EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asier Serrano Lasa > Hemeroteca

Euskaldunon egunkaria

2002-02-16 Ateaz bestaldekoa | Ibon Egaña

Nork ez du behin ere irudimenarekin jolas egin eta iluntzean hirian banan-banan pizten doazen leihoez bestaldeko biztanleak irudikatu; haiei izenak jarri edo bizitza posible bat asmatu? Bada, antzeko jolasa proposatzen digu Asier Serranok Hoteleko kontuak liburuan. Hotel bateko korridoreetan kokatzen gaitu eta, gelaz gela, ateaz bestaldeko pertsonaia eta bizimodu posibleak irudikatzen dizkigu. Inon ez den eta aldi berean edonon izan litekeen hotelera garamatzate narrazioek.

Hoteleko gelen zenbakiak ezarri dizkie idazleak narrazioei izenburu gisa, baina zenbakien hoztasun eta inpertsonaltasuna zeharkatu eta geletako pertsonaien sentimenduen berotasuna erakusten digu egileak. Ateak espazio pribatua eta publikoa banatzen ditu, ni eta besteak bereizi, baina, ixteko bezala irekitzeko ere badirenez, ateak ireki ahala gizon-emakumeen alderdirik intimoenak ezagutuko ditu irakurleak. Biluzik agertzen baitira hotel honetako bezeroak, sentimenduen aldetik biluzik, beren xumetasun osoan. “Bertan ostatu hartzen duten bezeroak ez dira ohikoak” ohartarazten digu Seranok hitzaurre-gisako lehen narrazioan. Pertsonaia arruntak dira, ordea, narrazio hauetako protagonistak: autobus-txoferra, hilurren dagoen amona, etorkina… Beren arruntasunean dira ezohiko, sentipen eta bizipenen mugan bizi direlako: bizitzaren eta heriotzaren arteko lerro estuan, maitasunaren eta gorrotoaren arteko mugan, edo ahanzturaren eta oroimenaren artean.

091. gelako atea irekiz gero, Mustafa Italiara emigratutako berberea ezagutuko dugu; 11. gelan aspaldiko amodioa oroitzen duen gizona; eta irribarrea galdu duen pailazoa 274an. Bizitza zatiak aurkitzen ditugu hoteleko geletan barreiatuta. Beste batzuk ere izan zitezkeen, baina bizitza, pertsona eta harreman posible hauek aurkezten dizkigu idazleak. Bizitza bera, azken finean.

Heriotza eta oroimena

Hotelaren bidez bizitzaren metafora ederra osatu du gipuzkoarrak. Hotelean ostatu hartzen duenak badaki behin-behineko egoitza duela hura, eta bizitzarenean ostatu hartzen duenak ere ez du betiko egonaldia. Hala, bizitzarekin batera heriotza ere topatuko dugu geletako ateak zabaldu ahala. Heriotzaren presentzia ia obsesiboa baita narrazio hauetan, bere molde eta tankera guztietan: azkenetan dagoen amonaren heriotza barea, skinhead-ek garbitutako etorkinaren heriotza bortitza, bere burua urkatu duenarena, edo istripuz aurkitutako heriotza. Giro hits eta malenkoniatsua sortzen du heriotzaren hurbiltasun etengabe honek. Hala ere, tremendismotik urrun kokatzen da Serrano, eta xamurtasunez aurkezten du tragediarik handiena ere, tristurazko irribarre bat sortuz irakurlearen ezpainetan.

Heriotzarekin batera, oroimena da idazleak etengabe lantzen duen gaietako bat. Ipuinetako gizon-emakumeak ahanzturaren aurkako borroka etengabean ari dira, eta ahanzturaren aurka egitean, heriotzaren aurka ere egiten dute. Ahanztura, herio goxoa dio kantuak. Hotelera doazenak oroitzapen bat berreskuratu nahian doaz zenbaitetan, oroitu nahirik iragan berri bat aurkituko dute bestetan, edo, ustekabean, ahantzi nahi luketen iraganarekin topo egingo dute gela anonimoan. Denek dute zer oroitu eta zer ahaztu hotelean. Baina beti ez dugu gogoratzen nahiko genukeen hura eta iragana ere ez da maiz irudikatu nahi dugun bezalakoa.

Narrazioz narrazio agertzen den sentimenduen aberastasunak eta ipuinen tonu triste, nostalgiko eta malenkoniatsuak harrapatu egiten gaitu. Ondo asmatzen du Serranok giro hori sortu eta irakurlea pertsonaiekin identifikatzen, haien bizipenekin bat egiten. Agian, zenbaitetan, sentimentalkeriara irrist egiten du sentimentalismoak, baina, oro har, lirismo ongi neurtua darie liburuko orriei eta hunkitu egin gaitu liburuak.

Bihotzeko ateak

Apokaliftin kultur elkarteak kaleratutako lan honetan, bestalde, poemak ere aurkitzen ditugu kontakizunen artean. Hiri izenak dituzte poema hauek, eta gertutik hasita mundu zabaleraino garamatza Serrano poetak: Donostiatik Samarkandaraino, Paris eta Rancaguatik barrena. Hiri izen hauek, ordea, gehiago dira pertsona izenak, maitasun ezinezko, iraganeko edo zapuztuen izenak. Zu galduaren bilaketa nekagaitza da poemen ardatza, hiriz hiri. Absentzia eta bakardadea da, ordea, aurkitzen dugun bakarra. Izan ere, poetak esan zuen: “Berton zeure bizitzea hondatu duzun bezala,/ zoko txiki honetan, mundu osoan galdu duzu”.

“Aita, zure bihotzeko gelak ireki dizkidazulako…” dio idazleak liburu hasierako eskaintzan. Guk ere susmoa dugu Asierrek bere bihotzeko ateak zabaldu dizkigula eta horregatik estimatzen diogu Hoteleko kontuak hau.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta