EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxean Agirre Odriozola > Hemeroteca

Elkar

2008-11 “Denok dugu beste zerbait, beste nonbait izateko nostalgia" | Elkar

Nobela berri bat kaleratu du Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949), Joseba Jaka bekaren laguntzaz idatzia eta Elkar argitaletxeak plazaratua. Hainbat gai jorratzen ditu La lutte finale eleberriak, hala nolagizakiaren gainbehera, nortasunaren nahastea, borroka galduak edo emakumeenganako mirespena, batetik bestera dotoreziaz eta umore jostalariz igaroz. Gairik gai ibili gara gu ere galdezka.

Izenburutik bertatik hasita, La lutte finale hori harrigarria egingo zaio hainbat irakurleri. Zer da "azken borroka" hori?
Bi protagonista maskulinoak 60 urteren mugan daude, zahartzaroaren atarian, beraz, eta gainbehera fisikoaren (atal batzuetan gainbehera sexualaz hitz egiten dute bereziki) lehen abisuak sentitzen dituzte. Batak, narratzaileak, onartu-edo egiten du gainbehera hori eta besteak ez. Adinaren, denboraren, hondamendi fisikoaren kontrako borrokaz ari gara, ondorioz. Baina bidenabar badago gizateriaren “azken borroka” izan behar zuen eta ezerezean geratu zen gazte zireneko utopia sozialistari buruzko aipu edo omenaldi xume bat ere, biak Parisko Maiatzean ibilitakoak baitira.

Garai bateko borrokalari ezkertiarrei egindako omenaldi hori estetizista samarra gertatzen da; egiazko borroka iraungita dagoelako, akaso? Ala belaunaldi hura beste kezka eta beste zeregin batzuetara igaro den seinale?
60ko hamarkada bukaeran gazteak ginenok eztanda moduko bat ezagutu genuen. Hemen Burgosko epaiketa izan zen 70ean, maiatzak izan ziren Parisen eta Pragan 68an.... Nik literatura-zaletasuna bakarrik uste dut utzi nuela balizko iraultza horren aldarean eta gauza gutxi da hori, ikuspegi utilitario batetik begiratuta behintzat, baina gazte askok familia, herria, karrera edo bizimodu erosoak utzi zituzten iraultzaren alde. Orain ere bai, badaude, baina jarrera hori zabalagoa izan zela uste dut orduan. Esan dudan bezala, belaunaldi horrekiko omenaldi moduko bat badago eleberrian, baina zeharkakoa da oso eta, hain zuzen ere, klandestinitatearen alderdirik groteskoenetako bat erabili dut garaiak gogoratzeko: alderdietako barne-informazioarena. Beldur naiz ez ote dudan karikaturara gehiegi jo.

Aipatu duzun lehen esanahiari dagokionez, behera beharrak beti sortzen duen larritasuna umorearen bitartez konjuratzeko saiakeratzat jo liteke?
Ez naiz bereziki Kundera zalea, baina arrazoi ematen diot nobela generoaren sorrera (Rabelais, Cervantes...) umorearekin lotzen duenean, lehen nobela horiek irudimenaren festa bat baitira. Gaurko umorea neurtuagoa da eta nobela honen kasuan umorea ez dabil tristuratik oso urruti ere. Irakurri duen batek tristea iruditu zaiola esan dit eta beste batzuek umorea duela. Nik neuk, algararik egiten ez banuen ere, barre haize bat ezpainetan nuela jarduten nuen idazten.

Liburuaren gai zentraletako bat nortasun-nahasketak dira, eta esan liteke norbera beste batzuekin nahaste horiek aurreko zure liburu batzuetan ere ageri zirela; zer dela-eta duzu horren gai kuttuna?
Nobelaren eremua giza existentzia da bere korapilo guztiekin eta bere egitekoa ez da errealitatea islatzea, existentzia posibleak irudikatzea baizik. Nahikoa deprimentea da mundu honetan behin bakarrik biziko garela jakitea, gainera beti bat eta beti bera izango garela pentsatzeko. Denok dugu beste zerbait, beste nonbait izateko nostalgia. Aurreko nobelan golem-aren edo doblearen gaiarekin ibili nintzen bueltaka eta Romain Garyren eredua arakatu nuen, Emile Ajar izeneko beste idazle bat asmatu baitzuen, estilo eta obra propioarekin eta iloba bidaltzen baitzuen haren izenean sariak jaso eta elkarrizketak ematera. Nobela honetan alderantziz da. Narratzailea hain da gizon arrunta eta ordezkagarria, umeek bere aitarekin eta emakumeek bere senarrarekin nahasten dutela. Doblearen kontu hori lotsati garenon fantasmakeria bat ere izan daiteke, baina ordezkagarri sentitzea edonori gertatzen zaigula uste dut.

Eta emakumeenganako kontenplazio mirestu hori, debozioaren eta voyeurismoaren erdibidean dagoena, guztiz serio hartu behar dugu, ala hor ere baduzu posetik zertxobait?
Ikuspegi maskulino batetik begiratuta daudela uste dut emakumeak. Ez zaizkit begirada femeninoa duten gizonezkoak interesatzen. Emakumetasuna goretsiz geure gizatasuna indartu uste dugulako begiratuko diegu horrela seguru asko. Begirada horretan voyeurismotik ere asko dago.Txikitako begiratzeko modu perbersoa ere ageri da, seguru nago, munduari zirriztuetatik begiratzeko umearen modu hori. Eta sublimazio puntu bat ere egongo da, hori ikusteko ez da Freud izan beharrik. Pindarok bizitza erdia eman omen zuen joko olinpiarretako atleten indarra goresten eta, diotenez, ez zen kapaz korrika saio bat egiteko. Ez dakit. David de Jorge sukaldariari elkarrizketa batean irakurri nion bizitza honetako plazerik handienak debaldekoak direla eta bi aipatzen zituen: belarretan hanka-hutsik ibiltzea eta emakumeei atzetik begiratzea. Berarekin ados nago. Esan beharra daukat plazer bat izan dela Nadia eta Natalie bezalako bi emakumerekin orduak pasatzea. Bi urte eman nituen biekin “bizitzen”, eta larunbat arratsalde batez, nobela bukatzen ari zela-eta despeditu nituenean, nostalgia handi bat sentitu nuen.

Oso deigarria egiten da, laudorioa onartzen badidazu, ze dotore idatzita dauden esaldiak, eta aldi berean irakurtzeko erraz. Zure idazmoldean, buelta asko ematen diozu paragrafo bakoitzari, ala urteetako lanbideak ekarri dizu halako erraztasun bat?
Lausenguak alde batera utzita, badakit barregarri samarra dela baina barne ahotsaren teoriarekin erantzungo dizut. Nire inguruan egin dudan galdeketa baten arabera, pertsonen erdiak-edo beren baitako ahots baten konpainian bizi dira. Goizean jaiki eta irratia pizten duenak edo gosariarekin batean egunkariak irakurtzen dituenak, ahotsik ez duen seinale. Ahotsarekin bizi garenok ez dugu kanpoko arrabotsik nahi izaten, bakartiak gara, isiltasuna maite dugu. Ez da ahots larria. Ez da subkontzientetik jaiotzen den ezer. Gertuago dago Joyceren kontzientziaren korrontetik, baina ez da hori ere. Arinagoa da, jostalariagoa, txoroagoa eta tarteka txiste txarrak egiten ditu. Ahots hori da nobela honetan narratzaileak baliatzen duena, eta beste ahotsak, beste pertsonaiak, ahots nagusi horren kontrapuntu gisa definitzen dira. Horrek ez du esan nahi ahotsak diktatu ahala idazten dugunik. Ahotsari hitz egiten utzi behar zaio. Ahotsak ere egunak ditu. Batzuetan gardenago entzuten da. Beste askotan urrunean baizik ezin diogu antzeman. Egun ona duenean aprobetxatu behar da idazteko.

Lanbidea aipatu dut, eta hogeitaka urte daramazu kazetaritzan, kultur gaiak lantzen batik bat. Harremanik gabeko arlotzat dauzkazu kazetaritza eta literatur sormena, ala zer harreman mota dute biek zuregan?
Balio al du lehen aipatu dudan ahots horrek kazetaritzarako? galdetu beharko nuke. Ahots hori pertsonalegia, jostalariegia da erreportajeak idazteko. Egunkari batean dena presaka idazten da eta ez da egoten betarik barne ahotsa nondik nora dabilen begira ibiltzeko. Are gehiago esango dizut, erredakzioko atetik sartzen zaren unean bukatzen dira beti literaturarekiko nire burutazioak.

Eleberriak baditu hainbat hari-mutur, ez da inola ere lineala; nola egiten duzu eraikitze-lana: aldez aurretik planifikatuz noiz pasatu gai batetik bestera, ala modu intuitiboan erabakitzen duzu, idatzi ahala?
Nobela honen kasuan nahikoa erraza izan da. Lau nahasketa istorio daude nobelan kateaturik eta lehenak ematen dio batasuna tramari. Zahartzaroari buruzko proiekzio batzuk egin nahi nituen Lisboako San Jorge gazteluan ezagutu nuen aitonaren bizimodua irudikatuz, baina hori motz geratu da, nobela ez luzatzearren. Behin hezurdura hori edukita, bi maitasun istorioak gurutzatu nituen eta oso erraza egin zitzaidan haria eramatea.

Idazketa pausatua duzu, denbora uzten duzu eleberri batetik bestera; hurrengorako ideiak badituzu koadernoren batean, ala oraingoz atsedena hartuko duzu?
Datorren udan erdizka bederen jubilatu nahian nabil eta irailak esku artean zerbait dudala harrapatzea nahi nuke. Ideiatxoak baditut, baina ez naiz batere sistematikoa apuntatzeko orduan. Egun batean ideia bat izugarri ona iruditzen zait eta biharamunean ohartzen naiz ez duela ezertarako balio. Nobela honek oroitzapen oso onak utzi dizkit eta horrek asko laguntzen du berriro idazten hasteko.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta