EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fernando Morillo Grande > Hemeroteca

Maxixatzen

2002-08 Ortzadarra sutan | Eli Urdangarin

Zortzi neska-mutil gazte (Alex, Julen, Alazne, Mirari…); 18 urte; unibertsitatera joateko garaia gehienentzat, batzuk batera, besteak bestera, elkarrengandik bereizteko unea. 1987. urtea. Adinari dagozkion kontuak: bikoteak, maitasuna, drogak, parrandak, sexua, nahi eta ezina… eta bizitzak ohi duen gisan, bakoitzak bere bideari jarraitzea. Horixe, gutxi gorabebera eleberri honen abiapuntua.

Jarraipena zein? Ashaldian elkar ikusi ez duten lagunak elkartzea; hemezortzi urte zituztela etendako lagun-harremana zertan den ikusi nahia, eta hor barna barreiaturik zeuden ortzadarraren kolore guztiak elkartzea. Jadanik 30 urte dituzte; urte bitarte horretan elkarren berri oso gutxi izan dute, batzuek batere ez, baina kideetako batek gainerakoei egindako telefono deiak afari batera deituko ditu guztiak. Ortzadarra berotzen ari da. Orduan lagun ziren batzuk orain bikote dira, eta lehen bikote edo zirenak orain ia ezezagun. Ortzadarra goritzen.

Narrazioa ez da kronologikoa, atzera eta aurrera dabilena baizik, baina irakurleak ez du galdu beldurrik, atal bakoitzaren hasieran jartzen baitu 1987a den, ala 2002ko kontuez ari den. Biko egitura honek batzuetan eten egiten du gertakarien kontaketa, baina jakinmina ere pizten du, eta jarraipena noiz iritsiko irakurtzen da ohartu ere egiteke. Elkarrizketa asko du, eta hika ari dira lagunak euren artean; lagun arteko erregistroan ia beti, egoerak hala eskatzen du eta. Gazte orori gerta dakizkiokeen istorio hauek josten aritu dena Fernando Morillo idazlea da, azpeitiarra. Eleberri hau baino lehenago ere baditu beste batzuk, gazteei zuzenduak, Bila nazatela, Sexu egunsentiak, eta Bihotz nahasiak; baita saikera-liburu bat ere, Erraldoi herrena. Haren laugarren eleberria da, beraz, Ortzadarra sutan.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta