EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Gotzon Barandiaran Arteaga > Hemeroteca

El Correo

2005-03-02 Nitasuna gainditzen | Javier Rojo

Gotzon Barandiaranek poema liburu bat argitara eman du “Arrakalak” izenburuarekin. Liburu txikia da, eta poemen artean dauden aldeak ikusita, ematen du bere ahots poetikoa bilatzen ari den idazle baten aurrean gaudela. Dudazko urratsak egiten ditu batzuetan, baina hala eta guztiz ere, poema liburu interesgarria da, interesgarriagoa, kontuan hartzen badugu poesiaren alorra zein mugatua den gure artean. Poema batzuk lehenengo pertsonan agertzen zaizkigu, poetaren eta lehenengo pertsona horretan hitz egiten duen ahotsaren artean identifikazioa egin daitekeelarik.

Nahita antipoetikoa izan nahi duen idazkera bat erabiltzen du, edertasuna baztertu beharko balitz bezala, baina estilo asmoa eta poesia egiteari uko egin gabe. Subjektu poetikoaren nitasuna azpimarratu nahi dela ematen du. Izan ere, subjektu poetikoak erasokorra eta bortitza den mundu bati aurre egiten baitio halako poemetan. Beste poema batzuetan subjektua fikzionalizatuago agertzen zaigu. Protagonista “ni” bat izan beharrean, hirugarren pertsonan kontatutako istorio txikien aurrean gaude. Mundu poetikoa zabaldu egiten da, autobiografia gaindituta. Eta ez dira falta “zu” bat ardatz duten poemak ere. Ibilbide osoa, beraz, nitasun hutsaz haraindi joan nahirik.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta