EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asier Serrano Lasa > Hemeroteca

Nabarra

2009-05 “Irakurlea tentela ez dela ikasten hasi naiz” | Ekaitz Bidegain

D.N.A

Lorelei taldearekin hasieran, eta bakarka gero, Asier Serranok ez du inoiz musitaren esparrua alboratua utzi. Horren ordez, literatura eta poesiara hurbildu da azken urteetan, babes bila. Heldu den hilabetean Txalaparta argitaletxeak bere bigarren eleberria karrikaratuko du: Erlojugilea: literatur generoen gainetik jauzi egiten duen proposamen ausarta.

Duela bi urte argitaratutako Eskuetan mapak liburuaren ostean bigarren eleberria duzu hau… gustua hartu al diozu?
Gustua hartu baino gehiago esan daiteke egunari, bizitzari, ahalik eta etekin gehien ateratzeko nire gaixotasun horretan dagoela gakoa. Urteak neramatzan musikan zentratuegi, bi urtean behin diskoa kaleratzen. Hoteleko kantuak diskoa grabatu eta gero, atsedena eman nien nire betiko musikariei. Berriro ere bakarrik eta inongo presiorik gabe lan egiteko gogoa neukan. Nire hasierako asmoa ahots eta gitarra hutsez defendatu nezakeen beste disko bat sortzea zen, baina akorde eta nota artean ohartu nintzen beste garai baten hasieran aurkitzen nintzela, rock gauak ez zirela berriro berdinak izango… eta, nahi gabe edo, horren guztiaren testigantza jasotzen zuen Eskuetan mapak liburu aidazten hasi nintzen. Lehen eleberri horrek asko irakatsi zidan, baina batez ere disciplina zer den. Nire bizitzak aldaketak izan ditu bi eleberrien artean eta idazteko diziplinak lagundu dit aldaketa fase hori asimilatzen edo kezketatik aldentzen. Esan daiteke musikari uko egin gabe literatura babesleku beharrezkoa izan dela niretzat azken urteotan.

Hala ere, urrun joan zara honako honetan. Existizen ez den lurralde batera jo duzu ezinezkoa den istorio bat idaztera. Istorio erdi biografiko batetik istorio erdi fantastiko batera… gidoiak eskatuta ala?
Lehen aipatu bezala, Eskuetan mapak mugarri bat izan da nire obran, alegia, neure buruari zor nion aitzakia bat izan dela, batetik literaturan berriro murgiltzeko eta bestetik iraganeko mamuekin bakea sinatzeko. Erlojugilea neurre buruari ezarritako beste apustu bat izan da: nire mundutik atera eta sentimendu unibertsalez hausnartu gura nuen. Gizartearen baloreekiko ditudan kezken gainean jardun. Bi liburuek eman dizkidate maila batean zein bestean zailtasunak. Istorio erdi biorafiko bat idaztean, kontuz ibili behar zara “erdi” hori ez deskuidatzen, errealitatearen eta fikzioaren arteko haria ez gehiegi estutzen. Istorio erdi fantastiko batean askatasun handiagoa daukazu, baina kasu honetan “erdi” hori da irakurleari zer pentsatua eman behar dion ahalegina.

Ez al zegoen kontatu nahi zenuena gaurko egunean eta gaurko munduan kokatzeko aukerarik? Zer bilatu duzu errealitatetik distantzia hori markatuz?, askatasuna?, iradokitzeko gaitasuna?
Erlojugilea hasi aitzin, beste eleberri bat hasita neukan, zeinak Gernikako bonbardaketa abiapuntu gisa hartuta gaur egungo baloreen inguruan mintzo gura zuen. Baina ez nenbilen oso gustura jasotako dokumentazio guztia galbahetik pasatzen. Ideiak konpartitzeko beste era iradokitzaileago baten beharra neukan. Nire unibertso literarioa eraikitzen jarraitu nahi nuen, Bada hiri gorri bat eta Hoteleko kontuak liburuetan hasitakoari segitu nahi nion, eta ez bakarrik gai aldetik. Denbora eta espazio ez jakin batean nire azken lana kokatzean askatasunaz aritu naiz gaurkoa kontatzeko eta, kontraesankorra badirudi ere, niri lortu dudala iruditzen zait. Adibidez, eleberriko giza garun itxurako herrialdeak paisaia anitzak ditu bere baitan eta herrialde horretako hiria izan daiteke Dakar, Berlin, Ottawa, Gasteiz edo Bogota bat. Iruditzen zait askotan gauzak nahastu egiten ditugula… erratu egiten gara historiako beste garai batean, edo munduko beste puntan, gizakiek ezberdin sentitu behar dutela pentsatzen dugunean. Gero eta gehiago urruntzen gaituen pentsamendua da hori eta neurekokikeria kultural itzela begitantzen zait.

Esango nuke estiloan soiltasuneranzko jauzi bat egin duzula, beharbada liburu honetan ideiek pisu nabaria dutelako?
Zaila egin zait ideien zama galdu gabe hiri eta herrialde oso baten arkitektura eta estetika eratzea, baina bertan zegoen nire apustua oraingoan. Ulertu dut nobelako hiriak berak deskribapen askorik gabe bazuela bere indar lirikoa. Denok irudika dezakegu zein itxura hartzen duen bonbaz ehortzitako hiri batek. Uste dut irakurleak iradokitzeko eta irudimena erabiltzeko duen gaitasunean zentratu naizela gehienbat honakoan. Eszena gogor bat deskribatzen orri mordoxka bat erabil nezakeen, baina horrek irakurlea morbora bideratzea ekarriko luke, edo gehienez asperrera, eta errazagoa egin zait eszena soiltasun krudelaz deskribatzea, adibidez: eztanda bat gertatu da eskolan eta gurasoek haurren gorpuak besarkatzen dituzte beraien seme-alabak diren ala ez arduratu gabe. Soiltasunez askoz gauza gehiago esaten dira, irakurlea tentela ez dela ikasten hasi naiz eleberri honetan.

”Gizarteak galtzaile ezizenez bataiatu dituen pertsonaia horiek interesatzen zaizkit, bizirautearen teoria erakutsi didatenak”. Zure obraren constante dira agidanez…
Beti esan izan dut bi ildo nagusiri jarraitzen diela nire lanak, bai musikan bai literaturan. Batetik, oso lan neurekoiak idatzi ditut, nia oso nabarmen azaltzen duten lanak. Bestetik, ni horretatik atera eta garaileentzat sortea den gizartean gu bat identifikatzen saiatu naiz. Garai batean askotxo bidaiatzen nuen eta bidaia horietan ezagututako bazterreko pertsonaiek erakutsi didatena nire obran islatzen saiatu izan naiz. Bizirautea artearekin gero eta gehiago lotzen ari naiz aspalditik. Zentzu horretan zorteduna naiz: urteekin badakit pertsona bakoitzarengandik zer ikasi nahi dudan, zein estrategia ikasi behar dudan bizitza gero eta zentzugabeago honetan bizirauteko. Bere garaian marketing ikasketak egiten hasi nintzen eskola pribatu batean eta hangoek beraien hezkuntza niri saltzeko gaitasunik ez zutela ikustean ohartu nintzen bestelako maisu batzuk behar nituela. Gazteagotan neure buruari esaten nion: galtzailez betetako mundu bat dago hor aurrean, baina hara iristen banaiz irabazle izateko iritsiko naiz… Orain nahikoa daukat nire kondizioa onartu eta maite dudan galtzaile koadrilarekin pote bat hartzea.

Liburua argitaratu aurretik irakurtzeko aukera izan dugun bi lagunen artean bi izen aipatu ditugu: Cormac McCarthy eta Jose Saramago. Litekeena da ez bataren ez bestearen eragina jaso ez izana, baina jaso duzu egileren edo eta obraren baten eraginik?
Cormac McCarrthyren The road liburuaz ariko zara noski… liburu horren berri Erlojugilea bukatzen ari nintzela jakin nuen eta zoritxarrez edo zorionez ez dut oraindik irakurri. Lagun batek esan zidan baduela nireak gaiari eta estetikari dagokienez antzekotasuna… ez dakit. Jose Saramagoren kasuan eragina oso zuzenekoa da, Ensayo sobre la ceguera irakurri ostean piztu zitzaidan niri Erlojugilea idazteko gogoa… Ideien trataera, hiriaren estetika, darabilen hizkuntza… izugarria iruditu zitzaidan Saramago. Eta beste zenbait liburu eleberria idazteko prozesuan esku artean izan ditut, bereziki Pedro Paramo… hala ere, badaude bestelako eraginak ere deskribapenei dagokienez behintzat, txikitan anaia nagusiei lapurtzen nizkien komikietatik hartutakoak kasu: Cimoc, Zona84, Bivora… Eta, nola ez, nire Eibar maiteko kale eta auzo dekadenteena. Beste lagunen batek aipatu izan dit Baricco, Saint Exupery edo Fermineren ukitua duela.

Publikoki aitortzeko aukerarik izan ez duzum arren, lagunartean aupatu izan duzu liburu hau trilogia baten parte dela. Hala bada, zeintzuk dira trilogiaren ardatzak? Badu izenbururik? Aurreratu al duzu ezer?
Erlojugilea trilogia baten bigarren kapitulua izateko jaio zen, bertan landu nahi nuen ideia nagusia etikaren eta moralaren arteko borroka zen. Trilogiaren eskema guztia daukat idatzita, baina ez dakit noiz izango dudan berriro lehen kapituluarekin segitzeko adorea. Lehen kapituluan gerraz hitz egiten da eta hirugarrenean botereaz. Hala ere, oraingoz nahiago dut pentsatu Erlojugilea irakurtzen duenak ez duela beste bi liburuen muga hori eduki behar, trilogia baten ideiak nahikoa mugatu bainau ni eleberria idazteko orduan… eta hori izan da nire akatsetako bat: Erlojugilea idazten nenbilen bitartean hari asko solte uzten joan nintzen beste bi liburuetarako zerbait uztearren… eta gero benetan sufritu dut akats hori zuzentzen, alegia, etorkizunean zer etorriko den ez pentsatzen eta eleberria bakartzat mimatzen.

Oker ez banago, poesia idazten zabiltza. Jakin daiteke zer idazten ari zaren?
Bada hiri gorri bat liburuaren jarraipena da, baina ez du harekin zerikusirik. Azken poemak zuzentzen ari naiz eta esan dezaket ez naizela inoiz ahots poetiko batekin horren gustura egon. Berezko musikaltasuna bilatzera joan banaiz ere, hurrengo diskorako bertako poema batzuk musikatuko ditut. Bi gauza bakarrik aurreratu ditzaket: bata, izenburua, Hiri gorritik, eta bestea, bertan azaltzen den hiria Erlojugilean azaltzen den inongo hiriaren berdina dela.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta