EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxerra Garzia Garmendia > Hemeroteca

Gara

2001-03-31 Hazia ereiten duen gezia | Oier Gillan

Arma arinak dira geziak. Beren jomugara zuzentzen dira albo-kalterik eragin gabe. Geziaren zauria ezin zehatzagoa da ordea. Zauri ezerosoa, jarraia, sakona. Joxerra Garziak tankera guztietako geziak bildu ditu metaforismoen bildumatik jaurtitzeko. Egonean doazen geziak dira Garziarenak, egonean datozen zauriak haienak. Ondorio bitxia sortzen dute geziok baina: gogoetaren zaurian azkura txertatzen duten geziak dira, alegia, jakin-nahiaren hazia ereiten duten geziak.

Eskuan hartu orduko, ezohiko liburua iruditu zaigu Egonean doazen geziak. Izan ere, gomendioa jaso edo emateko orduan sailkatzen zaila suerta badaiteke ere, irakurleok tarteka eskertzen baititugu ezohiko proposamenak. Horien artean sar genezake Joxerra Garziaren liburu hau. Genero eta estilo nahasketatik abiatuta, funtsean aforismoen itxura hartzen duen bilduma da honakoa. Aforismoetan edukiak berebiziko indarra hartu ohi du eta bilduma honetan Garzia beren gogoetarako xedea guztiz bete dezaten saiatzen da.

Oinarrizko planteamendutik jada bestelako kutsua hartzen du liburuak. Autoreak gezi jaurtiketaren metaforaren gainean atondu du liburuaren egitura. Bertan aforismoaren izenburua gezi-muturra litzateke; aforismo bakoitzeko testua, geziaren gorputza; liburua osoki, geziaren jaurtiketa. Horregatik, hain zuzen ere; atalen ordena: lau, hiru, bi, bat-zero… jaurtitzeko unea adieraziz. Baina edozein geziren jaurtiketan bada funtsezko beste osagai bat: xedea. Geziek, kanoiek ez bezala, xede zehatza behar dute beren eragin zorrotza zartatzeko. Irakurleok gara liburu honetako gezien xedea, gugan azkura sortzea dute amets, eta autoreak berak aurrez sentitu duen azkura txertatu nahi digu. Horretarako modu aske batez izkiriatu du Joxerta Garziak liburua, aske utzi nahi baitu neurri berean irakurlearen erantzuna.

Poesia eta prosaren mugak gogoko ez eta metaforismo gisa azpititulatu du autoreak liburua. Palinpsesto delakoa du abiapuntu, alegia, testu bakarra ageri den lekuan bi testu izatea; egileak noizbait zerbait eragin dioten testuak hartu ditu bereak idazteko. Hortik, meta-aforismoak, aforismoen gaineko aforismoak. Hortik, irakurleari gauza bera egiteko luzatzen dion gonbita ere.

Gezi arinak bere ibilbidean, eragin zorrotzekoak helmugan, arlo ezberdinak jorratzen baititu egileak atalotan. Lehenik eta behin, hitzaren garrantziatik abiatzen da, idaztearen bidegurutzean zeharka, komunikazio prozesu oso baten garrantzia azpimarratuz. Liburuaren beraren oinarrian aurki genezake planteamendu hau: hitzarekiko maitasuna, forman eta bereziki edukiaz. Hitzaren formatik abiatzen da hitzaren mugak gainditzeko, konnotazio hutsetik harantz, komunikazio zuzena du xede, poesia zuzena. Bigarrenik, hitza eta poesia bizitzari estuki loturik agertzen zaizkigu, baina bizitzaren alderdi gertu baten ikuspegitik. Egunerokotasuna oinarri, gauza xumeek, hitzez adieraztean, izan dezaketen zentzu zabala. Hirugarrenik autoreak alderdirik gordinena eskaintzen digu, inguruko errealitateari loturiko bere ikuspegi garratza. Erreferentzia gisa agertzen zaizkigu bertan Joseba Sarrionandia eta liburu honekin punta komunak izan ditzakeen “Hitzen Ondoeza” gogoangarria, autoreak berak itzulitako Bertolt Brechten “K. jaunaren kondairak” eta Gabriel Aresti bera. Laugarren urratsean orokorrera jotzen du berriz autoreak, munduaren ikusketa zabalago batera, mundua nork betr burua ulertzeko baliabide gisa ulertuta.

Joxerra Garzia bere esperientzia propioetatik abiatzen da idazle eta irakurleen artean zubi bat eraikitzeko. Liburuko testuak nork bereak egiteko gonbita, komunikazioa eta gogoetarako saioa jakin-nahiaren azkura piztu nahi duten gezien bidez. Bide horretatik ekarriko duga liburuko esaldi bat gogora: “Hitzez hitz esaten denaren eta hitzez beste esaten denaren arteko tentsioan, horixe dugu koxka”. Eta hortxe, hain zuzen ere, irakurle gosetiaren erronka.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta