EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Gara

2007-01-06 Kontraesanak | Aritz Galarraga

Erretzaileen eremua ipuin bildumarekin genero berri baten lurrak zapaldu ditu denetarik pixka bat idatzi duen Jon Alonsok. Harritu ninduen hasiera batean datu hori ezagutzeak, idazlearen ezaugarrietarako eremu aproposa zela irizten bainion ipuingintzari. Baina ez, orain artean nobelak, saiakera-nobelak, rapsodia-nobelak eta generoen etiketa zaharkitu oro gainditzen dituzten literatur lanak argitaratu izan ditu Alonsok, gogoan gordetzekoak horietarik asko gainera. Lehen narrazio lan honetan, beraz, norabide anitzeko 13 ipuin aurkituko ditu irakurleak, hasierako usteak konfirmatuz, idazlearen ipuingintzarako balioa agerian uzten dutenak. Ikus ditzagun liburuaren nondik norakoak.

Narrazio laburrok (dozena bat orrialde gehien jota) norabide anitzekoak direla esatearekin, gaien aldetik aniztasun handia dagoela adierazi nahi nuen. Badira (gehiengo izan ere) politikarekin aldez edo moldez zerikusia duten ipuinak (lehen hirurak esaterako: “Etxe erosia”, “Liderra”, “Zamaria”). Badira torturaren (”Euskara izan”), espekulazioaren (”Gizona teilatu gainean”) edota enpresa gora-beheren gainekoak (”Errealitate aldakorraren ezpalak”). Badira eite diferentekoak egiten diren bi, zahartzaroari buruzkoak edo, drama familiar garaikidearen traza hartzen dutenak (”Izeba Matilde” eta “Eulia azaroan”). Ezagun egiten diren istorioak guztiak ere, irakurleari gertu-gertuko izango zaizkionak.

Baina gaien zerrendapen hutsean geratzea erabat anekdotiko litzateke, idazlearen nahia, intuitzen dugu, askoz urrutirago iristen baita. Narrazio guztion gainetik badabil zera komun bat, bildumari halako batasun bat ematen dion ideia bat: izan ere, gaur egungo gizabanakoaren eta, ondorioz, gizartearen kontraesanak agerian uzten dituzten narrazioak dira liburu honetakoak, XXI. mende hasierako euskal gizartearenak, baina ikusmira orokorrago batean, baita mendebaldeko gizarteenak ere. Hau guztiau, kontuan izanda interpretaziorako tarte handia uzten duen liburua dela Erretzaileen eremua, hamaika irakurketa eskaintzen dituena.

Kontradikzio horien haragiztapen gisa, ipuinotan barrena agertzen diren pertsonaiak genituzke. Grosso modo, bi klaseetakoak bereizten ahal dira: errealitatearen aurrean faltsu eta koldar agertzen direnak batetik, eta duintasunari eusten diotenak, bestetik. Azken hauek lirateke, agian, erretzaileen eremura mugatu nahi dituzten erresistenteak eta ipuinotan zehar horien errebindikazio moduko bat ere badagoela esango nuke: etxea eraitsi aurretik teilatura igotzen den Santos edota aitaginarreba zaintzen duen Valentina, esandakoaren adibide. Txanponaren beste aldean, hainbat putakumerekin ere egingo dugu topo eta, esan behar, pertsonaia horiek modu trufarian agerrarazten dituela Alonsok. Nola ulertu bestela “Errealitate aldakorraren ezpalak” ipuineko sindikalistari Armani izena jartzea?

Horrela, gaur egungo garaiari nahiz iragan hurbilari egindako errepaso zorrotza da Jon Alonsoren estreinako ipuin bilduma. Eta ondorio gisa, sententzia bat baino gehiago atera daiteke. “Nola aldatu diren garaiak” irakurtzen ahal da “Zamaria” narrazioan, edota “jende zenbait —gero eta gutxiago, egia esan, eta eskerrak— gauzen berezko ordenaren aurka oldartzen tematzen den arren”, “Le bon sauvage” izenekoan. Baina esperantzarako zirrikitu bat uzten duena, era berean. Zalantzarik ez dago, aldiz, hurrengo sententzian: euskal ipuingintzaren une gozoa konfirmatzera dator Erretzaileen eremua bilduma. Ez zaio damutuko bertara hurbiltzen denari.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta