EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez > Hemeroteca

Diario de Noticias

2007-02-18 "Egunerokotasunaren kronika urbanoak kontatu ditut poesiaz baliatuz" | Amaia Alvarez

Antonio Olza

"Gora hegan egin nahi duen poeta baten ahotsa". Horrelaxe deskribatzen du Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko editoreak Fertxu Izquierdoren (Iruñea, 1975) Gerratearen aztarnak izeneko poema liburua. Txantreako idazle gaztearen lehen lana da, poesia eta literaturaren arloan zenbait sari irabazi ostekoa, hain zuzen ere.

Aurreko ostiralean aurkeztu zuen liburua Izquierdok Txantreako Euskaldunon Biltokian. Bertan poemen errezitaldia ere egin zuen gazteak Gari Berasaluzek (liburuaren hitzaurrearen egilea) eta Arantxa Santestebanek ere parte hartu zutela. Musika eta irudiak lagun, Izquierdoren hitzak ingurugiroan jario egin zuten.


Zer dago liburu honen atzean?
Esperientziak kontatzen ditut, auzoan edo orokorrean bizitzen ditugun kronika urbanoak dira. Egunean ikusten dugun guztia biltzen saiatu naiz, sentimenduei eta musikari garrantzi berezia eskainiz. Egunerokotasunaren kronikak egiten ditut eta metaforak egiteko gerra, amodioa, desamodioa eta antzerakoetaz baliatzen naiz. Azken finean, guztiok bizi ditugun egoerak deskribatzen ditut, karrikakoak.

Munduko toki asko aipatzen dituzu liburuan, Palestinatik hasita Kolonbia arte. Zer harreman duzu toki horiekin?
Aipatzen ditudan leku batzuetan egona naiz, Mexikon, Kolonbian eta Kuban, esaterako. Besteak interesa pizten didaten tokiak dira, gorrotoa eta maitasuna, adibidez, adierazteko erabili ditudanak.

Irak, Chechenia, Kolonbia, Irlanda... Zer dute toki horiek komunean?
Guztietan egoera gordinean bizi dira. Oso gatazka krudelak daude, mingarriak eta, gainera, askotan oso ahaztuak daudenak. Agian Palestinarena bai entzuten da gehiago, baina, esaterako, Chechenia eta Kolonbia. erabat ahaztuta daude.

Gernikaren sinboloa hainbatetan aipatzen duzu liburuan.
Bai, beste sinbolo berriak eraikitzeko erabiltzen dut. Gernika oso ezaguna da eta horixe da, aintzakotasun hori, alegia, faltan botatzen dudana beste herrialde batzuen kasuetan. Checheniako hiriburua, Grozny, Gernikako koadroan irudikatzen dena baino suntsituago dago, ez dago, baina, Grozny izeneko koadrorik.

Euskal Herria ere aipatzen duzu zure poemetan.
Bai, leku guztietan bezala hemen ere badaudelako egoera gordinak. Toki bakoitzak bere berezitasunak ditu, halere, edonon daude egoera latzak, gerraz gain. Langabezi tasa altua, pobrezia, tratu txarrak. Zerrenda luze bat.

Pesimistatzat joko zenuke zeure burua?
Ez. Olerki batean aipatzen dudan bezala, esperantza izpiak han daude eta piztu behar ditugu. Malko pila bat biltzen ditugu baina irribarreak ere bai.

Horrelako sentimenduak adierazteko, zergaitik aukeratu duzu poesia?
Nire kasuan behintzat, barne-barneko sentimenduak adierazteko poesia egitea errazagoa suertatzen zait, kronika labur pila bat sar daitezkeelako. Nobela bat idatziko banu, gai baten inguruan eginen nuke. Poesiak hamaika gai jorratzeko aukera ematen du. Metaforak, hitz jokoak, irudiak egiteko aukera.

Errezitaldian musika eta irudiak erabili dituzue poesiaren irakurketarekin batera. Zergaitik?
Musika eta irudiek testuingurua ematen diete hiztei. Poesiarekin batera musika entzuteak irakurketa aberasten du, hau da, fondo musikalak poesia osatzen du. Musikak garrantzi handia dauka bizitzan eta olerkietan ere erreferentzia asko egiten dizkiot musikaren munduari.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta