EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jean Louis Davant > Hemeroteca

Deia

2009-05-23 Zuberoako literaturaren testigantza | Patxi Sarriegi

Jean Louis Davantek Zuberoako literaturaz egindako antologia liburu oparo bezain mamitsua da. Euskaltzainak izeneko bildumaren barruan Euskaltzaindiak argitaratutako liburuak, ezeren aurretik, euskal literaturaren historia diakronikora garamatza, ezinbestean, hortxe Jean Louis Davantek egindako ahaleginaren lekukoa. Gogorarazten digunez, Zuberoako literaturaz jadanik hor ziren, batetik, Txomin Peillen Zuberoako itzal argiak liburua, XV. XVI. eta XVII mendeak jorratzen zituena, eta bestetik, Davantek berak XX mendeaz idatzitako Zuberoako idazle zenduak.

Bien artean zegokeen hutsunea betetzera dator oraingo honetan Davantek prestatutako antologia, hain zuzen, XVIII eta XIX mendeak jorratzeaz gain, liburu honetan gaurko idazle bizien aipamenak ere agertzen baitira. Egileak berak aitortzen duenez, 2007ko maiatzaren 27an Bilbon egindako hitzaldi batean konturatu zen hutsuneaz, Zuberoaren ohoretan Mendebalde Kultura Alkarteak antolatutako XI jardunaldietan. Han ziren idazle andana zuberotarra gehiengoa, horren lekuko.

Hortaz, libururako idazle ezagunenen biografia eta bibliografia laburra prestatu ditu Davantek, mendez mendekoa. Bere ahalegina, berriz, autoreen idazkiei eskainitakoa da, toki zabalagoan. Hain zuzen, obra horietako zati argigarrienei garrantzia ematea izan du helburu, irakurleari zubererazko testu sorta ahal bezain mardula zuzenean aurkeztea liburuaren jomuga. Autore aukeraketa ere, interes bizikoa; besteak beste, zaharrenetatik hasita, hor dira Leitzarragaren laguntzaile zuberotarrak; Zalgiz, atsotitz biltzailea eta poeta; Ezponda mauletarra, Etxart legegizona; Tartas apeza; Jakes Belakoa; Belapeyre mauletar apeza; Egiategi filosofoa; Mardo bertsolaria; Abbadia aita-semeak… eta XIX eta XX mendeko idazle andana luzea.

Liburu bukaerako hiztegia ere, atal biziki interesgarria da. Zubereraren lexikoaren aberastasuna agerian uzten du, baita une oro ere irakurlearen ezjakintasuna, nork bere harridurarako; aujaume, aztal, barber, broketa, bilaxka, engoitik, gresilla, iñazi, kanbera, mera, txeste, zainart… adibide bakan batzuk baino ez dira. Esan gabe doa, liburua testu ugari eta kontu interesgarriz josita dator, asmatu du Davantek Zuberoako literaturgintza zabaltzen, testu aukeraketa egokia egiten. Liburuan zehar aurkitutako altxorra horren lekuko. Literatur euskaltzaleak badu Zuberoako literaturara hurbiltzeko saio aparta eta aberatsa, Davanten ekimenez.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta