EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Arantxa Iturbe Maiz > Hemeroteca

Hitzen Uberan

2017-04-07 Arantxa Iturbe: “Idazten ari naizenean, entzuten ari naiz etengabe” | Uberan

Irakurri dut sarritan galdetu dizutela ea zergatik pasa duzuen Koadernoa zuri antzerkitik narratibara, baina nik hori baino are lehenagoko zerbaitetara nahi nuke jo: nola sortu zen obra bera, bi pertsonaia horiek, korapiloa…

 

Agurtzanek eta biok 15 bat urte daramatzagu honezkero elkarrekin lanean eta normalean beti hasten gara kafe bat bueltan, esanez zer egin genezakeen, nola egin genezakeen… eta hori bion artean egiten dugun gauza bat da. Oso zaila zait esplikatzea egiatan non dagoen hasiera. Berak konpainia bat dauka, eta etengabe eman behar dio jaten: batzuetan beste soluzio batzuk bilatzen ditu baina normalean elkarlana egiten dugu. Nik neuk badaukat obsesio bat, betidanikoa, baina gero eta garatuagoa: entzumena eta soinuak. Bai daukat gogoan lehen bilera hartan Agurtzaneri esan niola egin behar genuela zerbait oholtzarako, baina oso soinuei lotua. Oso garbi neukan nahi nuela pertsonaia bat gela batean entzerratua, eta handik bizitza entzuten zuena. Aitzakia bat edo arrazoi bat sortu behar zitzaion horri, eta, orduan, pixkanaka-pixkanaka joan ginen ahizpen historia sortzen.

 

Ez da lehenengo aldia Agurtzane Intxaurragarekin lan egiten duzuna. Zer ematen diozue elkarri?

 

Berak ematen dizkit begiak eta nik ematen diot belarria, oso nabarmen. Bera da teatroko emakume bat, goitik behera, eta ni naiz askoz gehiago hitza baloratzen duena. Oso ondo ulertzen dugu elkar, hainbeste urte eta gero, gainera… Agindu surrealistak jasotzen ditut, gaueko 12etan, adibidez, whatsapp batean: “Aran, hirugarren eszenak izan behar du pittin bat krudelagoa baina poesiari utzi gabe”. Ados, zure agindutara.

 

Eta ematen diogu elkarri batez ere konfiantza, askatasuna eta errespetua. Hori ere oso polita da. Nik oso garbi daukat, hitz batzuk idazten ditudanean, berak erabiltzeko direla, berak mundu hori eraikitzeko, eta berak eraikitzen du mundu hori bere erara, beti kontsultatzen eta galdetzen dit, baina bera oso libre da nahi duena egiteko, eta ni oso libre esateko zerbait ez zaidala gustatu.

 

Beraz, ez zara posesiboa zure testuekin?

 

Kasu hauetan, batere ez. Oso aberasgarria iruditzen zait bere ikuspegia gainera. Sarritan ez dugu konpartitzen, oso ezberdinak gara izaeraz, lan egiteko moduan, eta oso polita da ikustea nola soluzionatu dituen zenbait gauza, neuk ez nuke hortik joko txoratuta ere, edo gaitasun faltagatik edo estetikoki beste zerbait asmatzeko ahalegina egingo nukeelako, baina behin testua egin eta gero, lotua dagoen unetik aurrera, beren lan-tresna da, eta ni joaten naiz ensaioren batera, ikustera ea zer eraiki duten, eta normalean sorpresa dexente hartzen ditut. Estreinaldira ez naiz joaten zeren kriston paniko eszenikoa ematen dit, beldurra pasatzen dut. Hala ere, normalean, lehenengotik azkenera errespetatzen dituzte hitzak.

 

Nondik datorkizu antzerkiaren harremana?

 

Nik ez neukan batere loturarik, eta gaur egun ere esango nuke ez daukadala loturarik antzerkiarekin profesionalki ez bada: mundu arrotza egin izan zait. Iruditzen zait kristorena egiten dutena, hola jendaurrean atera eta… Nik uste ez dudala sekula nahikoa estimatuko zelako lana egiten duten.

 

Nik baneukan lehenagotik kontaktu pertsonala Agurtzanerekin, baina Ai ama! argitaratu nuenean hasi zen dena. Berak irakurri zuen eta kontatu zidan lur jota geratu zela, bere esperientziak ez zeukala batere zerikusirik nik liburu hartan kontatzen nuenarekin, baina aldi berean asko gustatu zitzaiola bizipen ezberdin horiek ezagutzea. Antzezlan bat egin nahi zuen, eta Agurtzane da pertsona bat konstantea, ez du etsitzen, ideia bat sartzen bazaio ez da sekula desanimatzen. Beraz, berehala hasi ginen Ai ama! teatrorako prestatzen, nire testuak oinarri moduan hartuta baina beste esperientzia batzuk sartuz. Eta han hasi genuen bidea jarraitu dugu orain arte.

 

Aldatu al da zure ikuspegia?

 

Erreparo handiak dauzkat oraindik antzerkiarekin, saiatzen naiz ikusten, beste zer dabilen, baina interes profesionalagatik batez ere, irrati lanerako. Musikaren ondoren, antzerkia izango da bizien dabilena: edozein ertzetan dago antzerki talde bat, sekulako ilusioarekin gauzak egiten, eta horregatik saiatzen gara tarte bat ematen irratsaioan. Bestalde, orain nik ere obra batzuk idatziak ditudanez, jakin nahi dut jendea zertan ari den, zer klabetan. Baina antzerkiak biolentatu egiten nau, gogorra egiten zait; uste dut zuzeneko gauza guztiek eragiten didatela hori. Liburuak askoz gauza intimoagoa dira, askoz ere zeureagoa, ez zaitu inork ikusten, ez zaitu inork entzuten; negar edo barre egin dezakezu nahi duzun bezala. Antzerkia, ordea, oso fisikoa da, oso aurrez aurrekoa.

 

Iruditzen zitzaidan antzerkiaren lotura hori hitzaren ahozkotasunetik etor zitekeela, irratiak eta antzerkiak hortxe egiten dutela bat: hitza dagoela, baina esatekoa dela. 

 

Bai, ahozkotasuna da bietan garrantzitsuena, eta idazten ari zarenean oso presente daukazu esateko hitzak direla, bai irratian eta bai antzerkian. Igual horrek lagundu dit pittin bat lan horretan eroso sentitzen. Ni, idazten ari naizenean, entzuten ari naiz etengabe. Ari naiz boz goran esaten bezala. Eta hori egiten dut eguneroko ofizioan eta bestean.

 

Zenbait urte egin dituzu ezer argitaratu gabe, nahiz eta idatzi. Hautu kontzientea izan da ala hainbat faktoreren ondorio?

 

Bietatik. Nik daukat lanbide bat asko asetzen nauena: asko asetzen nau ni pertsona bezala eta, bestetik, nire lanari esker, aseak dauzkat banitatea eta egoa eta gauza batzuk egiteko hain beharrezkoak eta batzuetan hain negatiboak izan daitezkeen gauza horiek denak. Ez da egun guztia ematen dudala lan mekanikoan eta nahi dudala nire gloria momentua; nire gloriatxo momentuak, bere ttikian, badauzkat. Eta argitaratzeak badu pixka bat hortik: hau egin dut, eta, tori, erakutsiko dizuet eta ea zer gertatzen den. Gero, ea zer gertatzen den horren ondoren, bi erantzun posible daude, bat da oso positiboa baina bestea da ikaragarri gogorra.

 

Erantzun horrek beldurra sortzen al dizu?

 

Beldurra hitz handia da… baina ez naiz plaza emakumea. Badakit oso kontraesan handia ematen duela irratilaria izanda, jendeari kosta egiten zaio ulertzea, baina ez da pose bat. Ni, nire burbuilan, oso ondo sentitzen naiz kaskoekin eta mikrofonoarekin, oso nire tokian, parez pare daukadan pertsona batekin, edo birekin edo hirurekin, baina ez jarri sei. Seirekin ja ez dut menperatzen territorioa. Eta publikatzea bada hein batean jendearen nolabaiteko epaiaren zain geratzea.

 

Epaiaren zain geratu zaren horietan, zer moduz?

 

Lehendabiziko liburuarekin oso gaizki pasatu nuen, baina gaizki benetan, eta hori dena izanik zoragarria, gainera normalean hemen ez dago kritika suntsitzailerik, baina iritsi zen momentu bat emakumea, gaztea eta promesa izatearen kontu hori pisua egiten zitzaidana. Deitzen zizuten esateko mahai-inguru bat egin behar zutela emakume gazte promesekin eta baneukan gogoa baten bat borratzeko, edo emakume edo gazte edo promesa, zerbait. Badakit esker txarrekoa geratzen dela eta jendeari asko kostatzen zaiola ulertzea baina nik horrela bizi izan dut.

 

Hala ere, argitaratu dituzu bospasei liburu.

 

Beti argitaratu izan dut kasualitatez edo konpromisoz. Nahi dudana egin dut, baina beti nolabaiteko enkarguz. Lehenbiziko liburua etorri zen ipuin-lehiaketa batzuk irabazi nituelako gaztetxotan, galdetu zidaten ea ipuin gehiago neukan, ez neukan, egin nituen beste batzuk eta publikatu zituzten. Gero Inazio Mujikak eta hauek Alberdania ireki zuten eta esan zidaten: izango duzu zerbait! Nik, izan, ez dut ezer, horretan ere oso irratikoa naiz, di-dakoa, gauza bat egin eta horretarako edo hartarako izan behar du, bestela borratu egin izan dut. Oraintxe hasi naiz aldatzen.

 

Ai ama! izan da nire bizitzan lan bakarra egin dudana nahi nuelako, nahi nuen eran eta neuk galdetu nuen Alberdanian ea halako gauza batek tokirik ba ote zuen. Hura izan zen behar nuelako egin nuen gauza bakarra, behar nuen momentu hartan ez sentitu umeari bakarrik jarrita nengoela, zeren, askotan kontatu dut, baina nik gainera eszedentzia hartu nuen, pentsatuz izugarri disfrutatuko nuela, eta bai zera… Tira, ez dut berriz kontatuko.

 

Eta Koadernoa zuri hau, nolatan?

 

[Xabier] Mendigurenek horretan oso begi ona du, eta aipatu zidan aspaldian antzerki asko egiten ari nintzela, eta akaso argitara zitekeela zerbait. Niretzat antzerkia ez da argitaratzeko; ea, irakurtzen dut, baina oso lan-tresna egiten zait, hainbeste akotazio, indikazio… Horiek kendu litezke, noski, baina pentsatu nuen esperimentu bat egitea: hartuko dut historia hau, nahiko harilkatua dagoena, eta saiatuko naiz beste formatxo bat ematen, eta gertatu zitzaidan, eta hori bai esaten dut oso satisfetxa, hala eta hola moldatu eta gustatu zitzaidala emaitza, irakurle bezala ere. Momentu batzuetan eduki nuen tentazioa istorioa luzatzekoa, detaile gehiago sartzekoa (bakarren bat sartu dut, ulermenari laguntzeko), baina bueno, azken batean, hau ere enkarguz aritu naiz egiten, ez da nire-nire gauza bat, beraz halaxe pasatu nien, ontzat jo zuten, eta aurrera.

 

Ama-alaben eta ahizpen arteko harremanei buruzko lana da, bai, baina zuk beste elkarrizketa batean esan duzun moduan, bada, era berean, arau zorrotzen aurrean har daitezkeen bideei buruzko lan bat, eskolan ere gerta litekeena adibidez.

 

Bai, eskolan, gizartean… Irakurle bezala hartu, eseri, eta osorik irakurrita, zera iruditu zitzaidan, hor zegoela istorio bat unibertsala, arau zorrotz batzuk, kasu honetan fedeari lotuak, belaunaldi jakin bateko emakumeek seguruena sufritu dituztenak, gure aurrekoek geuk baino gehiago; baina gehiago da hori, zuri jartzen dizkizuten arauen aurrean zer egin, eta ez dute zertan izan arau hain itogarriak, kontua da arau baten aurrean aukera mordo bat dauzkazula, eta justu hemen daudela bi muturretakoak. Ez da batek kontra egiten diela arauei eta borroka egiten duela, ez, desagertu egiten da, esaten du ni banoa eta kitto. Beste gajoak egiten duena da, erabat obeditu, eta gero bere bizitza paralelo bat eraiki hala nola.

 

Bi ahizpak gazteak zirenean, argi ei dago, bata zen ausarta eta bestea esanekoa. 20 urte pasata berriro elkartzen direnean lausoago dirudi denak: Arratek Begoñari leporatzen dio pertsona ausartek ez dutela ihes egiten.

 

Niri gainera ez zait iruditzen pertsonaietako bat oldarkorra denik, iruditzen zait ihes egin duen pertsona bat, oso jarrera gizatiarra bide batez, bestearena adina, baina ez da oldarkorra, momentu batzuetan bai egiten dio kontra amari, baina ezkutuan, umekeriatan. Gauza serioetan ez da ausartu amarekin hitz egiten. Seguruena ez zeukan aukerarik oldarkorra izateko, eta horregatik erabaki du alde egitea.

 

Begoñari gertatzen zaiona da, alde egiten duela, tokatu zaion herrialde batera, eta poz-pozik dagoela, dena da kolorea, eta hara non maitemindu egiten den eta total han ere gertatzen zaion halako zerbait: bere senarrak erabaki du beste emakume batekin ezkontzea, arauengatik, amak eskatuta, tradizioak hala agintzen duelako… Imajinatzen dut emakume horren egoera: alde egin du, utzi ditu bereak, utzi du dena beste bizitza bat egiteko, eta doan tokian zerekin egingo topo eta gauza igualarekin. Azken batean mundua ez da hain diferentea, toki guztietan daude tradizioak, daude arauak, daude pertsonak horietan oso ondo moldatzen direnak, eta daude pertsonak ez direnak ondo moldatzen. Begoña bueltatzen da pixka bat joan zen bezala, ihesi berriro, eta hemen baldosa berean egiten du topo ahizparekin, eta hasten dira elkar errekonozitzen.

 

Gaia bereziki interesatzen al zitzaizun?

 

Kasu honetan uste dut Agurtzanek botatako ideia dela ahizpen historia. Agurtzanek beti jotzen du familia harremanetara, berak beti esaten du oso gai unibertsala dela. Ez dakit kontatzen hori nola hazi zen. Bai daukat oso garbi hasierako historian bi ahizpak zeudela oso presente, liburuan bezala. Antzezlanean ikusi egiten dira oroitzapenak eta beraz ama agertzen da, nahiz eta hila egon, bizilaguna agertzen da... Liburuan aipamenak dira, bi ahizpek protagonismo handiagoa daukate.

 

Aipatu duzu eta galdetu nahi nizuke Brijida bizilagunaren pertsonaiaz, arreta eman dit-eta.

 

Niretzat, Brijida da bizilagun bat, neska koskorrak izugarri maite dituena. Bakarrik dago, egun osoa pasatzen du irratia entzuten, eta bi neska koskor horiek dira bere bizipoz guztia. Imajinatzen dut haurrak, txikitan, ibiliko zirela egun guztia gora eta behera, eta ama beldurtu egingo zela, zeren emakume hori da bastante xelebrea. Emakume xelebre bat da eta emakume xelebreak peligrosoak dira. Ez dakizu zer idea sartuko ote dizkien umeei buruan, nahiz eta Fatimako katiluak ekarri. Brijida ez dago ezkonduta, ez dauka umerik… ebidentemente, ez da herriko outsider-a, baina amarentzat bada gauza peligroso bat bere umeek halako emakume bat ezagutzea, ez zaio komeni. Ez naiz hori baino urrutiago joan. Brijida da beste emakume bat garai horretakoa, fededuna, baina, seguruena, neska koskor hauen fantasiak eta entzuten dituena, ez beren amak bezala. Imajinatu ditzaket irrati-nobela bat jarri eta kontu-kontatzen. Gero, noski, bat desagertu zaio, eta seguru asko amak adinako pena izango zuen Brijidak, eta gaztea, berriz, ikusi du hazten ez oso zoriontsu baina kanpora begira gauzak oso ondo eginez.

 

Zergatik eman diozu halako garrantzia fedeari?

 

Iruditzen zaidalako gauza asko hondatu dituela, eta fedeak adina hondatu gaituztela hobe beharrez hartu diren erabaki askok. Zenbat gurasok ez ote dituzten, hobe beharrez, seme-alabengatik, gauzak gaizki egin? Ezin dut beste era batera esplikatu, mina egin dute, hobe beharrezko istorio horrekin mina egin dute on baino gehiago, eta hobe beharrez egin dute, sinetsita hori zela bidea eta hori zela beren ondorengoei bizitza zoriontsu bat ekarriko ziena. Orain ari gara, hobe beharrez, justu kontrakoa egiten, eta ez dakit zer punturaino leporatuko diguten egunen batean. Orain ari gara, hobe beharrez, ahal den askatasun guztia uzten. Nik daukat 19 urteko seme bat, eta akaso 30ekin esango dit hobe izango litzatekeela apur bat bideratu banu.

 

 

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta