EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Gotzon Barandiaran Arteaga > Hemeroteca

Irunero

2005-08 Inor ez da ezinbestekoa urgentziazko gure munduon | Mikel Asurmendi

Hilabetean irakurri ohi ditudan lauzpabost liburuetatik bat komentatzeko usaia edota betebeharra daukat. Bakarren bat konpromisoz, eta gehienak gustuz iruzkintzen ditut. Badira horregatik, bidean bide komentatu gabe geratzen den libururen bat baita ere. “Arrakalak” poesia liburua da horietako bat.

Konpromisoz eta gustuz gain, oportunismoz heldu naizela pentsa lezake baten batek. Oportunismo hitzak konnotazio gutxiesgarria dauka berarekin, eta nik, nonbait, egokiera aurkitu dut liburua bigarrenez so egiteko. Baliteke, oportunismo edota egokiera horretan zer ikusirik izatea egilearekin gurutzatu izanak —udaldion, Bizkaiko Ea herrian, Gabriel Aresti gogoan, “Poesia mailu bat da?” ekitaldiaren karietara—.

Baliteke. Erran dezadan haatik, liburuak lehen irakurketan sorrarazi zizkidan arrakalak Eako ekitaldietan berritu nituela. Hots, Gotzon Barandiaran poetari berari —euskal literaturaz, euskaraz edota Euskal Herriaz oro har ziharduela— “urgentzia” hitza entzun nionean, hilabete batzuk lehenago sentitu nituen arrakalak berritu eta hauteman nituen nire baitan.

Euskaldunok —euskaraz bizi nahi dugunok— arrakalak, pitzadurak zein arraildurak daramatzagu soinean. Postontziaren ahoaren lako orbainak daramatzagu eta berauek sendotu beharraz gaztigatu digu poetak. Barandiaranek eztia edota bolbora lako gaiak —berbak— isuri ditu arrakalen —lerroen— artean: amodioa, askatasuna edo iraultza eleak darabiltza poemotan, baita musika, ardoa, negarra edota irribarrea lakoak. Usaiazkoak poesian. Denak beharrezkoak bizi dugun urgentziazko egoeran, alabaina, bat bera ere ez da ezinbestekoa.

Ez dakit nirea oportunismoa edo egokiera ote den. Poesia honek ordea, nuen ustea berritu dit: Urgentziazko garai honetan oro behar dugun arren, inor ez da ezinbestekoa, ez ezer ere. Horra gizakion ezinbestekoa, horra gure paradoxa eta fatalismoa!

Larrabetzuko poeta gazteari —barka topikoa— mila esker arrakala hauen bitartez atezuan mantentzeagatik!
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta