EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Anjel Lertxundi Esnal > Hemeroteca

Deia

2004-10-12 Isilean gorde duguna, hitzetan | Igor Estankona

Bartolok hankaperatutako Maritxu, Bereterretxeren hiltamu sakona, grazia miragarri batek berpiztutako hainbat pasarte ustez ezdeus, Italo Calvinoren pertsonaia bufo eta malenkoniatsuak diruditen geriatrikoko atso-agureek osatzen duten hari nagusia…eta oroz gain, edo dena bilduz, erritmoari eta hitz egokiari eskeinitako asti eta txera guztiak. Anjel Lertxundiren konpainia noblean egotea plazer hutsa izan da, paragrafo perfektu batek beste bati eman dio segida, txirikorda eder bat berakatz bakoitzaren edertasunak sortzen duelako.

Izan ginena eta garena elkarrizketan jarriz —”Barrurdin”, “Txomin”, “Bereterretxe”…— bi pieza erraldoi horiek elkarren artean uzten duten arrakal sakonetik sortu da liburua. Euskal unibertsoaren birkreazioa dela dirudi. Tradizioa ez, baina honen gainean guk egiten dugun interpretazioaren hutsezintasuna dudan jarriko balu legez, agirika egin du Lertxundik gure arbasoek esanda utzi zutenaren azalean, izkutatzen duenaren fikzioa egiteko batzutan, errepikapenak kamustutako punta zorrozteko beste batzutan.

Baliteke irakurlearen intuizioak berez asmatutakoak izatea goiko irudipen baieztaezin horiek, eta baliteke tradizioak gugana ekarritako unibertsoaren zatiak elkarren artean lotuz berez iristea, ia igarri barik, tesi horretara. Baina dudarik ez dago, bidea norberak egin behar duen arren, ezinezkoa dela abstrakzioa egitea, eta bisturiaz bereiztea liburu honen arima eta gorputza. Hainbeste edertasun zerbaiten zerbitzura dagoela pentsarazten dio bati, bidea eta helmuga biak bat direla, biak bat izan behar dutela derrigor. Agindu ere, bide ia ikusezin batetik agintzen du irakurlea Anduk, eta esaten dio: galtzadako harriak erakutsiko dizkizut, galtzada erakusten dizudan bitartean. Mosaikoaren eta teselen auzia, egiaz, akabu-bakoa da, baina kontua da Lertxundik hain modu arin eta gozoan idatzitako hausnarketa, ikasgai edo istorio bakoitza maisulan bat dela berez, eta denek batera osatzen duten irudia, ostera, konstelazio total bat.

Horregatik da hain gaitza lan honen aniztasuna trazu gutxi batzutan azaltzea. Detaileak koadro osoaren pigmentuak izan ohi ditu, miniaturak tamaina errealaren eitea duen legez. Gehiago ezin nezake esan, iruditzen baitzait azalpenak berak itoko lukeela, bere elokuentzia moderno eta iragankorrarekin, infinitutik etorri eta hain zuzen infinitura begira dagoen liburu honen xarma leuna.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta