EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez > Hemeroteca

Deia

2010-02-20 Etsipenezko itxaropen aldarria | Patxi Sarriegi

Hiriko bizimodua ardatz nagusia duen olerki liburua idatzi du Fertxu Izquierdo iruindarrak, olerkiok munduaren egoeraren inguruko hausnarketa etengabeak dira, auzoko bizimodua, pobrezia, poza, tristura, bizitza, sexua edota heriotza jorratzen dutenak. Bila ibili da poeta hiriaren anabasan, hortxe topatu ditu inspirazio eta salaketa gai ugari. Etsipena du inguruan bueltaka, ez du, hala ere, erraz amore ematen, ikasi egin du bere egiten, ondoan sentitzen, gertukoa duen arren olerkiok itxaropen aldarriak dira. “Goiztiriaren orduak gogorrenak dira / ederrenak ere bai / handik gutxira / bizitzeko egun berri bat / eskuen artean / izango dugulako”.

Goiza, eguerdia, arratsaldea, gaua… olerkiotan egunekoaren lau une aukeratu ditu egileak gogoeta egin eta inguruaz hausnartzeko. Egunerokoaren antzera, momentu bakoitzak bere erritmoa du, eta bakoitzean sentipen desberdinak isurtzen ditu Izquierdok. Espero zitekeenez, gauekoak du inspirazio iturri emankorrena, orduan ere ideiak azkarrago doazela irudikatuz. Esplikazioa da aldi berean, errealista, darabilen pisu iradokitzailea errealitatean txertatzeko moduko adibide argiak dira, irakurlea bereganatzeko modukoak. “Beirazko egunak dira / igandeez mozkortzen direnak / eta saminaren arratsaldeetan / josten ditugu iraganen orbainak / existitzen ez den kremailera / itxi nahi izango bagenu bezala”.

Halaxe, liburuaren izenburuko adibideak argi asko erakusten du poetak irudiak sortzeko duen prestutasuna, metaforak erraz ulertzeko modukoak dira, irakurlearengana iristeko nahia irmoa eta benetakoa da. Hirietan telebista antenetan hartzen baitute atseden txoriek, hirira aspaldi egokitu zirenez; mota guztietako jendea bizi da hirietan, nonahitik etorriak, eta jende hori guztia, finean, hiriaren bizimodura egokitzen da. Bistakoa da, errealitatearen zirrikituetan barrena iragaten den poesia nahi du pentsalariak, errealitatean ikusten dituen hutsuneak agertzen dituena, hizkuntza zuzena darabil horretarako Izquierdok. Hortaz, bizipenez betetako olerkiak dira, barnekoiak, iradokitzaileak, horixe poetaren ahalegina. Poesia lurralde atsegina zaiola frogatzen du bigarrenez, oraingoan etxeko leihotik dakusan mundua irudikatuta. Liburu argia gertatu zaigu, estimatzekoa agertzen duen naturaltasuna. Olerkiok inflexio puntuak dira, autorearen sendotasuna erakusten dutenak. Hain juxtu, poesiaren eskutik munduaren egoeraren inguruko hausnarketak eragiteko lan eta emaitza joria da Izquierdo eskainitakoa.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta