EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Dionisio Amundarain Sarasola > Hemeroteca

Argia

1987-06-14 "Irakaslegoak, profesionalizatzeko bidean, ankilosatzeko arriskua du" | Josu Landa eta Joan Miel Arano

Hogei urtetik gora daramatza Dionisio Amundarainek helduen alfabetatzean buru-belarri sarturik. Borondate onarekin, gizartearen premiak nolabait betetzearren hasi omen ziren batipat, baina antolakuntza, didaktika eta horrelalo gehiegirik gabe. Goierriko Euskal Eskolaren zuzendaria, beste hainbat erresponsabilitateren artean, AEK inguruan oraintsu arte, HABEren aurrekontuen zai daukagu Dionisio, Lazkaon Barnetegi publikoa irekitzeko. Zer dela eta bere eritzia publikoki ez duen agertzen maizago galdetu diogunean, izakeraz jende aurrean agertzeko gizona ez dela erantzun digu.

Orain dela hamabost urte Dionisio Amundarainen izenak pisu espezifiko bat ba zuen, baina orain zertxobait galdu omen du horretatik. Hori horrela baldin bada, zergatik?
Nik hori ez dakit...

Zu ere konturatuko zinen...
Bai, adina, egoera asko aldatu da... Adinagatik izan liteke. Dena den onarpen hori norengandikoa litzatekeen aztertu beharko litzateke.

Dakizun bezala berreuskalduntzearen eremu zabalean gutxitze nabarmen bat gertatu da ikasle kopuruari dagokionez. Zifrak orokorrean hartuta, geroz eta ikasle gutxiago matrikulatzen ari omen dira azken urtean, zer dela eta uste duzu izan daitekela, motibazio faltaz edo?
Baietz esango nuke, ez dakit esplikazio zuzenik emango dudan. Soziologoek egin beharko lukete, baina uste dut zerbait esan dezakedala: frankismoaren garaian egiten zen lan guztia eta geroxoago ere oposizio lana zen Euskal Herrian eta oposizio horretan euskara sartzen zen. Hori bandera bezala hartzen zen eta denok bat etortzen ginen. Orduan euskarari buruz, euskal munduan sortzen ziren aldizkariak (ZERUKO ARGIA), panfletoak eta guzti horiek euskaraz ziren; gero partiduak, Eusko Kontseilua eta abar sortu zirenean hauek beren errebistak ateratzen hasi ziren, gero "Egin", "Deia", irratiak eta beste sortu ziren. Alderdi politikoei ez zitzaien ajola izan beren errebistak erderaz ateratzea, guzti honekin txoke bat izan zuen jendeak. Alderdi abertzaleek euskaraz ez bazuten egiten, zertarako saiatu behar zen jendea? Hor ikusten dut arazoaren zati bat.
Beste zati bat izan daiteke zera: guk estudio txiki bat egin genuen Goierri mailan, ez zen oso sakona izan baina, eta atera genuen hainbat jende ikasten ari zela Euskal Eskolan, baina kontutan hartu behar zen lehenago Euskal Eskolara etortzen zen jende mota ikastoletan ari direla, edo Eskola publikoetan edo Eskola profesionaletan. Beraz, egiaz beherakada izan da, ala beste horiek hartu dituzte ikasle posibleak? Hortik jotzen zuen, Goierri aldean fenomeno hori aztertzean Iñaki Larrañaga soziologoak.

Beste puntu bat alfabetatzea izango litzateke. Ez al da izan, orain arte behintzat, frakaso haundi bat Euskal Herri mailan, ez delako lortu zentzuzko planifikazio bat?
Nik ez nuke esango hori, gure artean alfabetatu diren asko eta asko komunikabideetan eta dabiltza. Halere esan beharra dago, alfabetatze kanpainek euskalduntze kanpainek baino beherakada haundiagoa jasan dute. Jendeak ez du ikusten alfabetatzeko beharrik. Guk buruan darabilgu, nola motibatu jendea, behin eta berriro bilatzen ibili gara, baina zerbalt falta da, bideak ez ditugu asmatzen.

Eta inork ez du asmatu orain arte ezta?
Orain arte frakaso bat da. Jendeak landu beharko luke imajinazioa ea guztion artean zerbait bilatzen dugun, baina hori oso zaila dela argi dago.

Eztabaida haundi bat egon da beti subentzioak banatzeko sistimaz, zer iritzi duzu?
Hori aztertzeko eta epaitzeko gauza naizen ez dakit, egoera 'pribilejiatu' batetan nagoenez. Guk hitzarmena daukagu, eta HABEk euskararen irakaskuntzan eskatzen dituen baldintza eta guzti horietan nahiago nuke ez sartu, ze partziala izango nintzatekeela uste dut.

Hainbatetan aipatzen den diskriminazioaz ze iritzi duzu, orduko eta ikasleko hainbat pezeta, arrazoizkoa da ala ez?
Hor arazo bat dago. Bereizketa bat egin beharrean gaude: batzuk hitzarmena dugu HABErekin, beste batzu kondizio diferentetan daude: hauek zentru homologatuak dira, eta gainontzekoak gau-eskolak ditugu. Homologatuei ez dakit nahikoa ematen zaien ala ez. Ulibarri euskaltegiaren zuzendari den Artiñanok esana dauka beraiek dirua irabazten ari direla. Gau-Eskolena prolema latza da. Nik uste dut diru horrekin ezin direla irakasleak edo zentru bat aurrera atera, hogeitamabost pezeta dira ikasleko eta orduko. Hori bai: eskatzen zaizkien baldintzak ez dira hainbesterainokoak. Bestalde, gau-eskolak krisian daudela begi-bistan dago. Bizkaiko berri ez dakit zehazki baina Gipuzkoan mantendu dutenen bakarrenetakoak garela uste dut, gu ere nahiko zalantzekin. Orain Udal Euskaltegiak irekiko dituzte Beasainen eta Ordizian, eta gure Gau-Eskola pikutara joango da. AEK sortu da aurten berriz Goierrin, beraiek hortik jarraitu nahi dute baina diru aldetik nahiko gaizki ibiliko direla suposatzen dut. Dirurik ez baldin badago irakaslegoa profesionalizatzea nahiko zaila da.

Helduen euskalduntzearen barruan, metodologi kontutan aurrerapenik izan dela uste al duzu?
Bai, nik uste dut baietz. Asko lagundu gaitu HABEk, bai AEKri bai gu zein besteeri ere bilaketa batetara, hobeagotzera behartu gaituenean. Gaur egun edozeinek ekartzen ditu gaietaz tratatzen duten liburuak atzerritik. Oraindik orain komentatzen zidan lagun batek ia soberan dugula materiala, arazoa da aukeratzen jakitea. Irakaslearen lana da gaur bilatu eta aukeratzea. Pentsa zenbateko materiala daukagun HABE, AEK eta abarren artean. Alde honetatik ongi gaude, kakoa irakaslegoan dago. Irakaslegoa ia profesionalizatzeko bidean dago, eta neurri horretan badu arriskurik, eta zera izango litzateke: ankilosatzea. Berriekin zabiltzanean berriz beste arriskua preparazio eza duzu.

Azkenaldian atera diren metodo komunikatibo, antidiglosikoak eta AEKk atera dituenak zer iruditzen zaizkizu?
Egia esan AEKren metodoak aztertzeko beta gehiegirik ez dut izan. Dena den ez dut uste metodo komunikatiborik dagoenik, komunikazio joera duten metodoak dira munduan zehar dabiltzenak, hurbilbidezko metodoak. Arazoa da beraz, metodo audio-lingualetik iragan eta metodo kognoszitibo eta hurbilbidezkotik jendeari, logikoago, atseginago eta biziago gertatzen zaizkiola gauzak.

Barnetegia irailean irekitzen al duzue?
Hori ez dago garbi, ze HABEren aurrekontuak onartu gabe daude eta ez dakigu noiz onartuko diren. Horretarako jendea hartu beharko litzateke, lehiaketa publikoen bidez eta abar. Orduan irailean ziur aski ez da irekiko HABEren barnetegi publiko bezala. Orainarte bezala joan beharko du horrek urte honetan behintzat.

Barnetegia ireki ondoren nola geratuko da hemengo GEE?
Hori ez dakigu nola geldituko den, prolema haundi bat dago baina ez dakigu nola geldituko den, hain zuzen. Sujerentzi batzu bota ditugu, HABE-kin alegia, baina ze subentzio izaten diren arabera, hor legoke prolema.

Barnetegiek funtzionalak izan behar dutela aipatu izan duzu. Traszenditu duten zure eskolako zenbait arauez mintzatzeko aukera ematen digu horrek: 5.000 ptako fiantzen asuntoa, moral estuak etabar... árauak nola ikusten duzu hori?
Barnetegi honekin hasi ginenean batere araurik ez geneukan, ikasleei esan izan ohi diet. Berrogeitabost lagun hasi ginen urte hartan irailean. Israelera joatera suertatu zitzaidan urte hartan. Handik etorri nintzenean horrela ezin genuela jarrai ikusi nuen, jendeak parranda eta huts egiten zuen. Handik hasi ziren sortzen arauak. Lehénagoko araua zen hainbeste huts egiten zituena hurrengo ikastaroan kanpo geratuko zela, baina horrek ez zuen funtzionatu. Gero hiru mila pezeta jartzea erabaki genuen eta hori izan da soluzio majikoa. Beharbada aldatu egingo-dugu hori, Hondarribian uste dut primatu egiten dela hutsak egiten ez dituen jendea. Beste soluzio bat da hori, berdintsua dela uste dut, horrelakorik gabe ez dago soluziorik. Batzu motibaturik etortzen dira, baina talde txikietan daude bildurik, bataz beste 86ko uztailean gure taldeak 12-3 lagunekoak izan ziren, huts egiten dutenekin hasi zaitez berriro hamarrera hurrengo egunean! Horrek behartzen gaitu horrelako neurrietara, talde txikietan ez da unibertsitatean bezala ikasten. Nik adibide bat jartzen dut, Alfontso Yoldi, duela gutxi Erriberan lehergailu batekin hil zitzaiguna, hark ez zuen batere hutsik egin eta urtebete batean atera zuen EGA. Horrelakoak balira denak halako neurriren beharrik ez genuke sekula izango.

Langileek ba al dute lekurik ikasleen artean hemen, asko ez dira etorriko, ezta?
Ez, baten bat etorriko zaizu bere oporrak utzita hilabetez baina gehienetan langileak ezin du hori egin; Gasteizko Udaletxeko batzu atzo bukatu zuten beraien ikastaroa, Jaurlaritzatik ere etortzen dira beste batzu, izan genituen ertzainak ere duela hiru urte, hogeitamar bat ziren, IRALEtik ere etortzen dira maisu-maistra liberatuak, Tolosako Udaletxetik ere banakako batzu... Beasaingotik... horrelako jendea.

Inon agertua da homosexual bat espulsatua izan zela hemendik. Hori horrela izan al zen?
Hori ez zen horrela gertatu. Alde egin zuen ondoren informatu ninduten horretaz. Inor espulsatzerik ez zaigu burutik ere pasatu. Berarentzat ez zuen leku egokirik aurkitu eta joan egin zen. Inori ezer esan gabe aldegin zuen eta begibistako motiborik gabe aldegiten duenean norbaitek kezkatu egiten zara. Guk ez dugu inor diskriminatu. Horiek esames hutsak dira.

Galdera pertsonal bat. Zu fraidea izan zara edo zara... utzi egin al diozu fraide izateari?
Ni oraindik fraidea naiz. Konmentutik kanpo bizi naiz, jarrera berezi bat sortu arazi nahi zidatelako komentuan; zera planteatu zidaten: edo Goierriko Euskal Eskolako zuzendaritza uzten nuen edo bestela beste bide bat hartu. Eta nik ez nuen ikusten biderik zuzendaritza hori uzteko, batzarrean planteatu ondoren. Konpromezua kontzientzian bete behar nuen. Aukeraketa baten aurrean aurkitu nintzen eta aukeratu nuen, kalean pisu bat daukat eta Euskal Eskolan jarraitzen dut lanean. Nolabait euskararen alde egin dut aukeraketa.

GEEko klaseetako partizipazio ezaz, betiko programa errepikatzeaz, dinamika ezaz kexatu omen dira ikasle asko. Erabiltzen duzuen metodologia gramatikalari dagokionez, oinarrizkoa bezala jotzen al duzue, ez al da atzerakoia?
Erabat alderantzizkoak entzun ditut ikasleengandik. Eta zenbait adierazpen esplizitoak ere badaduzkat alde horretatik. Dena den gure ikastaroen ondorioak, fruituak alegia, hor daude. Metodologia gramatikalaz, gauzak ez dira horrela, hain zuzen ere! ikasleek gramatika aldetik gehiago eskatzen dute. Gure programa ikusi besterik ez dago, beheko mailetan hizkuntz egiturei zenbat denbora eman, nahiko argi dago programa horietan; eta goiko mailetan sinpleki erantzuteko hauxe esango nizueke: egunean, bost ikastordu ematen badira ordubete ematen diegu gramatikal azalpenei.

Zuen metodoa gramatikala ez dela esan duzu. Nola definituko zenuke, beraz?
Guk metodo batetik hau eta besteetatik beste hura hartu dugu, nolabait deitzearren bide 'eklektikoa' sortu dugu. Ez dakit, uste dut aportazio asko egin ditugula, AEKn genbiltzanean ikasten saiatu ginen, UEUn ikastaro bat ere eman genuen behin Iruinean, eta horrela ibili gara.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta