EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Diario Vasco

2003-10-05 Historia fikzio, fikzio historia | Aritz Gorrotxategi

Esan ohi da idazleei esker herri bateko memoria historikoa bizirik mantentzen dela. Horren harira, Balzacek eleberrigilea historialari pribatu gisan definitu zuen; hitz bidezko aldamioak baliatuz, garai eta gizarte jakin baten bizitza sekretua, afektiboa, artistikoa, soziala eta ekonomikoa berreraikitzen zituen pertsona bezala.

Filosofia honen ildotik doazen hiru liburu eman dira argitara gurean urtea hasi zenetik. Montoiaren Denboraren izerdia, Joxe Belmonteren Hamar urte barru eta Jon Alonsoren Hodei berdeak, aparteko zutabea mereziko lukeena. Hirurek ere, gune fisiko eta trenpu ezberdinetatik abiatuz, gure historiaren lekukotza txikia ematea dute xede.

Historia nolakoa izan zen baieztatzeko asmotik urrun, egia bakarraren bilaketaz ezaxolati, iruditzen zait idazleen helburua kontrakoa izan dela; historia “itxi” ordez, irekitzea, aberastea. Datu enpiriko eta frogagarrien gainetik pertsonak baitaude, eta pertsonak mugiarazten dituzten motibazioak ezberdinak dira. Motibazio horiek dira idazle hauei interesatzen zaizkienak. Motibazio horiek arakatzea, Balzacek definitzen zuen historiaren alderdi pribatua azaleratzeko. Finean, gure alderdi pribatua, euskaldunona.

Jakina, liburuotan agertzen dena ez litzateke baliagarria historiari buruzko auzi unibertsal batean —sen onak libra gaitzala molde horretako epaiketez—. Baina, esan bezala, asmo horretatik urruntzen dira hiru liburuak. Kontua ez da historia juzgatzea edo bertsioak baliogabetzea. Egia bakarra finkatzea edo arrazoiaren jabe izatea. Edozein psikoanalistak joko luke jarrera hori heldugabetzat. Hortik atera kontuak. Aitzitik, nago gakoa dela historia ahalik eta osotasun handienean ulertzea, xehetasun posible gehienak bilduz, publikoak eta pribatuak, ofizialak eta extraofizialak, emoziozkoak eta arrazionalak. Literaturak badu zeresanik horretan. Oroimena berreraikitzeko duen ahalmenean.

Hiru liburuok frogatzen dute hori. Fikzioa eta historia nahasteko ariketa osasuntsua dela erakusten baitigute. Baliagarria bezain atsegina.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta