EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asier Serrano Lasa > Hemeroteca

eitb24

2007-12-08 "Iraganeko mamuak uxatzen lagundu dit" |

Oroitz Manterola

Eskuetan mapak nobela idatzi du Eibarko musikari eta idazleak, berak bizitakoak eta fikzioa nahastuta. Horrek "iraganeko mamuak uxatzen" lagundu dio. Letren lilurapean badabil ere, bakarkako diskoa iragarri du udarako.

Gertakari latz batekin hasi duzu liburua, suizidio batekin. Zuk zeuk gertutik bizi izan duzun egoera da. Zer espero dezake hortik aurrera irakurleak?
Liburuak garai hori du abiapuntu, 1989. urtea. Eibar inguruko gazte batek bere buruaz beste egiten du aitaren eskopetarekin. Metafora bat dago hor, metaforez josita dago liburua. Eskopetaren zuloa batetik, protagonisten zulo animikoak ageri dira liburuan, eta eskopeta bera, Eibar armagintzarekin lotuta dago, herri armatua izan da.
Suizidio batek markatu egiten du, ez ni idazle moduan, baizik eta ingurukoen artean arrastoa utzi du. Testuinguru hori islatu nahi nuen.

Iraganeko mamuei erantzuteko era bat izan da, zure hitzetan. Katarsirako balio izan dizu liburuak?
Askotan ukatu dut liburua autobiografikoa dela baina zentzu askotan bada. Pertsonaiak fikziozkoak dira baina situazioak, batzuk, nik bizitakoak dira. Literaturak badu dohain hori, errealitatea eta fikzioa nahastekoa. Azken batean, liburua garai hartako kronika bat da.
Fikziozko pertsonaia horiek badute esanahia niretzat, lotura pribatua dute. Horregatik diot mamuak uxatu ditudala. Fikziozko pertsonaia horiek oinarri dituzten benetako pertsonaia horiei egindako omenaldia dago liburuan.

Lasaitua hartzeko modukoa da hori…
Bai, batetik ikasketa prozesu bat izan delako. Sei urte neramatzan libururik argitaratu gabe eta hau zen nire lehengo nobela. Umiltasunez hartu dut idaztearena. Literaturara berriro hurbiltzeko aitzakia zen.
Bestetik, Eibarrera itzultzeko balio izan dit. Kanpoan, herritik kanpo, eman ditut azken 10 urteak eta Eibarrekin bakeak egiteko aitzakia izan da liburua. Hustu egin naiz, 32 urterekin eta furgoneta aparkatuta dudala.

Harkaitz Canok hitzaurrea egin du eta konfiantza hartzen lagundu omen dizu.
Aspalditik ezagutzen dut Arkaitz, Lubaki Bandaren garaitik. Gure kritiko onenak gara. Berak animatu nau idaztera. Nik beldurra nuen literaturara itzultzeko. Arkaitzek berak eta inguruko beste lagun batzuek esaten zidaten "kontatu behar duzu"; garai harekin bukatu behar nuen.
Nire mugak onartzen ikasi dut eta idazle abizena nire izenaren atzetik jartzen ere. Batez ere horretan lagundu dit Arkaitzek.

Letren lilurapean ibili zara azkenaldian (nobela, poesia liburua…). Baduzu proiektu musikalik edo aparkatuta dituzu?
Aparkatuta? Inoiz ez. Nik beti esan dut sortzailea dela nire lana. Ni kontugilea naiz, kontu horietako batzuk poesia bilakatuko dira, beste batzuk ipuin, eta beste batzuk, abesti.
Beste nobela bati ekin diot. Guztiz ezberdina. Disfrutatzen ari naiz. Gaia gizakiaren etika eta morala izango da, asko interesatzen zait.
Disko berri bat grabatzen hasiko naiz udan. Bihotz nagiak kontzeptuaren inguruan arituko da. Inoiz baino garrantzi gehiago emango diet hitzei, estilo jakin bati. Zentzu horretan, apustu berri bat dut. Ni bakarrik gitarra akustikoarekin.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta