EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Eider Rodriguez Martin > Hemeroteca

El País

2008-02-25 Haragiaren komunikazioa | Jon Kortazar

Komunikazio sistemak ugariak dira. Liburu batean berriki irakurri dut badirela bi behintzat oso garbi agertzen direnak. Lehena zuzena litzateke, eta bere komunikazio ardatz gisa kontrakoen oposaketa erabiliko luke; guztiz logikoa da, eta estrukturalismoak askotan erabili duen oposaketan oinarritzen da; guztia garbia da, eta honen edo bestearen artean aukeratzera bultzatzen du. Bigarrena espirala da, kiribildua da komunikazioa, ez hain garbia, itzuli-mintzuli heltzen zaigu, ez da zuzena, zerbait jarri behar du irakurleak.
Bigarren sistema honi erantzuten dio Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) idatzi duen Haragia liburuak. Hamabi ipuinetan, pertsonaien sentimen munduan barna jira egitea proposatzen du idazleak. Liburua irakurtzen nuen artean, Kirmen Uribe etorri zait burura, zeren, azken batean, haragia komunikazio bidea baita; materia materiarik eza bihurturik dago liburuan. Eta pertsonaiek esaten ez dutena gorputzaren, haragiaren bidez adierazten dute.

Zenbat ahotsik gabeko komunikazio ote dagoen liburu honetan? Zenbat esan nahi isilik emanak? Zenbat esan gabe ere oso ongi ulertzen direnak? Zerbait egin, ordea, eta dena azaltzen da, Hirugarren oparia deituriko ipuinena bezala: alabak bola txinarrak oparitzen dizkio amari, eta honek gizonezkoen mikromundu txikian duen ezinegon guztia agerian geratzen da.

Haragia, azken batean muga da. Izanaren eta esanaren artekoa, identitatearen eta kanpoko munduaren artekoa. Horregatik, pertsonaia hauek mugan bizi dira. Haragia deituriko ipuinaren protagonistak ez du egindako ekintza nagusia gogoan itsatsita eramango.

Ertzaren, mugaren indarra garbian uzteko Eider Rodriguezek isiltasunari nagusitasuna eman dio. Bere idazkera elipsiaren idazkera da. Pertsonaiek izena besterik ez dute, baina estiloan kenduaren kenduaz geratzen den sentsazioak biluztasunaren zirrara ekartzen du. Irakurleak gauza bera egin beharko du, eta bera aldetik jarri, ipuinen mingostasun tragikoa ulertzeko (Erle begiak, T'est trés belle, Nahiago nuke gezurrik ez esan).

Haragia. Eider Rodriguez. Susa. Zarautz, 2007. 155 orr.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta