EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Diario Vasco

2002-02-02 Hariak | Felipe Juaristi

Saiakera bakarra barik, zazpi saiakera biltzen dira bakarrean, zazpiak bat alegia, zazpiak batekin edo bakarra zazpiekin bestela ulerturik. Ezer aipatu eta epaitu aurretik esan dezadan oso gustura irakurri dudala liburua, poz-pozik, liburua interesgarriaz gainera, inteligentea iruditu baitzait. Ez da gutxi, bizi (bixi edo bixigu) ditugun garai hauetan. Zer ikusirik dute aurrerapen genetikoek Sciascia edo Borgesekin? Zer, txakolina bezalako ardo (ardo?) gureak sendabelarrekin (ez sendabelarriekin)? Zer psikiatraren diban erosoan etzateak Medearen mitoarekin? Dena eta ezer ez. Literatura da gaiak lotu eta harilkatzen dituena. Literatura da saiakerari ikuspegi berezia, berea alegia ematen diona. Aurrerapen genetikoen gaiak unibertsaltasunaz aritzeko aitzakia ematen dio idazleari. “Unibertsaltasuna, literaturan, beste mito bat da”, ateratzen du ondorio, eta ez nago ados, baina interesgarria iruditzen zait ondoriora iristeko egindako bidea. Sciasciari eta Borgesi buruz ere aritzen da, oso testu literarioak dira, eta esan dezadan ados nagoela Jon Alonsorekin, irakurketei dagokienean. Nik ere oso maiteak baititut “Il Consiglio d’Egitto” eta “Traidorearen eta Heroiaren gaia”. Espioiei buruzko nobelak irakurri eta filmeak ikusi ondoren batez ere ulertu nuen Borgesek esan nahi zuena. Txakolinari buruzkoa polita da ideia gisa, baina euskal gastronomiaren sorrerari buruz esaten dena esan daiteke euskal zera guztiei buruz, baita nobelari buruz ere. Burges jendearen asmakizuna baita nobela. Eta literatura? Eta poesia? Eta filosofia? Gozatu, Conrad aitzakiatzat harturik bere lehen hizkuntza ez den batean idazten duten idazleei buruzkoa irakurriz gozatu naiz. Ez da Conrad soilik, Nabokov ere bada tartean, eta Steiner, eta errumaniarrak, Celan tarte.

Nik neure zalantzak ditut, dena dela. Noraino zen haien literatur hizkuntza beren lehen hizkuntza? Eta lehen hizkuntzari buruz Jon Alonsok dioena neronek ere sinatuko nuke. Medea geratzen zaigu. Hurrengorako utziko dut eztabaida.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta