EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asier Serrano Lasa > Hemeroteca

Diario Vasco

2007-09-21 Jantziak | Felipe Juaristi

Duela hamar urte, 1997an hain zuzen, kaleratu zuen Asier Serranok bere lehen liburua. “Bada hiri gorri bat”. Izenburuan bertan azaltzen zen, liburuko ezaugarrietako bat, alegia polisemia. Lubaki Bandaren garaia zen eta hiriak gorriak ziren, ez zuriak, gorriak, ez berdeak. Odolezko ibaiak bezain gorriak. Bizi duen nahia adieraztea ere poesiaren zeregina da, eta, garai hartan, nahia gehiago zen errealitatea baino. Gogora Cernudaz. Nahia errealitatearekin ere nahasten zen, tarteka. Gazteak ziren orduan eta poetak, gaztea poeta izateko modua baita. Ametsez eta musuz idazten da. Poeta, ordea, ez da beti gazte, hitzetara jo behar, besterik ezean. Gazteak ziren, borrokaren estetikara emanak, etikara bainoago. Gurean borrokak etikarik apenas izan duen. Bi estetikak biltzeko surrealismora jo zuten. Ondorioz, Lubaki Bandak irudien berrikuntza ekarri zuen euskal lirikara. Mundu surrealistatik hartutako irudiak distiratsuak dira, baina ilunak gerta daitezke, borroka ilunean.

Asier Serranoren poesia ez doa norabide bakarreko ibilbidetik barrena. Idatzitakoak esanahi bat baino gehiago hartzen du. Azalekoak zentzua du, mundu zehatz batean; sakonekoak, bere erreferentzietara jotzen du. Sueten hitzak bere mugak gainditzen ditu. “Ia hutsa suetena iragarri zenetik / zu ez zauden etena bezain hutsa”. Poesiaren zeregina ere hitzen mugak gainditzea da, edo gainditu ezin badira ere, mugak apurtzea, txikitzea, erraustea. Bi poema batean baleude bezalako eragina lortzen da, horrela jokatuz. Azaleko irakurketak testu bat ekarriko du; sakonekoak, bestea.

Irudia besterik ez da; baina irudiak indar handia hartzen du, berez duena baino gehiago poesiaren eta bizitzaren esparruetan. Asier Serranok, honetan bederen, garrantzi handiagoa eman dio barne munduari. Azaleko irudiak trajeak baino ez dira, traje ezagunak. Horien azpiko haragia, ordea, beste bat da. Jantzi berriak hartzeko ordua ere iritsiko zaio.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta