EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Luis Alvarez "Txillardegi" > Hemeroteca

Euzko Gogoa

1957-05 Leturiaren egunkari ezkutua | Etxaniz´tar Nemesi

Oarra: Euskaltzale itsu-itsuak gaituzu, ala ere, euskera’kikoak oro egiaz ta begiaz ikusi nai genituke. Ori dala-ta, idazti baten beraren bi iritzi pozarren ematen ditugu, egiaren muina atzeman nairik. (E.G.).

Ona emen euskaltzaleok pozik ar genezaken idaztia. Dakarrena dakarrelako ta datorrenagandik datorrelako. Alper asko dugu euskeraz ikasten asten diranen artean. Asi… ta bertan utzi. Areago oraindik asteko kemenik ere ez dutenen artean. Gaurko idazti onen egileak ez du orrelakorik. Euskeraz ikasten asi, ta zazpi urterako onelako liburua ematen duan gizona, ez da baztarrerako egiña. Euskaldun berri degu, beraz, egilea. Ai onelako asko!

Eztegu, ala ere, intzentsu utsetan gure iritzia urtu nai. Liburuak goragarri asko ditun arren, ba-du alako gordin-antza ere. Bizi-bizi ta idazkera ebakia dakarkigu gazte onek; baña mirari zitekean euskaldun berri batek gure izkuntza zearo egosia agertzea. Ba-du, beraz, euskaldun berriaren usai pixka bat noizik bein. Ez da arritzeko, ta Txilardegi azkarrak artuko zion bere ume oni usai ori.

Ala ere, oso txalogarri jotzen degu egin duan lana, ta agertu digun eskua eleberri-sallean.

Dakarren gaia, gaur-gaurkoa degu gizaldi jorratu onen buruetan. Gizadia gudu-aizez astindua ikusi diguten gazteok, lengo bizieraren berri eztakite. Guzia erortzen ikusi dute, gizonen erakutsiak auen egiteetan urratuak ikusi dituzte. Ta gaztediaren galdera au da: Al-da ezer egiarik? Al-da egia ezagutzeko bide ziurrik?

Idazle gazte onek Unamuno’ren erakutsia ta burukera ederki azaldu zizkigun Aldundi’ko liburutegian. Unamuno, Ortega ta beste zemait pilosoporen gogoetak, gazte auen muñetan gogor eragiñak ditugu. Gure gaztediaren zalantza gaitza agertzen digu, ain zuzen, Txilardegi idazleak.

Leturia’k zoriona ta egia arkitzea du bere kezka zirikatzalea. Bakarrean pozik zegoena, Neskatxa baten agertzeak maite-irrikaz jo du. Maitasun-bideak ez dio Leturia’ri eragozpen asko ekarri. Eztegu emen zemait eleberrietako ari-mataza nasturik. Neskatxaren ezaguera, maitasun agiriko biurtzen zaigu lan aundirik gabe.

Maitalearen mundua poliki agertzen digu Txilardegi’k. Griña biziari oztopo asko jartzen ezpadizkio ere, maitalearen gora-berak, poz-kezkak, maltearen jokaerak, egoki daramazki bere artian.

Zoriona eskuratu du, ustez, eta orduantxe asten dira berriro Leturia’ren kezka zorrotzagoak. Zorion-jabe zalakoan ezkontzara jo du; ta-zorion-kabi ura utsik bilatzen du. Biotzak eztu arkitu an, uste zuen egon pozgarri-luzerik. Bereala aizez puztutako pilota bat, zulo txiki bat egiten ba-zaio andik uzten dan bezelaxe; alaxe gerta zaio gure ezkon-berriari. Zorionak urruti aldegin dio. Mendi-gañean ikusten ditugun lañoak, galurrera igo ta eskuz ikutu ezin ditugun gisan; ala dabil gure Leturia ezkondu ezkeroko bere bizitzan.

Orduan alderdi berriak ikusteari eman dio, ta ba-dijoakigu Paris’era. An ere orobat gertatzen zaio. Len-egunak pozgarri, aldi pixka bat igaro-ondoren, bere Zorion-bidea galdu zaio.

Gerokoa azkar dator. Emaztearengana itzultzen da senar gaztea. Gaitz larripean arkitzen du gaxoa. Gaitz arek luze gabe galtzen du emaztearen bizia, ta Leturia bere Zalantza-gaitzak menderatuta pendiz baten bera dijoa betiko pakearen bila.

Azken iluna Txilardegi’k bere Leturia’ri eman diona. Gaurko gazteen buruetan diran lañoen antzekoa.

Liburuak Lizardi zanaren Urte-giroak darabilzki gogoan. Aren itzala pizten du azkenerarte. Arek Udazkenean nai zukean jo-muga, Leturia’k Neguan arkitu du.

Euskeraz etzan onelako gairik aztartu egundaño. Au degu pozgarri. Gai berriak lantzea; kezka berriak arrotzea nai genduke gure izkuntzaren baratzan, ta auxe egiten digu txalogarriena Txilardegi gazteak.

Bijoakio gure zorion-agurra, ta iñola ere gure txaloak lanerako akulu balitu, biotzez jotzen dizkiot nereak, bide ortan aurrera jo dezan.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta