EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Maxixatzen

2002-01 Agur, agur | Xabier Gantzarain

Bilbon emandako azken hitzaldian Bernardo Atxagak esan egin zuen beste askok ixiltzen dutena, hizkuntza eta kultura komunitate gisa desagertzear gaudela. Profeta lana arriskutsua da, baina norbaitek egin behar du hori ere. Beste batzuetan, profetarena ez eginda ere, hitzak profetikoak bilaka daitezke. Eta hori gertatuko da Jon Alonsoren liburu honekin.

Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika eta Pamiela argitaletxearen orbitan dabilen jendeak sortu zuen Juan Zelaia Saria, saiakera literario motzak, orri kopuruaren arabera, bultzatzeko asmoz. Hemen edozein ekimen txalotzeko joera dugu, baina hau benetan zen txalogarria. Euskaraz saiakerak eta onak irakur ditzakegula erakusteko nahia ere izango zen sortzaileen gogoan. Nola esan, biharko arkeologoentzat utziko ditugun aztarnen nolakoak kezkatzen gaitu.

Saria Agur Darwin-ek eskuratu zuen, epaimahaiaren iritziz “… zenbait soziologia irizpide eta literatura beraren zaharkitzearen inguruko gogoeta gisa orijinal eta erakargarrian harilkatua delako; literaturatik abiaturik, generoak gaindituz eta narrazio landu eta interaktiboaren bitartez, interesa piztu eta atxikitzen duelako; irakurlea beti ados ez izanagatik ere saiakeraren egitekoa betean garatzen duelako”.

Zazpi saiakera motz biltzen ditu liburuak, baina lotura nabarmenak daude zazpi saiakera hauen artean. Literaturaren mitoak aztertzen ditu, unibertsaltasuna, kasu. Baina literatura bera da zalantzan jartzen duena. Literaturaren funtzioa. “Orain uste dut ulertu dudala zergatik batzuk tematzen diren hainbeste idazleei nobelak eginarazten: aztarna arkeologiko ugari utz ditzaten, aizkorak apain-apain egin eta, zer egiten ari garen konturatuko ez bailiran, arduraz lurpera ditzaten nahi dute, etorkizuneko ziberarkeologoek gure berri eduki dezaten.

Neanderthal-ak, baina, behar zituelako egiten zituen aizkorak. Hil ala bizikoak zitzaizkion. Eta aizkorak herioak harrapatzen zuen tokian kausitu dira, inolako traszendentzia nahirik gabe erabiltzen zituelako.”

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta