EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Luis Alvarez "Txillardegi" > Hemeroteca

Diario Vasco

2004-10-15 Euskalgintza | Felipe Juaristi

Egun hauetako batean egin diote Txillardegiri omenaldia bere hirian, Koldo Mitxelenako aretoan hain zuzen. Horrekin batera, halako erakusketa modukoa ere antolatu da aipatutako kulturgune horretan Txillardegik argitaratutako liburuekin. Elkar argitaletxeak bestalde liburu mardul hau kaleratu du. Bertan biltzen dira 1956tik 1983raino Txillardegik idatzitako testuetatik aukeran egokiak ziren zenbait testu desberdin. Saiakera kutsua du, noski, testu gehienak euskararen ingurukoak baitira. Izan ere euskararen aldeko lanen eta borrokan eman du Txillardegik bere bizitzako denborarik gehiena, bai maila praktikoan, bai maila teorikoan.

Aipatzekoa da testu aukeraketa honetan badirela batzuk frantsesez idatzita daudenak eta beste bat gazteleraz idatzitakoa, euskal hizkuntzaz hain zuzen. Azken finean gaztelera ere bada gure herrian, eta horri uko egitea aireari edo euriari uko egitea bezain barregarria da.

Garbizalekeriaren kontrako aldarrikapen argi eta ozen batez hasten da bilduma. Txillardegi, ez dezagun ahantz euskaldun berria da, gaur egun euskaltzale asko diren bezala, idazle asko tarteko, euskarak baserritik mundura joan behar izan baitu asentatzeko, arnasa hartzeko, bizi berri bati ekiteko. Euskaldun berriak dira euskal kulturaren sustatzailerik sutsuenak gainera. Bistan da.

Bestalde, esan beharra dago, testu askok ukitu zientifikoa dutela, ez direla pentsamendu edo iritzi baten garapen edo zabalkunde soilik, baizik eta datu bilduma ekartzen dute, grafikoak eta abar. Liburuak, dena dela, balio du, bere horretan, ulertzeko euskararen normalizaziorako bide luze eta maldatsu horretan zer esan den eta zein izan diren benetan esateko zutenak eta esan dutenak. Isiltasun asko ere egon baita eta badago bazterretan.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta