EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

El País

2007-01-08 Mikrohistoria | Jon Kortazar

Jon Alonsoren (Iruñea, 1958) Erretzaileen eremua liburu honen barnean kontatzen da editorial txiki batek liburu interesgarriak edo oso interesgarriak argitaratzen dituela. Balizko argitaletxe hori benetakoa balitz, ziur naiz liburu hau bere katalogoan izan nahiko lukeela.

Hamahiru ipuin bildu ditu egileak liburuan, irakurgarriak denak, nahiz eta, ohikoa denez, irakurle bakoitzak bereak egin batzuk eta beste batzuei buruz hain iritzi ona ez erakutsi, hain estimagarri ez iruditu. Dena dela, bat-batean ikusiko du oso ondo zainduta dela liburuaren egituraketa. Ipuinak alde bitan banan daitezke, batetik ipuin alegorikoak ditugu, neurri batean politikoak dei genitzakeenak, eta bestetik ipuin pertsonalagoak; haiek joera alegorikoagoa dute (”Afera pertsonal bat”), beste hauek pertsonaien une jakin bat hartzen dute kontagai eta garaiaren irudi zorrotza eskaintzen dute (aitortu behar dut bikaina iruditu zaidala “Eulia azaroan”); haietan denbora eta espazioa lanbrotu egiten dira; hauetan zehaztasun pitin bat ematen da, eta behintzat pertsonaiek izena dute. Liburua eratzeko orduan alde batekoak eta bestekoak batuak eta txandakatuz aurkeztuko zaizkio irakurleari.

Bietan baina, eta hauxe liteke liburuak eskaintzen duen hari gorria, batasun haria, denetan nagusitzen da etsipen puntu bat, historia pertsonaien menpe ez dagoela sinesten den joera bat, eta haren bidetik, pertsonaiak historiak maneiatzen dituela eta harena historiaren aurrean errebolta txiki bat egitea besterik ez dela. Ideia behin eta berriro errepikatzen da, eta batez ere, era nagusi baten “Afera pertsonal bat” deituriko ipuinaren azken esaldian : “Izenik gabeko objektua, gas-molekula, hodeia. Kea, gizon bat bezala”. Mikrohistoriak borobiltzea izan da idazlearen helburu nagusia.

Erretzaileen eremua ez da ipuin baten izena, ez da testuan aipatzen. Metafora nagusia da, egileak pertsonaia bereziei eskainitako tokia, bazterraren aipamena, baina era berean joko nagusia, berezien tokia. Eta idazleak jakin du eguneroko arruntasuna edo ideologiaz betetzen, pentsakizunari bideak irekiz, edo pertsonaien bizitza grisa kontatzen eta tentsio nabarmenez bere egoera tristea orokor bihurtzen, joko literario sendoa eraikiz.

Egoera sinisgarriak metafora bihurtzeko esku garbia eta maisua erakutsi du Jon Alonsok, liburu interesgarria ez ezik, gozagarria ere aurkeztuz.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta