioen ezaugarri batzuk mantenduz (ehun orrialde baino gehiago ez, salneurria merkeagoa…) eta beste berri batzuk gehituz (liburu arruntaren tamaina errespetatu, saiakera eta elkarrizketa bezalako generoak jorratu), lau lan berri kaleratu ditu.

Bilduma honen bigarren zenbakiaren inguruan —Luis Fernandezen Etxepare porno liburua— Mikel Aldalurrek aurreko asteetan iruzkin ederra egin zuen; orain nik argitaratutako lehenengo zenbakia ekarri nahi izan dut, eta ez soilik liburu bikaina delako, baita euskal literaturaren mundu txiki honek bertsolarien unibertsoaz gauza asko ikas ditzakeelako ere.

Liburua Joxerra Garziak egin du (bera da bildumaren zuzendaria ere), eta bertan Jon Sarasuarekin izandako elkarrizketa biltzen da. Liburuaren izenburu nagusia Bertso-ispiluan barrena da, eta Jon Sarasua da Joxerra Garziak erabiltzen duen bidea, hestea, bertsolaritzaren mundu horretan sakontzeko.

Elkarrizketa bikaina da. Jon Sarasuak, bai bere bertsoetan, bai abestietan, bai bere hitzaldietan, bai parte hartu duen liburuetan (Andoni Egañarekin izandako korrespondentzia, Txepetxekin egindako elkarrizketa, liburu hau bera), beti demostratu digu, bertsolari eta, orokorrean, artista bikaina izateaz gain, pentsalari aparta dela. Niri, behintzat, Euskal Herriak mementu honetan duen pentsalari azkarrena eta zorrotzena dela iruditzen zait. Eta ez soilik bertsolaritzaren inguruko gaietan, baita beste gai askotan ere (hizkuntza, herria, gizartea, politika, ekonomia eta abar).

Eta liburu honetan, nahiz eta formatu txikikoa izan eta bertsolaritza gai nagusia bildu, bere pentsamenduaren ezaugarri edota tesi batzuk aurki ditzakegu: aurrera sortzailearen garrantzia, autokonfiantzaren balioa (nire iritziz, Guggenheim konplexua deitutakoa), bidexken aniztasunaren papera, inprobisazioa eta kolpeka datorren sormenaren teoria… Ni azken horrekin ez nator bat, baina Sarasuak eta egungo bertsolaritzak gai horietaz eta beste askotaz hitz egiteko eta kritikatzeko eta autokritikatzeko duten abildadea eta gaitasuna asko estimatu eta faltan botatzen ditut beste esparruetan.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta