EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Radio Euskadi

2007-03-04 Erretzaileen eremua | Goizalde Landabaso

Kea ala sua? Zer dago liburu honetan? Esan nahi dut, azala begiratuta kerik ez da ikusten, zigarro bat bai, baina amatatuta dagoen kalamua-zigarroa dirudi. Hasierako hitzak hartuta ere ez dirudi ke askorik dagoenik. “Etxeak, kanpotik ikusita, ez zuen itxura txarrik. Barrutik besterik zen, ordea…”. Uste dut liburua ederto azaltzen duela esaldi horrek. Izan ere, kerik ez da igarriko baina gorputzean bertan ematen den barru-konbustioa ukaezina da.

Bizitza fizkioa egiteko inspirazio iturririk onena da. Bai, beti dago errealitatean inoiz, inon jazotako zerbaitetan oinarrituta, baina liburu honek kriptikotasun argiagoan edo ilunagoan gertakizun bat eta beste kontatzen ditu. Esan nahi dut, zuk eta biok beharbada ez dugula adituko zein ote den Balkan Txiki argitaletxea, edotako bertako editore piromanoa. Eta Makondo entzunda Garcia-Marquezen lurraldeetara joko duzu… baina halako batean, zenbait gauza entzunda… esaterako… “Ezaguna denez, 1937ko apirilaren 27an, Gobernuak, atzerriko potentzia baten abiazioaz baliatuz, Macondo herri meatzaria birrindu zuen”.

Kerik ez da, ez, sua dela esango nuke. Akritikotasunetik ez da inondik inora agertzen, eta lerro artekoak gehiago dira. Askoz gehiago.

“…Haserre daude. Saiarekin gehiegizko babesa erabili dugula diote, koloniak neurrigabe hazi direla, ez daukatela nahiko abere hilik jateko, goseak daudela, eta horregatik erasotzen diotela ganaduari”.

Eta pentsatu nuen, “haserre dago, gero”. Eta gero Darwinekin gogoratu nintzen, eta hauteskundeekin, eta Macondorekin, eta Gizon Handiarekin, eta teilatu gainetik jaitsi nahi ez duen anaiarekin, eta hondar-hondarrean haiek gu bezala pasta berberaz eginda daudela, eta gorbataren korapiloa urka-bilurra zaiela, eta nagusi izan nahi dutenek erasotzen dute bakarrik ez bazterturik daudenek… hainbeste kontuetaz.

“…liburu handi batek irakurle handi bat eskatzen zuen; eta irakurle handi bat horrek irakurle sortzailea esan nahi zuen; alegia, bere burua liburuaren jatorrizko hitz, ideia, datu eta pertzeptzio estetikoko eskema ugariekin kontrastatuko zuen irakurlea…”.

Esaldi asko dira gustatu zaizkidanak… “Pentsamendurik ilunenak pentsatzen ditu batek, denekin bukatu nahi du halako batean, eta sekula buka ez dadin otoitz egitten du hurrengoan” eta beste hau ere bai…”oskolik gabeko barraskilo baten antzerako zerbait baizik ez naiz, pentsatzen zuen, lika, beratz, hauskor, zaurigarri”… eta beste asko baina irakurketaren gozamena ukatuko nizuke, eta hori bekatu da irakurle batentzat.

Erretzaileen eremuak ez du kerik, azalean ere ez; sugarrak dira barnean daramatzanak, milaka kilometrotara ikus daitezkeenak… beti ere itsu ez bazara.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta