EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Argia

1995-07-23 Literaturaz gogoetan | Xabier Mendiguren Elizegi

Baten batek esan lezake uda-partea ez dela urteko sasoirik onena saio-liburu bat irakurtzeko. Tira, saiakera interesatzen ez zaionak beti izango du aitzakia aproposa, baina gustoko duenarentzat edozein garai da egoki, hausnarketara gonbidatzen gaituen liburu bat irakurtzeko. Urtean zehar ez da askorik ateratzen gainera, eta alde horretatik are pozgarriagoa da Jon Alonso iruinsemearen “Idiaren eraman handia”, iazko Mikel Zarate sariaren irabazlea.

Pentsatzen duten idazleak Nafarroan daudela zioen aurreko batean Txema Larreak Argian: ez dut uste nafartasunak berez garuna garatzen duenik, ezta gipuzkoanismoak neurona-kopurua murrizten ere, Larreak halako zerbait iradoki nahiko balu ere. Nolanahi ere, konstatazio moduan egia da gaur egun saiakera idazten duten egile apurretatik gehienak errege gabeko erresumakoak direla.

Zuri probintzianismoak ez baina liburua axola bazaizu, kontatuko dizut gaia: literaturaren sorkuntzaz dihardu, honetaz nagusi den irudi erromantikoa kritikatuz: hau da, jeinuaren inspirazioaren eta orijinaltasunaren tokian, lanari eta ereduei (=plagioari) ematen die garrantzia Alonsok. Batzuetan esajeratu samarra da egilea, nahita nik uste, gehienetan doi, zehatz eta zorrotza, eta beti-beti kilikagarri, zirikatzaile eta gustagarri, literaturazalearentzat batik bat.

Besterik da edizioarena. Behin eta berriz esanagatik zabalkunde eskasa izan ohi dutela halako argitalpen instituzionalek entzungor egiten dute. Tira! Hala ere, beraiek editatzekotan, hobeto egin ditzatela gauzak, bederen: honek, adibidez, tetra txiki-txikiko 100 orri betetzen ditu. Ez ote zen hobe, letra lasaixeagoz egitea 150 orri hartuta ere?

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta