EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxerra Garzia Garmendia > Hemeroteca

Diario Vasco

2000-10-21 Gezimina | Felipe Juaristi

Joxerra Garziak berak noski, ez du aforismo hitzik erabiltzen idazten duena izendatzeko. Gustukoak dituen hitz jokoetako bat eginez metaforismo hitza baliatzen du izendatu nahi duena izendatzeko Egia da Joxerra Garziak-eta (familiatik datorkie nonbait halako sena) abilezia haundia duela hitzak hartu, zilipurdika jarri eta berriro lehengo egoeran itzuli ahal izateko. Bertsolari sena, beharbada. Hitzetatik harantzago joaki, ordea, hitzen azpitik urpekuntziaren moduan dabilen esanahia ere eskuratu eta harrapatzen duelarik. Logikaren sareaz noskitxo, eta nola arrantzaleak arraina tripak airean hondartzan, hala uzten du Joxerra Garziak ere esanahia biluzik denon aurrean. Urpekuntzia aipatu dudanez, esan dezadan bide nabar eta bide batez, edo bi bider, nahi izanez gero, liburuaren aurkezpenean Koldo Izagirrek testu zoragarria irakurri zuela, liburuaren doinuarekin bat zetorrena, eta hainbesteko ingeniorik (edo etorririk) ez daukagunok txunditutik utzi gintuena. Balio duenak balio du, eta gainera garesti.

Geziarena aipatu zuen Koldo Izagirrek saio polit hartan, eta geziarena aipatzen du Joxerra Garziak Robin Hooden irudiari lapurturiko armarena erabiliz, bihotzean sartu eta han geratzen dela adierazi nahian bezala Platonen Menon testuan irakurri dut ikaraiotzat hartzen zutela maisu haundia, eragina zuelako inguruko jendearengan, hura mugituz haiek ere mugiarazten zituelako, hura dardaraz jarririk besteak ere dardaraz jartzen zirelako. Horrelako zerbait gertatzen da testu geziantzeko hauekin.

Irakurtzen dira poliki, eta gure barruan halako zama uzten du, halako egonezina, non geure buruarekin bakea egitekotan itzulipurdika jarri behar ditugun berriro barruan sartutako hitzak, gezien modura baragi gorrian min eta zauri egiten baitute.

“Sofritzen ez dakienak ez daki gozatzen” esaterako.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta