EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez > Hemeroteca

Argia

2009-12-27 Hiria pertsonifikatua | Igor Estankona

Bilbo Hiria Nazioarteko I. Poesia Lehiaketako —ba al dago poesia lehiaketa Nazionalik Euskal Herrian?— liburu saritua da Alberdaniak argitaratu duen Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek, proposamen berezia baina ibilbide laburrekoa, nahiz eta detaile interesgarriak, eduki, badituen.

Interesgarria da, esate baterako, dena momentu berean gertatzearena: “…ohartu naizenean erakusleihoaren / beste aldean dagoena ni naizela”. Behako desberdina eman dio Fertxu Izquierdok hiriari, erdigunerik gabeko unibertso horri, batzuetan teilatuetan pausatuz, beste batzuetan kalean, beste batzuetan eraikinen barruan. Hiriak egun hartu duen forma (antzekoa Ziburuk zein Bilbok) hari itxuraz moztuena da. Elipsia, zerrendatzea, sintaxirik eza, zatitu bako lerroak, errepikapena… darabiltza idazleak hiriaren —eta are, bizitza modernoaren— paradoxak azaltzeko. Hiria bera da liburu honen akzioa: “Euriak margotu gintuen zoruan / eta beste hiri bat izan ginen”.

Egunerokotasunak opatzen dizkigun material itxuraz hutsalekin eraiki du txantrearrak mosaiko bat. Pieza bakoitza baino harago osotasun urbano bat dago, soziologia pertsonal batekin nahastua. Hitzezko paisaia geldoa eta sakona da, gizaki modernoaren abiadura biziegiarekin kontrastean. Urretxindorra zatiko poema askok —eta, orokorrean, maitasun poema finek— lortzen dute, uneka, hiriaren argiek eta poetaren adimenak bat egitea, desleku erraldoian poesia intimoaren miraria txertatzea.

Hiriak dakarren aldaketa kulturalak, finean, ez du poesia desegin. Horren testigu dira azken ataleko poema atenporal, espazio bako eta klasikoak. Baina liburuaren eite nagusia beste hori da; txoria antenan pausatua, bozinen hotsen gainetik dakusana bizitza batzuetan absurdu bat pasatzen: “…eta leihoek zabaltzen dituzten munduetan / interesgarriagoak dira beti besteen bizitzak”.

Aukera erretoriko zilegiak dira, duda barik, zatiketa, gauzak zerrendatzea, planoak kontrajartzea, halako kaos ordenatu bat sortzea ispilu hautsi baten antzekoa… baina azken emaitza nahasgarria da arean. Konbultsioa da nagusi, eta poemek ez dute batasunik. Eta hori berori ere ez litzateke txarra idazleak zatien ilusioa sortuko balu, baina finean lortzen dena gehiegizko dispertsioa da.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta