EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Irati Jimenez Uriarte > Hemeroteca

bizkaie!

2009-04-27 "Fikzinoak salbau egin nau askotan" | Karolina Almagia

Bat, bi Manchester (Elkar, 2006) eleberri laburragaz sekulako arrakastea lortu eban Irati Jimenezek (Mundaka, 1977). Hori dala eta, ikusmin handia sortu dau bere lehenengo eleberri luzearen argitarapenak. Igartza bekan akzesita lortzearren jasotako laguntzaz idatzi dau Edorta Jimenezen alabeak Nora ez dakizun hori, Elkarrek argitaratua. Pasinoz eta liluraz beteriko liburua da, ipuinen beharraz eta ezinezko amodioez

Aitari dedikau deutsau berenberegi liburu hau. Bera izan zan ipuinakazko pasinoa 'kutsatu' eutsuna?
Hain da aspaldikoa nire ipuinakazko zaletasuna ez dakit esaten nondik datorren. Beharbada ez da etorriko handik edo hemendik, leku askotatik baino. Baina aitaren irakur zaletasunak eta idazle ereduak lagunduko eban, dudarik barik. Nobela hau idatzi badot neurri handian aitak lo egin aurretik irakurritako ipuinei esker izan da. Umetatik gogoratzen dodan gauzarik ederrenetarikoa da momentu hori.

Liburu hau ipuinei omenaldi bat da, funtsean?
Sakonean baietz esango neuke. Ondo egin badot gauza bakar bat baino gehiago izango da eta ez dot uste hori zanik hasieran buruan neukana, baina bai, idazterakoan itxura hori hartu dau. Fikzinoak, ipuinek salbau egin nabe askotan, salbau egiten gaituez behin eta barriro. Paul Austerren berbetan, 'Existentzia Hotela' dira, barruan, beste edozein erasotik gordeta geuretzako daukagun igestokia, babeslekua, osatzeko modua.

Elias pertsonaia zure aitan dago inspirauta?
Pertsonaia guztiak dagoz bidean topau dodazan personetan halan edo zelan inspirauta baina bat bera be ez da hau edo beste hau. Idazterakoan une batzutan hartu deutsat Eliaseri antz hori, gehien bat Elias kontalari aparta dalako eta horretan gure aitak ez dauka bere inbidiarik.

Kasualidadeek aparteko garrantzia daukie eleberri honetan. Bizitza kasualidadez egina dago?
Ez dakit! Nobela hau bizitza baino 'biribilagoa' da. Ezer ez da debalde hemen, dana lotzen saiatu naz, irakurleari amuak bota eta gero sareak batzen. Hain zuzen be, bizitzaren gidoia askotan zoroa dalako, zentzubakoa eta asetu egiten nau irakurle moduan egunerokoak ez daukan biribiltasun horrek. Ez dakit bizitzan kasualidade asko gertatzen diran, seguru baietz. Gertatzen diranean daukien indarra interesetan jat, beste ezer baino gehiago.

Protagonista biak umezurtzak dira. Umezurtzak zelan eragiten dauen gizakiarengan aztertu nahi izan dozu pertsonaia horreen bidez?
Bitxi-bitxia da esango dodana baina ez nintzan konturatu zenbat umezurtz dagozan nobela honetan arik eta idazketan aurreratuta egon arte. Gero galdetu deutsat neure buruari ia nondik ete datorren kontu hori. Ez dakit. Inguruan, kasualidadez-edo, lagun asko euki dodaz aitabakoak eta holakoak. Psikologoari esan beharko deutsat! Dana dala umezurtzak badira be, bai Martinek, bai Norak benetan maite dituenak euki ditue inguruan eta horreen eraginari esker dira diran moduko personak. Ama eta aita gitxi dagoz hemen, biologikoak. Baina aitatasunaren eta amatasunaren balioari gorazarre egiten jakola uste dot. Biologia bigarren mailako kontua da.

Amesen beharra beste ardatz bat izan daiteke nobelan. Zuk ere behar dozuz amesak biziteko, nahiz eta ezinezkoak izan?
Nik bai. Ilusino bat, ipuin bat, amesak geure buruari kontetan deutsaguzan ipuinak diralako, azken baten. Gauzak diran moduan ikusteaz gan, izan daitekezan moduan imajinau behar doguz, ezta?

Jolasa nabaritzen da zure idazkeran: aurrera, atzera, saltoak, misterioak, pentsamendu izpiak... Naturaltasunaz atera jatzu ala asko kostata?
Naturaltasunaz eta kostata. Modu naturalean hasi nintzan jolasean. Orain pertsonaia honek egiten dau berba, orain beste honek, orain kontauko dot orain dala berrogehi urtekoa, orain joango naiz etorkizunera, olgetan. Baina momentu batzutan zoratu naz jolasa irakurleentzako ulergarri egiten eta hasitako ipuin guztiak amaitzeko moduak bilatzen. Zoramen ederra bai baina zoramen galanta.

Fantasia be presente dago, likantropoak eta banpiroak dirala kasu. Ez zan arriskutsua elemento hori sartzea?
Ez neban pentsau. Sartu egin nahi nituan izaki fantastikoak, ipuinetako pertsonaiak gaur egungo inguruan. Dana zan absurdoa nobela hau nire buruan sortu zanean. Amerikako kontuak eta Sukarrietakoak eta Bagdadekoak nahastea, ikuspuntuak aldatzea, sartu nahi neban maitasun istoria bietako bat sartzea... Baina ezin da pentsau irakurlearen buruagaz edo bere bihotzagaz. Norberarenagaz egin behar da, intuizinoan sinistu eta aurrera. Hauxe, zoramen hau zan idatzi nahi nebana eta behin erabagi hori hartuta, ezin neban atzera egin.

Zein izan zan eleberri honen lehenengo ideia?
Kosta egiten da gogoratzea be, horrenbeste dira! Baina lehenengoa Berlinen otu jatan. Turistak egozan leku berari argazkiak ataraten eta pentsau neban 'orain atarako baneu argazki bat eta han agertzen dan honeetariko bat beste bigarren argazki baten ikusiko baneu gero?'

Zein pertsonaiatan jarri dozu gehien zure barrutik?
Danetan jarri dot zeozer. Noraren frustrazinoak neureak dira, neurri baten. Martinen ipuinen beharra. Eliasen kontu-kontari jokerea. Neurri baten, dana da autobiografia eta beste neurri baten, ezer ez da. Edozer hartu dodalarik be, neure bizitzatik, mozorrotu egin dot, aldatu, ia neuk be ezagutzen ez neban arte.

Noiztik sentiduten dozu idazteko beharra? Errutina bat jarraitzen dozu idazteko?
Idazteko beharra betidanik. Sei urtegaz idatzitako ipuina oraindino gogoan daukat. Idazteko diziplina, beste alde batetik, ezin da inportanteagoa izan niretzat. Ipinten ez bazara, ez dozu idazten. Eta idazten ez badozu, ez dozu hobetzen. Edozein lekutan idazten dot eta egunero egiten saiatzen naz, beti posible ez bada be. Apur bat neurosia be bada, beti koadernoagaz joatea baina beti pentsetan dot luzaroan idazten ez badot ahaztu egingo jatala. Eskuz, ordenagailuan, horrek bost. Goizetan, arrastietan... Bardin-bardin jat. Nobela honen zati batzuk goizaldeko bostetan idatzi nituan eta beste batzuk idazteko gauerdian altzau nintzan ohetik.

Zure ofizioa, kazetaritza, presente dago liburu honetan, baina frustazinoari edo nekeari lotua. Zeure kasua da? Literaturara dediketea gustauko litzaizuke?
Kazetaritzak gauza on asko emon deustaz. Idazteko ohitura bat, diziplina bat, irratian asko ikasi dot euskarari buruz eta esker oneko naz. Baina era berean, ez da dana goxoa izan eta nire ustetan bada lanbide bat asko eskatzen dauana, batzutan askotxo, gehiegitxo. Eta bestetik, beharbada ez da kazetaritza berez, beharbada bazter guztietan egongo da lan mundua bardin-bardin baina nik oso egoera gogorrak ikusi dodaz, egoera laboralak, esan nahi dot. Eta horreek ekarri dodaz liburura, Noraren pertsonaiaren bidez. Kazetaritza maite dauan pertsonaia da Nora baina lanbideak ez daude behar dan moduan tratau eta sufridu egiten dau. Bat baino gehiago sentiduko da identifikauta, kazetariak zein kazetari ez diranak.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta